Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko apustuari eusten dio Aldundiaren 2017ko aurrekontu proposamenak

Etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzeko apustuari eusten dio Aldundiaren 2017ko aurrekontu proposamenak

Gaur Foru gobernuaren departamenduek hurrengo urterako aurrekontuak aurkeztu dituzte Batzar Nagusietan

2016/11/03

Diputatu Nagusiaren alorra

Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiaren Alorrak 18 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, foru erakundeak aurkeztu duen proiektuaren arabera. Onartuz gero, 2016 urtearekiko milioi bat euroko hazkundea litzateke, aurten baino %6,15 gehiago. Diputatu nagusiak, Markel Olanok, adierazi du igoeraren zatirik handiena Etorkizuna Eraikiz programa gauzatzera bideratuko dela. “Lurraldeko etorkizuna gizarte antolatuarekin elkarlanean eta berrikuntzaren bitartez diseinatzeko erronka jarri genion geure buruari, eta datorren urtean ere norabide honetan jarraitzeko baliabideak aurreikusi ditugu gure aurrekontuetan”, esan du.

Etorkizuna Eraikiz-en koordinazioa Kudeaketa Estrategia zuzendaritzatik ari dira egiten, eta esparru honetan hartutako konpromisoak betetzen jarraituko dute: Gipuzkoaren eraldaketarako proiektu berritzaileak, unibertsitateekin hitzarmenak, laguntza-lerroak eta Gipuzkoa Taldean-en hausnarketa estrategiko partekatua. “Herritarrak etorkizunagatik kezkatuta daude, krisialditik irteten ari garen honetan hartzen dugun norabideak zehaztuko du nolako lurraldea izango dugun etorkizunean. Eta horretan ari gara Etorkizuna Eraikiz programaren bitartez”, esan du Olanok gaur goizean Gipuzkoa Batzar Nagusietan.

Zerga iruzurraren aurkako borroka indartzeko apustua

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokionez, zerga iruzurraren aurkako jarduketa jarri du aurtengo legealdian helburu Jabier Larrañaga ditutatuak estrategia bezala, eta horretara bideratuko da 2017ko aurrekontuan departamentuak proposatutako hazkundea. Guztira, 44,4 milioi euro kudeatuko ditu arloak, pasa den urtean baino 2,1 milioi gehiago (+%5,07). “Giza baliabide eta euskarri informatikoetan inbertsioak egitea dugu xede, zerga iruzurraren aurkako lanketan eraginkorragoak izatea ahalbidetuko diguna”, esan du Larrañagak.

Diputatuak aurrekontu orokorraren aurkezpena egin du lehenengo, eta ondoren bere departamentuak kudeatuko dituen baliabideen berri eman du. Giza baliabideen arloan, iragarritako 45 langileen kontrataziorako lehen faserako baliabideak jarriko direla nabarmendu du Larrañagak, lan poltsa, enplegu publikoko eskaintza eta hautapen prozesuetarako baliabideak jarriz. Zehazki, 1,8 milioi gehiago bideratuko dira giza baliabideak indartzera.

Klima aldaketari aurre egiteko programa

Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak departamentuko aurrekontuak jarraian aurkeztu ditu Batzar Nagusietan. Aurrekontua %10,53 igo da. Izan ere, 21,5 milioitik 23,7 milioira pasa da. Ingurumen arloan %6 igo da eta Obra Hidraulikoen arloan, berriz, % 3. Ingurumenak 14,9 milioi izango ditu, hau da, %63, eta Obra Hidraulikoak, berriz, 7,6 milioi; hau da, % 32.

Asensiok azaldu du proposatutako hazkunde horrek behar bati erantzuten diola: “ingurumenaren arloko erronkei heldu behar zaie, eta lurraldearen jasangarritasunerantz aurrerapausoak eman behar ditugu, klima aldaketari buruz Parisen egin zen gailurrean ezarritako helburuak betetzeko”.  Azaldu duenez, Departamentuak programa berri bat sortu du klima aldaketari aurre egiteko, eta horretarako 661.000 milioi euro bideratu ditu. Programa berri horren helburua da Gipuzkoako lurralde estrategia garatzea klima aldaketari aurre egiteko. Estrategia horretan funtsezkoak izango dira gainerako maila instituzionaletan egingo diren ekintzak eta planak.

