Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskaltzaindiak Aldundiaren III. Ondarea Saria jaso du

Euskaltzaindiak Aldundiaren III. Ondarea Saria jaso du

Ondarearen Nazioarteko Egunean

2018/11/16

"Gure ondarea: iraganak etorkizunarekin bat egiten duen lekua" leloa duen Ondarearen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz, Markel Olano diputatu nagusiak eta Denis Itxaso Kulturako diputatuak Aldundiaren III. Ondarea Saria eman diote Euskaltzaindiari  «gure kultura ondare garrantzitsuena zaintzeko, eta  euskara bizirik mantentzeko eta bere etorkizuna bermatzeko egiten duen lan erabakigarriagatik».

2018ko Haur eta Gazte Literaturaren Espainiako Saria jaso duen Juan Kruz Igerabidek prestatu du sari banaketarako ekitaldiaren gidoia Morgan Creativosen zuzendaritzapean; ekitaldi horretan, hain zuzen, hitza, musika eta ikus-entzunezkoak konbinatu dira, eta herritarren testigantzak ere entzun dira, Euskaltzaindiak suposatu duen eta suposatzen duenaren adierazpen pertsonala egin baitute. Halaber, Kukai taldeko dantzari, koreografo eta zuzendari Jon Mayak eta konpainiako beste dantzari batzuk parte hartu dute, baita ere Ortzian koru-taldeko kideak, zango-biolaren laguntzarekin eta Aizpea Goenagak, Aitziber Ayesta andereñoak eta kanpotik etorri eta euskera ikasi duen Bora  Gorostidi neskatoak ere. 

Sariak 12.000 euroko zuzkidura du, baina sariaz gain, ekitaldi horretan Aldundiak Nestor Basterretxearen eskultura bat eman dio Andres Urrutia Euskaltzaindiako lehendakariari.

Sari honen helburua Gipuzkoako kultura ondarea zaindu, ikertu eta hedatzeko egindako lana saritzea da. Epaimahaikide izan dira Felipe Juaristi, idazlea; Juan Bautista Mendizabal, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko lehendakaria; Rocio Peña, arkitektoa; Susana Soto, San Telmo Museoko zuzendaria; Maria Jose Telleria, Kultura zuzendaria; eta Gabriela Vives, Foru Aldundiko Ondare Historiko-artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko burua. 

Epaimahaiak nabarmendu du erakundearen bizi-luzetasuna eta ibilbidea, eta balioetsi du erakunde honi saria emateko aukera, bere sorreraren mendeurrena eta Euskara Batuaren 50. urteurrena betetzen denean. Hain zuzen ere, euskara batua gizartearen arlo guztietan aitortzen eta partekatzen den ondarea da, erakundeak euskara zaindu, ikertu eta bultzatzeko egindako lanari esker; lehen mailako ondare immateriala eta gure kultura identitatearen funtsezko adierazpena. Enfasia egin da ere erakundeak ondasun hau biziberritzeko izan duen gaitasunean, eta euskararen zabalkundeak eta erabilerak gure gizartean izan duen eragina eta sortu duen eraldaketa kulturala. 

Sari hau 2009an sortu zen eta bitan bakarrik eman da: 2009an, Fermin Leizaolari, bere ibilbideagatik eta abian jartzen ari zen Gordailua proiektuarekin zuen loturagatik, eta 2011n, Juan Garmendia etnografo eta historialariari, ohiko kulturaren alderdiak eta moduak biltzeko, sailkatzeko eta zabaltzeko ikuspegiagatik, egindako landa-lan eta artxibo lanagatik, eta bere lana sozializatzeko eskuzabaltasunagatik.

Kultura Departamentuak saria berreskuratu nahi izan du “uste dugulako bere filosofiak indarrean jarraitzen duela, eta sari hori emateak lagunduko duelako gizartea sentsibilizatzen ondareak gure historiaren ezagutzan betetzen duen paperaren inguruan, nahiz kide izatearen, artearen, kulturaren eta aniztasunaren inguruan, datozen belaunaldiei transmititzeko eta  beste lurralde batzuekin partekatzen dugunari buruzko kulturarteko elkarrizketa bati ekiteko”.

  

1426