Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Euskadi izango da Smithsonianek 2016ko udarako Washingtonera gonbidatutako kultura

Foto Euskadi izango da Smithsonianek 2016ko udarako Washingtonera gonbidatutako kultura

Euskadi izango da Smithsonianek 2016ko udarako Washingtonera gonbidatutako kultura

Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek indarrak batu dituzte, Euskadi izan dadin Smithsonian Folklife Festivalerako kultura gonbidatua

2016. urteak aldaketa garrantzitsua ekar dezake Euskadi, Basque Countryren nazioarteko proiekzioan. Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek Smithsonianen gonbidapena onartu dute. Kulturaren eta ikerketaren alorrean, EEBBetako erakunderik handienetakoa eta garrantzitsuenetakoa da Smithsonian, eta Euskadi gonbidatu du Smithsonian Folklife Festivalen izarra izan dadin.

Uda honetan Washington D.C. hirian egingo den kultur ekitaldi handia da. Nazioarteko ekitaldia da eta urtero munduko kultura bat edo gehiago gonbidatzen dituzte, Ipar Amerikako hiriburuko National Mall-ean haien ondarea erakutsi dezaten. Aire zabalean dago National Mall, 12.000 metro karratu ditu eta Kongresuaren eta Washington Monumentuaren artean kokatuta dago.

Ekitaldi handi honetan parte hartuko duen Europa hegoaldeko lehenengo kultura izango da.

Ekainaren 29tik uztailaren 4ra eta uztailaren 7tik 10era egingo da jaialdia. 10 egun horietan Euskadi EEBBetako erakusleihorik handienean egongo da eta bere kultura, gastronomia, berrikuntza, eskulangintza eta historia urtero ekitaldia bisitatzen duten ehun milaka pertsonei erakusteko aukera izango da, baita ekitaldia online bisitatzen duten 40 milioi pertsonei erakusteko ere.

 

Aukera paregabea: “Basque: Innovation by Culture”.

Ipar Amerikako hiriburutik, munduari Euskadiren kultur ondare osoa, iragana, oraina eta etorkizuna erakusteko aukera paregabea da. Euskal kultura bultzatzeko modu paregabea da eta batez ere, euskara bultzatzekoa.

Euskal erakundeek klixeetatik haratago doan eta gure herrialdearen aukeretan sakontzen duen erakusketa antolatu nahi dute. Ideien kontrastea tresna ona da; izan ere, Euskal Herriak harriak jasotzen ditu, baina Guggenheimen tankerako eraikinak ere bai. Bere lurrari lotutako herria da, baina aldi berean irekia da eta mundura konektatuta egon izan da antzina-antzinatik (esploratzaileak, balea arrantzaleak...). Horregatik aukeratu da “Basque: Innovation by Culture” leloa.

Eta kulturaren eskutik, Euskadik nazioartean duen presentzia indartzen eta alor guztietan Basque Country estrategia indartzen lagunduko du jaialdi honek.

 

Enpresentzako aukera ere bada

Nazioartekotzerako Euskal Partzuergoaren baitako euskal erakundeek ondo dakite Smithsonian Folklife Festival aukera paregabea dela eta Washington D.C.n izateko aukera bakan honek eskaintzen dituen aukera guztiak aprobetxatuko dituzte.

Hala, euskal enpresentzako eta euskal ekonomiarentzako ere aukera ekonomiko paregabea izateko lanean ari dira, ekitaldiaz kanpoko gune batean munduko lehenengo ekonomiarekiko harreman egonkor eta jarraitua sortzeko. Gainera, EEBB Euskadiren hirugarren merkatua dira, Frantziaren eta Alemaniaren atzetik.

Euskal erakundeek euskal enpresa-sarearekin partekatu nahi dute aukera hau, inguru apropos honetan enpresa eta erakunde estatubatuarrekin negozioak egin ditzaten eta harremana izan dezaten.