Aldundiaren kudeaketaren eraldaketa

Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko departamentuak 2017an 48.848.947 euroko aurrekontua edukiko du, iaz baino %4,26 gehiago, modu honetan banatuta: 4.352.800 euro Suaren aurkako Babes eta Salbamendu Zerbitzurako, 3.838.500 euro Aldundiko Zerbitzu Orokorretarako, 2.172.100 Funtzio Publikoak, 35.004.529 Zerbitzu Orokorretarako, 2.159.108 Modernizaziorako eta Zerbitzuen Hobekuntzarako, 342.600 arlo juridikoko Idazkaritza eta Aholkularitzarako, 770.310 Herritarren Partaidetzarako, eta 209.000 Kanpo Harremanetarako.

Imanol Lasa diputatuak azpimarratu duenez, “Aldundiaren kudeaketa eraldatzen jarraitzeko euskarri nagusia” izango da departamentua. Gobernantza ona erakundearen ikur bihurtzea izango du aurten ere helburu nagusi, bai barne funtzionamenduaren alorrean, eta baita Gipuzkoako herritar eta eragileen harremanetan zein haiei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan ere. “Erronka bikoitza dugu: alde batetik, makinaria modernizatu eta berritzea, hau da, etxeak dauzkagun baliabideak modu eraginkorrean antolatzea etorkizunari aurre hartuz, eta bestetik, gardentasunaren, irekieraren eta herritarren partaidetzaren alde egitea”.

Apustu estrategiko berriak eta berrikuntza

Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatu Ainhoa Aizpuruk 2017rako prestatutako aurrekontuak aurkeztu ditu, eta nabarmendu  “ekonomiaren susperraldia finkatu eta sektore, eskualde eta herrigune guztietara zabaltzeko apustuari eutsiko” diotela aurten ere. Bide horretan, 2017an zehar, egitasmo berritzaileak eta lurralderako estrategikoak diren sektoreetan apustu berriak bultzatuko ditugu”, adierazi du Aizpuruk. Departamentu honetara guztira 70.000.666 euro bideratzea aurreikusten dute aurrekontuek, aurreko urtean izandako igoera nabarmenari eutsiz.

Diputatuak Batzar Nagusietan adierazi duenez, lurraldeko organo legegilean aurkeztutako lerroek Kudeaketa Plan Estrategikoak zein Ekonomia Suspertzeko Planak ezarritako plangintzari erantzuten diote. “Enpresen lehiakortasuna bultzatzeko egitasmoei jarraipena eman eta ekintza berriak martxan jarriko ditugu; lehen sektorea indartzeko ahalegin irmoari eutsiko diogu; herri txikietako ekonomia eta zerbitzuei bultzada emateko lanean jarraituko dugu; eta, basogintza sustatzeaz gain, larreen mantenua eta naturguneen babesa areagotzeko neurri berriak hartuko dira”, laburbildu du Aizpuruk. 

Ekonomia Sustapeneko diputatuak gogoratu duenez, Foru Aldundiak ekonomiaren suspertzearen “elementu aktibo” izateko determinazioa du, lehen sektorearen nahiz industria arloaren “lehiakortasun faktore guztiak” bultzatuz.

Antzuola-Bergara eta errepide sarea mantentzeko lanak

Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek departamentuaren 2017ko aurrekontuak aurkeztu ditu. Iazkoarekin parekatuta, Oiarbidek gidatzen duen departamentuak %15,39ko igoera izango du, hau da, 89.412.404 €-ko aurrekontua. Izan ere, Antzuola-Bergara errepidea eraikitzen hasiko da datorren urtean eta ia 22 milioi euro zuzenduko dira horretara. “Antzuola-Bergara legealdi honetako proiektu estrategiko bat da eta Gipuzkoako biribilgunea amaitzeko falta den zati horren eraikuntza lanak, aurreikusita zeuden modura, 2017ko urtarrilean hasiko dira”, azpimarratu du Oiarbidek. “Horiek izango dira departamentu honek datorren urterako jarri dituen erronka nagusienak: Antzuola-Bergara errepidea eta Gipuzkoako errepide sarea egoera hoberenean mantentzea”, gehitu du.

