Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Europarekin aliatu da Etorkizuna Eraikiz, pandemia osteko etorkizuneko aukerak ustiatzeko

Europarekin aliatu da Etorkizuna Eraikiz, pandemia osteko etorkizuneko aukerak ustiatzeko

Foru programak gaur onartu du bere plenarioan aurtengo urterako bere Kudeaketa Plana, 22 jarduketa lerro eta 62 ekintza konkretu jasotzen dituena.

Etorkizuna Eraikizek argi berdea eman dio gaur aurtengo urterako bere Kudeaketa Planari. Ekitaldi honek COVID-19 gaitzaren pandemiaren eraginpean jarraituko du, eta foru programak etorkizunari begira lan egiten jarraituko du, indar guztiak pandemiaren osteko agertokian jarrita. Hala, Etorkizuna Eraikizek Europar Batasuneko erakundeekin eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearekin (ELGA) lankidetza-hitzarmenak ixtea aurreikusten du, eta haiekin batera lan egingo du trantsizio ekologikoan edo lurraldearen agenda estrategikoaren sustapenean. "2021 ez da urte erraza izango, baina, behar larriei erantzun eta kolektibo ahulenak babesteaz gain, ezinbestekoa dugu epe ertain eta luzeko ahaleginari eustea. Etorkizuna Eraikizen misioa da sortzen diren eraldatze eta aukera horiek identifikatu eta ahalik eta modu eraginkorrenean ustiatzea izango da, eta Europarekin guztiz lerrokatuta egingo dugu gainera", azaldu du Markel Olano diputatu nagusiak.

Foru arduradunak Etorkizuna Eraikizen plenarioan parte hartu du gaur, proiektuan parte hartzen ari diren eragile nagusiak biltzen dituen organoan. Saioak 15 bat lagun bildu ditu Gunea gunean, tartean foru Gobernuko kideak eta Proiektuen Bulegokoak, Etorkizuna Eraikizen gobernantza organo nagusia. Beste 50 bat lagun batu dira bilerara modu telematikoan. Topaketan parte hartu dutenen artean, aipatutako Foru Gobernuko kideak, proiektu estrategikoak kudeatzeaz arduratzen diren fundazioetako zuzendariak eta Etorkizuna Eraikizen parte hartzen duten unibertsitateetako eta lurraldeko beste eragile ekonomiko eta sozial batzuetako ordezkariak zeuden. Bilerak iazko balantzea egiteko eta, aldi berean, ekitaldi honetarako jarduera-ildo nagusiak balioztatzeko balio izan du.

Berrikuntza nagusien artean, diputatu nagusiak aurreratu du Etorkizuna Eraikizek lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituela karbono-isurketarik gabeko ekonomia baterako trantsizioa bizkortzeko lan egiten duen Europar Batasunaren mendeko Climate Kic komunitatearekin. Lankidetza akordioa itxiko du baita ere Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearekin (ELGA), Gipuzkoan trantsizio ekologikoko proiektu bati ekiteko helburuarekin. "Etorkizuna Eraikiz guztiz bat dator Europak pandemiaren ondorengo agertokiari begira sustatzen dituen balioekin, eta hau oso adibide ona da, Gipuzkoa iraunkorragoa eta berdeagoa lortzea baitu helburu", defendatu du.

Diputatu nagusiak gogoratu du Etorkizuna Eraikiz, 2016an sortu zenetik, Gipuzkoaren berrikuntza gaitasuna ahalik eta gehien ustiatzeko lan egin duen tresna dela. "Hasiera-hasieratik, gure lurraldeak dituen indarguneak eta ahalmenak ustiatu nahi izan ditu, etorkizuneko erronka garrantzitsuei erantzuten hasteko, hala nola aldaketa demografikoa, digitalizazioa, mugikortasunak bizi duen iraultza... Denborak erakutsi du Etorkizuna Eraikizen landu ditugun eta lantzen jarraitzen ditugun esparru gehienak egokiak direla, eta COVID-19 gaitzaren pandemiaren iritsierarekin, transformazio prozesu hauetako gehienek abiadura gehiago hartu dute”, azaldu du Olanok, gaineratuz honenbestez foru proiektuak “inoiz baino zentzu gehiago” duela egungo testuinguruan.

