Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Etxebizitza Turistikoen II. Foroa, ostegunean Tabakaleran

Etxebizitza Turistikoen II. Foroa, ostegunean Tabakaleran

Aparturek «Aparture 2019» urteko txostenaren aurrerapena aurkeztuko du.

«Aparture» Euskadiko Apartamentu Turistikoen Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuarekin lankidetzan, Euskadiko Etxebizitza Turistikoen II. Foroa antolatu du. Datorren azaroaren 21ean izango da, 18:00etan, Tabakaleran. Aparturek «Aparture 2019» urteko txostenaren aurrerapena aurkeztuko du. Txosten horretan, etxebizitza turistikoek Gipuzkoako lurralde historikoan duten eragin ekonomikoa nabarmentzen da.  Turismora bideratutako etxebizitzek 132,6 milioi euroko eragin ekonomikoa izan dute Gipuzkoan 2019an; horietatik 53,7 milioi ostatuetan egindako gastuari dagozkio, 41,5 milioi jatetxeetan egindakoari eta 37,4 milioi saltokietako gastuari.

Gipuzkoan, etxebizitza turistikoek zuzeneko 330 lanpostu eta zeharkako 356 lanpostu sortzen dituzte. Eragindako enplegua aintzat hartuz, Gipuzkoan, gaur egun, 1.300 lanpostuk baino gehiagok dute lotura Aparturek ordezkatzen dituen etxebizitzekin.  Bidaiarien jatorriari begiratuz gero, % 73,8koa da nazioartekotze maila, eta balio handiko merkatuak –AEB edo Erresuma Batua kasu– egonkortu egin dira.  Apartureko etxebizitzetan egiten diren egonaldien batez bestekoa egonkortu egin da, gainera: lau gautik gorakoa da. “Batez besteko egonaldia hain luzea izateari esker, turismoaren irabaziak Gipuzkoa osora zabaltzen laguntzen du Aparturek”, adierazi du Asier Pereda Apartureko presidenteak.

Ostatu turistikoen barruan, Aparture elkartea egiten ari den lana “aipatzekoa” dela azpimarratu du, berriz, Imanol Lasa Diputatuak. “Bikaintasunaren alde egiten duen lan horrekin bat gatoz Aldundian, beharrezkoa baita kalitatean oinarritutako turismo eredu orekatu bat eraikitzen jarraitzeko. Etengabeko hobekuntzan, berrikuntzan, teknologia berrietan eta elkarlanean oinarrituta: bai sektoreko eragileen artean, eta baita enpresen eta erakundeon artean ere”.   

Foroko hitzaldiak hiru arlotakoak izango dira:

1.         “Observatorio Aparture Behatokia”. Apartureko lehendakari Asier Peredak eta SEE TRANSPARENT enpresako analisi zuzendari José Sánchezek Aparture Behatokiak sektoreari buruz emandako datuak aurkeztuko dituzte.

2.         «Berrikuntza teknologikoak». AVANTIO enpresako Paolo Oussama aditu italiarrak etxebizitza turistikoak kudeatzeko berrikuntza teknologikoak aurkeztuko ditu.

3.         «Danalock. Sarraila elektroniko adimendun berria». SALTO SYSTEMS-eko lantaldeak in situ erakutsiko du produktua. Salto Systems sarraila adimendunen lantegia Oiartzunen dago. Europako lehen fabrikatzailea da, eta munduko hirugarrena.

Eredu saria

Bigarren edizio honetan, berrikuntza bat izango da: Eredu saria emango da, turismoaren arloko proposamen baliotsu bat eskaintzen duen entitatearen lana aitortzeko. Foro honetan parte hartu nahi izanez gero, Apartureren web orrian eman behar duzue izena (www.aparture.com) azaroaren 20a baino lehen. Parte-hartzea doakoa da eta edonorentzat irekia.

  

1970