Hala ere, errepideen artapenak eramango du departamentuko aurrekontuaren zati nagusia eta 58.570.068 € bideratuko dira errepideen mantenura. Diputatuak azpimarratu duenez, “garrantzi berezia” eta “lehentasuna” emango zaio errepideen artapenari eta zaintzari.

Gizarte Politikan, aurrekontu osoaren ia erdia

2017rako Gizarte Politikarako Departamentuak 363 milioi euroko aurrekontua izango du,  Aldundiaren aurrekontuaren ia erdia (%47), eta, 2016ko aurrekontuarekin alderatuta, hazkundea 18.250.671€ eurokoa izango da, hain zuzen ere, % 5,28ko igoera. Era berean, gastatuko duen “4 euro bakoitzeko 3 ohiko diru-laguntzetara eta transferentzietara bideratuko” direla azaldu du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak gaur Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Izan ere, nabarmendu du “pertsonak” izango direla Gizarte Politikako Departamentuaren “ardatza”, eta 2017an biztanle bakoitzeko 508 euro gastatuko direla gizarte zerbitzuetan, alegia, “2016an baino 28 euro gehiago”.

Oinarri hori hartuta, diputatuak azaldu du hauek izango direla Departamentuaren hiru lan ildo estrategikoak: “Lehenik, Gipuzkoako zerbitzu sozialak antolatzea, eta kobertura nahiz kalitatea hobetzea. Bigarrenik, egungo eta etorkizuneko eskariari egokitutako zerbitzuak eskaintzea. Eta, hirugarrenik, gizarte zerbitzuen legea garatzeko, erakunde guztien artean elkar lanean aritzea, udalekin bereziki”.

Peñak azpimarratu duenez, aurrekontu honi esker “28.500 gipuzkoarren premiei erantzun ahalko diegu”. Atalka, Departamentuak adinekoen arretara bideratuko du diru gehien: 120 milioi euro, aurrekontu osoaren %33. Diru-laguntzetarako, aldiz, 79 milioi euro izango dira, eta 44 milioi haur eta nerabeen babeserako. Desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko, berriz, 42 milioi euro bideratuko dira, 27 milioi  gizarteratze eta indarkeria matxistako biktimei laguntzeko, eta, azkenik, 36 milioi euro aldundiaren esku dauden bi erakunde publikoak kudeatzeko: Uliazpi eta Kabia.

Kooperazioarako aurrekontuaren sendotzea

Kultura, Gaztedia eta Kirolen departamentuaren aurrekontua % 0,08 hazi da; hots, 53.778 milioiko aurrekontua izatetik 53.823 milioikoa izatera igaro da (bi aurrekontu sailak IZFEri dagokiona kontuan hartu gabe). Kulturaren arloan ezohiko urtea izan da hau, DSS2016 kultur hiriburutzak eta Tabakalera abian jartzeak nabarmen handitu baitute aurten kulturara bideratutako aurrekontu arrunta. Beraz, hurrengo ekitaldiari begira hazten jarraitzeak benetako bultzada suposatzen du Denis Itxasoren ardurapeko departamentuak kulturaren alde egiten duen apustuarentzat.

Bestalde, lehen diputatu nagusiordeak azpimarratu du Kirol Zuzendaritzaren aurrekontua % 4,67 hazi dela, eta Gazteriakoa, berriz, % 4,45 (biak ere batez bestekoaren gainetik, aurrekontu osoa % 3,16 hazi baita). Baina bereziki nabarmenak dira Turismoa eta Lankidetza, % 52,51eko eta %12,29ko hazkundeekin hurrenez hurren. Turismoaren kasuan, turismo jasangarriaren urtea izango da hurrengoa. Lankidetzaren kasuan, berriz, aurrekontu hornidura hori GFAren historian arlo horrek inoiz izan duen handiena da, % 0,7ko helbururantz urrats bat gehiago emanez.

  

1177