Eukalipto-landaketek Gipuzkoako zuhaitz-azalera osoaren % 1,29 hartzen dute
Eukalipto-landaketek Gipuzkoako zuhaitz-azalera osoaren % 1,29 hartzen dute
Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak espezie honen egoerari buruzko txostena aurkeztu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusieta
Eukaliptoak lurraldean zuhaitzen azaleraren % 1,29 hartzen du, hau da, 1.575 hektarea, Gipuzkoako baso-estalkiaren 121.925 hektareako guztizkoaren gainean. Gainerako paisaia koniferoek (% 49,65), 10 barietate baino gehiagorekin, eta beste espezie hostotsu batzuek (% 49,06), 25 barietate baino gehiagorekin, osatzen dute. Datuak Xabier Arruti, Lurralde-Oreka Berdeko diputatuak eman ditu gaur Batzar Nagusietan Eukaliptoak Gipuzkoan duen Egoerari Buruzko Txostenaren aurkezpenean.
Azterlanak landaketa kopuruari eta horien bilakaerari, lurralde-banaketari eta azalera horien jabetzari buruzko xehetasunak ematen ditu. Egindako lanaren arabera, eukaliptoaren hazkuntzaren erritmoa nabarmen jaitsi da azken urteotan. Ildo horretan, Arrutik azaldu duenez, “2018an eukaliptoaren landaketa 572 hektarearaino handitu zen arren, intsinis pinuan banda marroiaren gaixotasun eta ondorioz moztutako pinudien eraginez, 2021-2022 aldian bildutako datuek landaketa 76 hektareara baino ez dela iritsi erakusten dute”.
Banaketari dagokionez, bildutako datuek erakusten dute nahiko homogeneoa dela lurraldean. Urola Kosta eskualdea nabarmentzen da, Gipuzkoako eukalipto guztien % 33,53 biltzen baitu; “hala ere, ehuneko hori eskualdeko zuhaitz-azalerari dagokionez,% 3 baino ez da”, Arrutik adierazi duenez. Debabarrena da espezie honetako arbola gehien duen bigarren eskualdea: 10.765 hektareako zuhaitz-azalera guztitik 396 dira eukaliptoa. Udalerrika, Azpeitia, Aizarnazabal eta Hernani dira mota horretako arbolen hektarea gehien dituztenak.
Espezie horren landaketa 493 unadatan banatuta dago, eta horietatik 400 (% 81) bost hektareatik beherako lursailak dira. Hemen, Arrutik azpimarratu duenez, “jabeen % 91k bost hektarea eukalipto baino gutxiago dituzte”.
Txostenaren aurkezpena Batzar Nagusietan basogintzari eta Gipuzkoaren etorkizuneko baso-politikari buruz egingo den ponentziaren barruan kokatzen da. Bertan, Gipuzkoako basoen eta basogintzaren egungo egoera aztertzea espero da, bai eta Gipuzkoako gizarteak klima-aldaketaren eta biodibertsitatearen galeraren testuinguru berrian basogintzari buruz espero duenari buruz ikertzea eta hausnartzea eta bukatzeko, etorkizuneko erronkei begira beharrezko tresna eta politika egokienak zeintzuk liratekeen aztertzea. Horretarako, sektoreari lotutako tokiko, eskualdeko eta lurraldeko adituen eta lehen sektoreko, ekonomiako, gizarteko eta ingurumenari lotutako eragileen basoei eta basogintzari buruzko hausnarketak bilduko dira.
1907