Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriak hitzordua du MUBIL Mobility Expon

Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriak hitzordua du MUBIL Mobility Expon

· 105 enpresa erakusketarik Ficobako hiru pabiloiak beteko dituzte · Conference Arean mahai-inguruak eta hitzaldiak antolatuko dira, mugikortasunaren munduan puri-purian dauden gaiei buruzkoak · Azokarekin batera, bilera logistikoak egingo dituzte AEDIVEk, Direbús-ek, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak eta Hidrogenoaren Euskal Korridoreak · Azokaren laugarren edizioa apirilaren 17an eta 18an izango da

Gipuzkoako Foru Aldundia

Mugikortasun jasangarriari buruzko ezagutza guztia, hala industriala nola digitala, MUBIL Mobility Expon elkartuko da bi egunez, Europa hegoaldeko mugikortasun jasangarriari buruzko azokan. Topaketa horren laugarren edizioa izango da, eta erreferentziazko hitzordua da dagoeneko mugikortasun jasangarriaren ekosistemarentzat eta merkatuak egun eskaintzen dituen produktu eta zerbitzu berritzaileenak bertatik bertara ezagutu nahi dituzten erakunde guztientzat.

Bisitariek 105 enpresaren proposamenak aurkituko dituzte Ficobako pabiloietan eta kanpoaldeko erakusketa-eremuan, mugikortasun jasangarriaren balio-kate osoaren erakusgarri: automobilgintzako eta ekipamendu elektrikoko enpresak, bateria-fabrikatzaileak, energia-hornitzaileak (elektrikoa, olioa, gasa eta hidrogenoa), azpiegitura- eta sare-enpresak, zerbitzu-integratzaileak, konektagarritasuneko enpresak, adimen artifizialekoak eta big datakoak, erakunde publikoak eta flota-operadoreak. Izan ere, erantzunak eskaintzen dituzte eta negozioa sortzen, hainbat eta hainbat alorretan, hala nola ibilgailuak, kargatzeko azpiegiturak, trakzioko eta kargatzeko aplikazioetarako energia-biltegiratzea, mugikortasun elektriko eta partekatuaren zerbitzuak, eskaripeko garraioa eta Mobility-as-a-Service soluzioak, mikromugikortasun-zerbitzuak, eta mugikortasun jasangarriaren ekosistema globalaren eta merkatuen alorra.

Enpresen jatorri geografikoa aztertuta, erakusketarien % 37 EAEkoak izango dira, % 50 Estatuko gainerako lurraldeetakoak, nagusiki Madril (% 15) eta Bartzelonakoak (% 11) eta % 13 beste gerrialde batzuetakoak, hala nola Frantzia, Alemania, Eslovenia eta Herbehereak.

Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak gaurko aurkezpenean azpimarratu duenez, “erreferentziazko hitzordua dugu hau, gero eta sendoagoa, datuek erakusten duten bezala, eta ziur gaude Gipuzkoak eta Euskadik mugikortasun berriarekin zerikusia duen guztian duten posizionamendua indartuko duela. Mugikortasunak gure indar industrialean duen pisuak eta klima-aldaketaren urgentziak egoera berri baterako indar handiagoz prestatzen jarraitzea eskatzen dute. Aldundian Ibilbide-orri sendoa dugu aspaldidanik MUBILen eskutik, eta zalantzarik gabe, azoka honek erritmoa bizkortzeko balioko du, balio erantsi handiko merkataritza-trukeak eta elkarlanerako aukera berriak bultzatuz”.

Bestalde, Igor Villarreal MUBILeko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “MUBIL Mobility Expo gure jarduerarik indartsuenetako bat da, non mugikortasun iraunkorraren eta adimendunaren balio-kate osoko enpresek produktu berritzaileak ezagutarazten dituzten, irtenbide digitalak barne. Erosle handiek erakusketariekin merkataritza-harremanak izateko topagunea ere bada, baita mugikortasunaren inguruko ezagutza eta esperientziak partekatzeko gunea ere. Aurten, aurreikuspena oso ona da, bai erakusketarien eta hizlarien kalitateagatik, bai espero den bisitari-kopuruagatik”.

Ildo beretik mintzatu da MUBIL Mobility Expo-ko zuzendari Monica Alday: “Azokak interes handia sortu du merkatuan, eta % 100ean bete ditugu merkaturatze-helburuak. Merkaturatze-datu on horiek islatzen dute mugikortasun iraunkorraren sektoreak uste duela azoka tresna egokia dela sektorea bultzatzeko”.

Bisitari profesionalak eta balizko erosleak

Azokaren merkaturatzeak bezalaxe, bisitariak erakartzeko lanak agerian utzi du MUBIL Mobility Expok pizten duen interesa. Gaur arte, 1.000 pertsonak baino gehiagok osatu dute azokara etortzeko aldez aurreko izen-ematea. Negozio-aukera berriak bilatzen dituzten operadoreak, erosleak, hiri eta enpresetako erabakitzaileak eta zerbitzu-hornitzaileak izaten dira bisitariak.

