Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizuneko zinema izan dute aztergai Etorkizuna Eraikiz Gunean

Etorkizuneko zinema izan dute aztergai Etorkizuna Eraikiz Gunean

Plataforma digitalek eta teknologia berriek istorioak kontatzeko modua are gehiago aldatuko dutelakoan daude

Etorkizuneko zinema nolakoa izango den izan dute aztergai Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, Itziar Ituño aktoreak eta Aitor Arregi zine zuzendariak gaur arratsaldean Etorkizuna Eraikiz Gunean, Donostian. Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan antolatutako solasaldia izan da.

Plataforma digitalek egungo ikus-entzunezkoen sektorean duten presentzia datozen urteetan areagotu egingo dela uste dute, eta horrek istorioak kontatzeko modua oraindik ere gehiago aldatuko dutelakoan daude. Rebordinosek adierazi du aldaketetara “irekita” egon behar dela beti.

“Egun balio duenak, etorkizunean ez du balioko ziurrenik. Zorionez, istorioak kontatuko dira, eta hori da funtsezkoena. Non eta ze erremintarekin ikusiko diren ez da izango hain garrantzitsua”.

Ituñok, aldiz, azaldu du aktore bat kontratatzerakoan, ekoizleek geroz eta garrantzia gehiago ematen diotela sare sozialetan zenbat jarraitzaile dituzten: “Sare sozialek onurak dituzte, baina baita arriskuak ere”. Hori bai, telesailak online jarraitzeko dagoen aukera “jauzi handia” delakoan dago.

“Zinema ideiak helarazteko tresna da. Zinema hauspotu egin behar da, eta modu integralean tratatu”. Hori dio Arregik, eta mahai gainean jarri du zinemaren digitalizazioa: “Azken urteotako aurrerapen handiena izan da, baina zerbait kontatzeko, ikuspuntua are garrantzitsuagoa da”. Nolanahi ere, zine aretoak ez direla desagertuko adierazi du, “konexio boteretsu bat” mantendu nahi duten pertsonak “beti” egongo direlako.

 

2deo eta zine eskolak, beharrezko

Euskarazko zinemak etorkizuna izan dezan, Rebordinosek, Ituñok eta Arregik diote “ezinbestekoak” direla Etorkizuna Eraikizen baitako 2deo bezalako ikus-entzunezko laborategiak eta baita zine eskolak ere. Zinemaldiko zuzendariaren esanetan, Europan baino “gehiago” ekoizten da Euskadin biztanleko, baina urratsak egiten jarraitu behar da.

Gainera, itxaropentsu da etorriko denarekin: “Euskal zinearen etorkizunarentzat oso interesgarria da emakumeen belaunaldi berria”. Arregiren iritziz, ostera, arrakasta ez duen zinea egitea ere “funtsezkoa” da. Eta adibide bat jarri du: “·Danimarkako ereduak balio liezaioke euskal zinemari aurrera egiten jarraitzeko. 

  

1284