Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskadiko lehen espaloi iraunkorra, birziklatutako 50.000 plastikozko botiletatik egina

Euskadiko lehen espaloi iraunkorra, birziklatutako 50.000 plastikozko botiletatik egina

Ingurumeneko Departamentuak eta Axular Lizeoa ikastolak espaloi jasangarria eraiki dute bide-zoru birziklatutik abiatuta.

2021/09/29

José Ignacio Asensio: “Berriro ere, Gipuzkoan birziklatze-sektorearen abangoardian jarri gara, espaloi iraunkorraren lehen zati hau inauguratuz. Hori da gure ekonomia deskarbonizatzeko bidea, birziklapenaren, tokiko enpleguaren sustapenaren eta jarduera ekonomikoaren eta baliabide naturalen erabileraren arteko bereizketaren bidez”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Aitor Uriondo Axular Lizeoa ikastolaren zuzendariak eta Marisol Barral Campezo Taldearen Berrikuntza arduradunak, Axular Lizeoa ikastolaren espaloi iraunkorra bisitatu dute gaur goizean. Hau Euskadiko espaloi iraunkorraren lehen zatia, botila birziklatuekin egina.

Bide-zoru horretako lanak aurtengo uztaila eta abuztua bitartean egin ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeko Departamentuaren, Grupo Campezoren eta ikastola beraren eskutik, Eko-REC eta Ekomodoren laguntzarekin. Hala, Donostiako Axular Lizeoa ikastolan bide-zoru birziklatuko sarbide berria egin da eta bide publikoarekin lotu da. Orain arte, ikastolak sarbide bakarra zuen, bai ibilgailuentzat bai oinezkoentzat. Ekimen honi esker, irisgarritasunerako oztopoak, errepidearen erabilera desegokia eta segurtasun arazoak ekiditen dira.

Asfaltoa egiteko, 50.000 plastikozko botila erabili dira. Ondoren, botila horien tapoiak erabiliko dira oinezkoentzako sarbidean jarriko diren eserlekuak eta paperontziak eraikitzeko. Birziklatutako paperontzi horiek hondakin gehiago bildu eta birziklatzeko balioko dute.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak proiektu honen garrantzia nabarmendu du: “Berriro ere, birziklapenaren sektorearen abangoardian jarri gara Gipuzkoan, espaloi jasangarriaren lehen zati hau inauguratuz. Hori da gure ekonomia deskarbonizatzeko bidea, birziklapenaren, tokiko enpleguaren sustapenaren eta jarduera ekonomikoaren eta baliabide naturalen erabileraren arteko bereizketaren bidez”.

“Garapen Iraunkorrerako Espaloia” proiektuaren bidez, egindako eta ikasitakoa beste leku batzuetara transferitzeko prototipo erreplikagarria izatea nahi da, eta, hala, erreferente bihurtu nahi da autonomia eta estatu mailan. Proiektu honen helburua da Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuaren erdian kokatzea. Horretarako, jasangarritasuna, hondakinen bilketa, berrerabilpena eta ekonomia zirkularra ikasteko eta sentsibilizatzeko metodologia erabili da. Horrela, hezkuntza-komunitate osoa inplikatu da, Axular Lizeoak zuen segurtasun-arazo bati erantzun dion espaloi birziklatua sortuz.

Grupo Campezok garatutako bide-zorua, funtsean, nahasketa bituminoso beroan (MBC) datza. Balorizatutako eta birziklatutako materialez osatua dago, hala nola plastikozko botilak (PET), EkoREC enpresa gipuzkoarrak balorizatuak.

Halaber, eraikitako espaloiaren osagarri gisa, Ekomodok hornitutako eserlekuak eta paperontziak jarriko dira, hezkuntza-komunitateak kontzientziazio- eta sentsibilizazio-prozesuan emandako plastiko birziklatuzko botilen tapoien bidez. Hurrengo hilabeteetan, Axular Lizeoak botilak eta botila-tapoiak bilduko ditu ikasleen eta hezkuntza-komunitate osoaren artean, birziklatutako lehengaiaren hornitzaileei espaloi iraunkorra eraikitzeko erabili diren 50.000 botilak itzultzeko.

Hala, Garapen Jasangarriko Helburuen aldeko jarduera zehatzak sustatzeko testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere helburu estrategikoetako bat bezala, jasangarritasuna bere nortasun-ezaugarri bihurtzea ezarri du. Espaloi iraunkor hori egiteko eta garatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak 46.537,54 euro erabili ditu guztira.

Honi dagokionez, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi du Gipuzkoaren etorkizuna, ingurumenekoa, ekonomikoa eta soziala, iraunkortasunean aurrera egitea dela: “Argi izan behar dugu giza jarduera orok jasangarria izan behar duela etorkizuna izan nahi badugu eta klima-aldaketaren mehatxua saihestu nahi badugu”, adierazi du. Foru-arduradunak ekimen honen garrantzia azpimarratu du; izan ere, “horrela, hezkuntza-komunitatea parte-hartzaile bihurtzen da, bai irakasleak bai ikasleak, eta Garapen Jasangarriko Helburuen eta Ekonomia Zirkularraren irizpideen ikuspuntutik kontzientziatzea eta sentsibilizatzea lortzen da”.

  

1370