Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskadiko Saharako Ordezkaritzak jaso du Guztiok Mugituz V. Saria

Euskadiko Saharako Ordezkaritzak jaso du Guztiok Mugituz V. Saria

Gaur arratsaldean, Donostiako Tabakaleran, Guztiok Mugituz saria eman da – Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak urtero ematen duena –, eta bosgarren edizio honetan, Euskadiko Saharako Ordezkaritza izan da saritua, Tindufeko errefuxiatu-esparruetan funtsezko mugikortasun eskubidearen alde egindako lana eskertzeko.

2021/12/15

Rafaela Romero diputatuak saria eman dio M. Limam Mohamed Ali Euskadiko Saharako ordezkariari eta, ekitaldi berean, Harkaitz Millán Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatuak aitortza berezia eskaini dio Bouhe Adouh-ri, «Oporrak bakean» programa solidarioaren ordezkaria den aldetik (Saharako umeak hemengo familiekin uda pasatzeko aukera ematen du programa horrek) eta, halaber, Fatma M. Galia Saharako olerkariak errezitaldia eman du. Bestalde, Susana Mangana andreak,  giza eskubideetan, eta erronka etikoetan, sozialetan eta politikoetan doktorea Deustuko Unibertsitatean, hitzaldi labur bat eman du, Saharako gatazkaren jatorriak eta gaur egun herrialde horrek dituen erronkak azalduz.

Topaketan izan dira, halaber, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatua; Harkaitz Millan, Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentua; Marisol Garmendia, 2015. eta 2019. urteen artean Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatua izandakoa; Jose Antonio Santano Irungo alkatea; Jon Iraola Eibarko alkatea; Izaskun Gómez Pasaiako alkatea; Mikel Serrano Zumarragako alkatea, David de Miguel Berrobiko alkatea, Ander Iturri Mugikortasuneko zuzendaria, eta Miguel Angel Crespo Lurralde Antolaketako zuzendaria.

Guztiok Mugituz saria 2017an sortu zen askatasunean mugitzeko eskubidearen aldeko lana aitortzeko asmoz. Horrela, Rafaela Romero diputatuak azaldu duenez, sariaren bosgarren edizio honen bitartez, Saharako herriak mugikortasun seguru, aske eta duinaren alde egindako borroka aitortu nahi da. «Geografia gure burua mugatzen duen helmuga denean, askatasunean mugitzeko eskubideak inoiz baino zentzu handiagoa hartzen du», esan du.

Halaber, Romero andreak Saharako Ordezkaritzarekin dagoen harremana gogorarazi du kontuan hartuta, orain gutxi, Foru Aldundiko Lankidetza Zuzendaritzarekin lankidetzan, erabiltzen ez ziren Lurraldebuseko bost autobus, Ekialdebuseko lineetakoak, eman zitzaizkiela.   Dohaintza horrek Saharako errefuxiatuen mugikortasuna errazten lagunduko du, batez ere txikienena, ikasten ari diren Aljeriako barnetegietara seme-alabak eramateko orduan.

Saharako ordezkariak, M. Limam Mohamed Ali jaunak, saria eskertu du hitz hauekin: «sari honek pozez betetzen gaitu eta errefuxiatu-esparruetan dauden muturreko baldintzak hobetzeko borrokan eta lanean jarraitzera animatzen gaitu». «Autobus horiek  orain bigarren eta hirugarren bizitza bat izango dute; izan ere, bizitza baliagarriaren amaiera iristen denean, desegin egingo dira, eta, ondoren, gurpilak jostailu bihurtuko dira, eserlekuak harrera medikoetan edo etxeetan erabiliko dira eta kristalak espazio publikoetan jarriko dira».

Guztiok Mugituz Sariaren aurreko edizioetan hauek izan ziren saridunak: Lurraldebuseko emakume gidariak (2020), MUGI sistema (2019), Bizikume eta Kalapie (2018) eta Errenteriako Gurutze Gorria (2017).

  

1430