Diputatu nagusiak gaineratu duenez, 2021 urterako duten helburu nagusia Gipuzkoan "Europa mailan desberdintasun maila txikienak dituzten pertsonen komunitatea" eraikitzen jarraitzea da, lau jarduera-ardatz nagusiren inguruan antolatuta: gizarte-kohesioa eta desberdintasunaren aurkako borroka, garapen ekonomiko inklusiboagoa eta iraunkorragoa sustatzea, zeharkako apustu berde eta digitalak egitea eta elkarlaneko gobernantza praktikan jartzea. "2021ean, helburu nagusia Etorkizuna Eraikiz berrikuntza plataforma ireki bihurtzea izango da, benetako lankidetza publiko-pribatu bat gauzatzeko eta Gipuzkoa lehiakortasun jasangarri, ekonomiko, sozial eta ingurumeneko eredu berri baterantz bideratzeko", esan du.

Horrela, Etorkizuna Eraikizek 22 lan-ildo proposatzen ditu, zortzi jarduera-eremutan taldekatuta:

  1. Gipuzkoa Taldean: think tank-aren deliberazio prozesua osatzea; herritarren proiektuak kudeatzea eta bultzatzea; Aurrekontu Irekiak 2021 prozesua garatzea; lankidetzako gobernantza bultzatzea Lurralde Garapenerako Laborategiaren bidez; lankidetza-dinamikak bultzatzea Ekinez Ikasi esparruan; eta COVID-19 gaitzaren pandemiaren osteko hausnarketa estrategikoa indartzea.
  2. Gipuzkoa Lab: proiektu esperimentalen monitorizazioa eta jarraipena; eta proiektuen berezko esperimentazio-dinamikak indartzea.
  3. Erreferentzia-zentroak: erreferentziazko zentroen jarraipena: MUBIL, Ziur, Adinberri, Naturklima, 2deo, Labe, Arantzu Lab, Badalab eta Elkar-Ekin.
  4. Esperimentazioa: Etorkizuna Eraikizek sortutako aktiboen garapen integrala eta sistemikoa; ezagutza-sistemako eragileen (unibertsitateak, fundazioak…) jarduera lerrokatzea eta koordinatzea; lurraldearen trantsizio ekologikoan lagunduko duen proiektu bat bultzatzea.
  5. Nazioartekotzea: Nazioarteko Lantaldea abiaraztea; Etorkizuna Eraikizi buruzko Nazioarteko Biltzarra egitea; proiektuei lotutako nazioartekotze-jarduerak; nazioarteko eragileekin harremanak sendotzea.
  6. Online sozializazioa eta komunikazioa: barne-sozializazioko plan bat garatzea; komunikazio instituzionaleko joerak aztertzea.
  7. Hedapena eta akademizazioa: Etorkizuna Eraikizen lehen memoria aurkeztea eta zabaltzea; hiru uda ikastaro egitea; eta akademizazio lana.
  8. Ebaluazio diagnostikoa: Etorkizuna Eraikizen ebaluazio diagnostikoa.

 

2020ko balorazioa

Pasa den urteari dagokionez, Etorkizuna Eraikizko arduradunek balantze positiboa egin dute, nabarmenduz zalantzarik gabe COVID-19 pandemiak markatu duen urtea izan dela. Hala, azpimarratu dute iaz Etorkizuna Eraikizen Kudeaketa Plana eta Eredua onartu zirela eta, pandemiapean egon arren, proiektu garrantzitsuenak aurrera ateratzea lortu zela (esaterako, atzo ireki zen MUBILeko zentro berria). Gainera, Proiektuen Bulegoa ere eratu zen, Etorkizuna Eraikizen gobernantza-organo gorena dena, eta proiektuak koordinatzeko talde arduraduna indartu zen; mugarri horiek guztiak bultzada handia eman diote Etorkizuna Eraikiz instituzionalizatzeko prozesuari.

Honekin batera, iaz 90 pertsona inguruk parte hartu zuten think tank-a egiten ari den entzute eta deliberazio prozesuan. Prozesu hori lau ardatzen inguruan antolatzen da: kultura politiko berria, berreskuratze berdea, etorkizuneko lana eta ongizate-estatuaren etorkizunak. Era berean, garapen komunitarioari eta elkarlaneko gobernantzari lotutako herritarren proposamenetatik etorritako 17 proiektu jarri ziren abian, baita eskualdeko gobernantza-ereduak indartzera bideratutako beste 10 proiektu ere. 22 proiektu esperimental berri ere jarri ziren martxan, lurraldearen etorkizuneko erronkei erantzutek, eta ondorioz guztira 30 dira gaur egun Etorkizuna Eraikizek aktibo dituen proiektu esperimentalak.

 

  

2133