Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuneko proiektu estrategikoak eta gizarte politika ditu ardatz Foru Aldundiaren 2019ko aurrekontuak

Etorkizuneko proiektu estrategikoak eta gizarte politika ditu ardatz Foru Aldundiaren 2019ko aurrekontuak

Olanok nabarmendu du 2015ean hasitako bidea “gauzatzea” ahalbidetuko duela, Gipuzkoa modernizatuz eta jasaten ari zen geldialdia atzean utziz

Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur aurkeztu du 2019ko aurrekontu orokorren proiektua. Guztira, 875,5 milioi euroko zuzkidura du, hau da, aurtengoan baino 19 milioi eta %2,2 gehiago. Diputatu nagusiak azaldu duenez, etorkizuneko proiektu estrategikoak eta gizarte politika dira aurrekontuaren ardatz nagusiak eta, onartua izaten bada, legealdiko handiena izango da. “Berari esker, 2015ean hasi genuen bidea ixtea lortuko dugu, Gipuzkoa zegoen geldialditik atera eta modernizatuz, eman genuen hitza betez. Eta, aldi berean, Etorkizuna Eraikizen bultzatzen duen agenda politiko berriari jarraipena emango dio, etorkizuneko Gipuzkoaren oinarriak ezarriz”, adierazi du. 
Foru arduraduna gaur goizean agertu da hedabideen aurrean ekimenaren berri emateko, Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagarekin batera. Agerraldiaren aurretik, proiektuak Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso du eta, prentsaurrekoaren ondoren, foru arduradunak Batzar Nagusietan izan dira, erakunde honetako presidente den Eider Mendozari aurrekontu proposamena helarazten. Olanok nabarmendu duenez, 2019ko honi esker Aldundiaren baliabideak laugarren urtez jarraian haziko dira. “Ekonomia indartsu dago eta honi esker ari da hazten zerga-bilketa. Honek, agerikoa denez, erakundeok erabilgarri ditugun baliabideetan eragin zuzena dauka”, gogoratu du.
Bere iritziz, gaur aurkeztutako proiektuari esker Foru Aldundiak 2015ean hasitako prozesua “gauzatzea” lortuko du. Honen eraginez, Gipuzkoak atzean utzi du paralisia, eta modernitatearen bidetik dabil. “Aurrekontu hauek behin betiko itxiko dituzte iraganetik arrastaka genituen hainbat kontu, esaterako hondakinen kudeaketa edota errepide sarea amaitzea. Honela, Gipuzkoak karga hauek gainetik kendu eta etorkizuna diseinatu eta eraikitzeari ekin ahal izango dio buru-belarri”, zehaztu du. “Legealdi hasieran konpromisoa hartu genuen herritarrekin, eta gure hitza bete dugu”, azpimarratu du. 

 

Etorkizuna eta gizarte politikak
Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, datorren urtean 12 milioi euro bideratuko dira Etorkizuna Eraikizek sustatzen dituen ekimen ezberdinetara, horien artean etorkizuneko sektoreetan martxan jartzen ari diren erreferentziazko zentroak. Honela, Ziur (zibersegurtasun zentroa), Adinberri (osasuntsu zahartzeko estrategia) eta Klima Aldaketaren aurkako Institutuen fundazioek milioi eurotik gora jasoko dituzte, aurreikusita dituzten azpiegitura ezberdinak gauzatu ahal izateko. “Etorkizuna Eraikizek sustatzen dituen proiektuak errealitatea dira, eta aurrekontu honetan aurreikusitako baliabideei esker behin betiko aktibazioa emango da”, esan du.
Aurrekontuaren beste zutabe nagusia, adierazi duenez, gizarte politikena da. 2019ko proiektuan, alor honek inoiz baino baliabide gehiago izango ditu: 390 milioi euro. Honela, aurrekontu propioaren 19 milioi euroko hazkunde osotik, 13 gizarte politikei dagozkie. “Europa mailan ezberdintasun gutxien duen lurraldeen artean kokatu nahi dugula esan ohi dugu, eta ekonomia-gizarte politika binomioari esker ari gara aurrerapausoak ematen. Alor hau indartzearen alde egiten ari garen apustu irmoa, beraz, gizarte ezberdintasunari aurre egiteko lantzen ari garen estrategia eta lanaren parte da”, aldeztu du. 
Gainerako departamentuei dagokienean, diputatu nagusiak nabarmendu du “ahalegin esanguratsua” egingo dela Gizarte Politika eta Ogasuneko giza baliabideak indartzeko, biek ala biek garrantzia “estrategikoa” baitute foru Gobernuarentzat. Gainera, zerga iruzurraren aurkako borroka hobetze asmoz, hemen erabiltzen diren euskarri eta baliabide informatikoetara bideratutako inbertsioa ere hazi egingo da beste urte batez. Bide Azpiegituretan, berriz, zortzi milioi bideratuko dira Mutriku eta Deba lotzen dituen errepidea gauzatzera. 
Ogasuneko diputatuak, bere aldetik, foru erakundea zorra murrizteko egiten ari den ahalegin nabarmenean jarri du azpimarra. Datorren urtean, zifra 478,5 milioi eurotan kokatuko da, 2010etik zenbatekorik baxuena; zorra eta aurrekontuaren arteko ratioa ere azken bederatzi urteetako txikiena izango da. “Etorkizunaz hitz egiten dugunean, gure zerbitzu publikoen jasangarritasuna ere kontuan hartu behar dugu. Hori dela eta, orain ekonomia agertokia aldekoa da, eta unea baliatu behar dugu, zamak kendu eta gure erakundea hurrengo krisirako prestatzeko, datorrenean datorrela ere”, zehaztu du. 
Azkenik, eta sarreren atalari dagokionez, eta azkeneko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan adostutakoari jarraiki, Foru Aldundiak 5.127 milioi euro biltzea aurreikusten du datorren urtean. Baliabide hauen banaketa egiterako orduan, zatirik handiena Eusko Jaurlaritzari dagokio, 3.383 milioi euro jasoko baititu; Aldundiak, bere aldetik, aipatutako 875,5 milioi euroekin geratuko da, eta udalek 518 milioi euro jasoko dituzte Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez (UFFF). Inoizko zuzkidurarik handiena izango dute Gipuzkoako herriek. Estatuak, azkenik, beste 348 milioi euro izango ditu, Kupoaren bitartez eskuratuko dituenak.

  

2007