Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etorkizunerako desioak helarazteko gonbita egin die Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoar guztiei

Etorkizunerako desioak helarazteko gonbita egin die Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoar guztiei

Gizarte entitateetako hainbat ordezkarik parte hartu dute gaur foru jauregian aurkeztutako komunikazio ekintzan

“Etorkizunerako zure desioa” komunikazio egitasmoaren aurkezpena egin da gaur Gipuzkoako Foru Aldundian. Gaurtik hasita, eta Gabonetan zehar, foru jauregiko arkupeen espazioak irudi berria agertuko du, hostorik gabeko 14 zuhaitz jarri baitira, argiztatutako loreontzietan. Zuhaitz horiek gipuzkoar guztien partaidetzarekin jantziko dira, aukera izango baitute haien desioak idazteko eta arboletan zintzilik jartzeko. Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak dei egin die herritar guztiei parte har dezaten, azalduz “nola gustatuko litzaiekeen Gipuzkoaren etorkizuna izatea, eta baita haiena eta gehien maite dituztenena ere”. 
Aurkezpenean gizarte entitateetako hainbat ordezkari izan dira: Jon Agirre, Euskadiko Gazteriaren Kontseilukoa; Ramón San Sebastián, Gehitu-ko kidea; eta Isabel Jimenez, AGIFUGI Gipuzkoaren etorkizunaren aldeko ijitoen elkarteko partaidea. “Balantzeak egiteko garaia da hau, atzera begiratu, eta gure nahiak bete diren aztertzeko momentua. Urte berria estreinatuko dugu, eta horrek esan nahi du dena dela posible, eta dena dagoela egiteko. Aldundian, garbi daukagu etorkizuna guk sortzen duguna izango dela, eta denon artean idatzi behar dugula. Horregatik, ekimen honen bitartez, herritarrak animatu nahi ditugu beraien desioak partekatzera, eta bakoitzaren etorkizun hori, denona izatea”, azaldu du. 
Lasak urtearen balorazio positiboa egin du. Esan duenez, Gipuzkoak egoera “indartsu” eta “egonkorrean itxiko du urtea, bai arlo ekonomia zein sozial eta politikoan. Honela, gogoratu du lurraldeak gero eta datu makroekonomiko hobeak dituela, eta adierazi datorren urterako inoizko aurrekonturik sozialenak onartu berri dituela. “Gipuzkoak lidergoa markatzen du, eta gobernantza ireki eta elkarlaneko bere nortasunaren parte izatera heldu da. Baina, gainera, 2019rako agenda politiko oso indartsua daukagu, sektore ezberdinetan apustu berritzaileak egingo ditugu, eta hau guztia gure lurraldeak duen dinamismo eta egonkortasunaren adierazle garbia da”, esan du.
Etorkizuna Eraikizekin lotu du gaur aurkeztu den komunikazio egitasmoa foru bozeramaileak. “Izan ere, horretan datza hain justu: modu kolektiboan irudikatzea nola nahi dugun izatea etorkizuna, eta nola egin dezakegun posible, gure erronka nagusiei aurre eginez. Desio baten atzean, helburu bat dago. Eta horren atzean, errealitate berri bat. Desio horien guztien batuketarekin eraikiko dugu Gipuzkoaren geroa”, adierazi du, gaineratuz, “aniztasuna lurraldearen nortasun ikur bat dela, aberastasuna, eta zaindu behar dugun balioa, elkarbizitzan areago sakonduz”.
Hori dela-eta, ziurtatu du Aldundiak politika publikoen diseinu, garapen eta ebaluazio “partekatuaren” aldeko apustua egiten jarraituko duela: bai Etorkizuna Eraikizen eskutik, “gure ehun ekonomiko eta soziala” eraldatzeko proiektu pilotuak martxan jartzen eta herritarrak inplikatzen –dagoeneko 20.000 pertsonengana iritsi da dinamika-; bai Aurrekontu Irekien prozesuak sustatuz –horien bitartez, azken hiru urteotan, 13.000 ekarpen baino gehiago jaso dira Aldundiaren diru kontuetarako-; eta baita gaurkoa bezalako ekimenekin ere.  

  

1533