Bisitari profesionalek izena emateko prozesua zabalik dago oraindik eta azokaren webgunearen bidez egin daiteke:

https://publicalt.xeria.es/mubil_mobility_expo/es/register/Registerpage/visitantes

Halaber, aurreko edizioetan bezala, MUBIL Mobility Expok bisitari espezializatuak bertaratzea sustatuko du, mugikortasun jasangarriko produktu eta zerbitzuetan inbertitzeko gaitasuna eta aurreikuspena dutenak (bai enpresa pribatukoak, bai publikoak), Hosted Buyers Programa bat antolatuta. 29 Hosted Buyerrek etorriko direla berretsi dute dagoeneko: Espainiako zenbait udal, garraio-operadore pribatuak, eta Eslovenia, Uruguai, Frantzia eta Italiatik etorritako erosle potentzialak.

Conference Area

Enpresa erakusketariek eta bisitariek eremu erreserbatu bat aurkituko dute Ficobako 2. pabiloian, informazio garrantzitsuena lortzeko eta adituengandik ikasteko, mugikortasun jasangarriaren inguruko ezagutzak eta ikuspegiak azalduko dituzte eta.

Conference Arean eskainiko da hasierako konferentzia, Francisca Rubioren eskutik. Puri-purian dagoen gai bat landuko du: data open spaces direlakoak. Francisca Rubio I+G+b-ko aditua da, eta GAIA X proiektuaren Espainiako zuzendaria da. Hogei urtetik gorako eskarmentua da, batik bat energian, argiztapenean eta eraikin adimendunetan, eta orain mugikortasunari aplikatutako datuetan jarri du arreta.

Horrez gain, 8 mahai-inguru programatu dira, mugikortasun jasangarriaren bilakaerarekin lotutako askotariko gaiak lantzeko, hala nola bateriak, birkargatzeko azpiegiturak, garraio multimodala, ibilgailu autonomoa, mugikortasun jasangarrirako zerbitzu eta azpiegitura adimendunak, mugikortasun partekatua eta hidrogenoa.

Bestalde, azokaren bi egunetan hainbat konferentzia egingo dira, Fast Interview izenekoak, epaimahai batek enpresa erakusketarien proposamen artean hautaketa egin ostean. Foro horretan landuko diren gaien artean daude, besteak beste, automobilgintzaren sektoreko joerak eta ibilgailuak elektrifikatzeko teknologiak; Medusa, ibilgailu elektrikoak kargatzeko soluzio jasangarri eta aitzindaria; trenaren zerbitzu publikoko obligazioak eta emakida intermodalen mapak 2028an deszentralizatzeko aukera historikoa; eta Kaindar, Euskadiko portuetarako lehen smart grid-a.

Hemen kontsultatu daiteke programa osoa: https://www.mubilexpo.eus/programa-old/ponencias/

Test Drive, ibilgailuen erakustaldiak eta gidatzeko aukera

Test Drive eremua MUBIL Mobility Exporen alderdi praktikoa da. Produktuak eta zerbitzuak ezagutzeko erakusmahaiak bisitatzeaz eta konferentzietara joateaz gain, bisitariek aukera izango dute askotariko ibilgailu elektrikoak gidatzeko sentsazioa zuzenean bizitzeko (autoak, scooterrak edo autobusak), edota erakustaldi batzuk ikusteko.

Bilera sektorial paraleloak

Laugarren edizio honetan, MUBIL Mobility Expok eztabaidagune sektorialen aldeko proposamena indartu du, benetako arazoei buruz hitz eginda elkarrizketarako espazioak sortzeko.

Apirilaren 17an zenbait bilera sektorial egingo dituzte hainbat erakundek: AEDIVE (mugikortasun elektrikoa garatu eta sustatzeko enpresa-elkartea); Direbús (errepide bidezko garraio-zerbitzu publiko diskrezional eta erregularren sektoreko ETEen enpresa-elkartea); azken miliako garraioaren bilera sektoriala, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak eta MUBILek koordinatuta, Donostia, Bilbo eta Gasteizko udalen parte-hartzearekin; eta Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterraren asanblada orokorra.

Apirilaren 18an, aldiz, Hidrogenoaren Euskal Korridorearen txanda izango da, BH2Cren garraioko erabileraren bertikalaren III. topaketa egingo baitute.

MUBIL Mobility Expo

MUBIL Mobility Expo, Europako hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionala, MUBILek bultzatzen du, zeina Euskadiko mugikortasun adimendun eta jasangarriaren HUB bat den, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan sortua, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Energiaren Euskal Erakundearen babesa du. Xedea du sektore horretan dauden gaitasunak indartzea, haien garapena bultzatzea eta alor horretako enpresa-sareak nazioartean duen lehiakortasuna eta posizionamendua indartzea.

MUBIL Mobility Expo topaketa profesional bat da, garbia, eskuragarria, segurua eta konektatua den mugikortasunaren balio-katearena. Espazio horretan, eragile publiko eta pribatu nagusiak biltzen dira, eta bertan, irtenbide industrialak eta digitalak aurkitzen dira, mugikortasun jasangarriak gaur egun dituen beharrei eta gerora izango dituen erronkei erantzuteko.

 

https: //www.mubilexpo.eus/

press@mubil.eus

  

1352