Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskalgintzako erakundeek kontziliazioaren alde egindako ahalegina nabarmendu du ikerketa batek

Euskalgintzako erakundeek kontziliazioaren alde egindako ahalegina nabarmendu du ikerketa batek

Euskalgintzako enpresa eta erakunde kopuru esanguratsu batek arreta berezia jartzen dio lan ordaindua, zaintza lanak nahiz bizitzako beste eremuak bateragarriago egiteari.

2022/05/25
Miren Elgarresta foru zuzendaria, topaketako partaideekin.

Hau da Langunek, Euskal Herriko hizkuntz industrien elkarteak, atera duen ondorioa Euskalgintzako sektorearen kontziliazio eta malgutasun neurriak aztertu ostean. Ondorioz, kontziliazio erantzunkidea gauzatzeko beharra norberarena ez ezik, enpresaren betebeharra ere badela ulertzen dute euskalgintza eremuko elkarteek, eta kontziliatzeko neurri berriak erantsi eta horien erabilera errazteko politikak garatu dituzte azken urteetan.

Hala jakinarazi dute gaur goizean Oihana Jausoro eta Amaia Rodriguez ikerlariek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako aurkezpen jardunaldian. Euskalgintzako erakunde eta enpresek kontziliazio erantzukidean egindako ibilbidearen azterketa eta ikaspenak lanaren egileek jakinarazi dutenez, berdintasunarekiko sentsibilitatea eta ikuspegi feminista kontzientea gailendu dira aztertutako erakundeen %70ean. Horrek, berretsi dutenez, segregazio bertikalaren txikitzea eta lidergo estiloen aldaketa  ekarri du hainbat erakundetan.

Hala ere, azkeneko urteetan erreferente maskulino berriak bistaratu diren arren, Euskalgintzako sektorean gizartean oro har ematen diren genero rol eta estereotipoak errepikatzen dira, kontziliazio erantzunkidea gauzatzeko bidean gizartean erroturik dauden oztopoak, hain zuzen ere. Esaterako, lan jarduna murrizten duten langile gehienak emakumezkoak dira. Baita ardura postuetako pertsonen artean ere.

Baimen eta lizentziei dagokionez,  legeak ezartzen dituen gutxienekoak asko hobetu dituzte euskalgintzako erakundeek. Malgutasun eta kontziliaziorako zailtasunak dituzten lan eremuetan ere (dendak, banatzaileak, erredakzioak...) neurriak arautu eta aplikatu egin dira. Denbora malgutasunarekin lotutako neurriak dira, erabileraren aldetik, baloratuenak aztertutako erakundeen artean. Konfiantzan oinarriturik, langile gehienek arduraz eta erantzukizunez jokatzen dute. Orokorrean, Euskalgintzako sektorean izaera berritzailea eta aurrerakoia duten neurriak jarri dira abian gaur egungo gizartearen behar zehatzei aurre egiteko. Bizikidetza, ezkontza edo norbere beharretarako lizentzia edo menpekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko ordu poltsak dira horren adibide.

Azterlanean parte hartu duten erakundeek gizarte berdinzaleagoa garatzeko kontziliazio erantzunkidea ezinbestekoa dela argi dute. Hori dela eta, kontziliaziorako neurriak genero-rolak sendotu ez ditzan, ezinbesteko jotzen dute estereotipoak gainditzea, lan guztien beharra ikusaraztea eta enpresen inplikazioa areagotzea.

Azterlanerako, Langunek kontziliazio neurriak bost multzotan sailkatu ditu: baimen eta lizentziak, denbora malgutasuna, leku malgutasuna, zerbitzuak, eta genero berdintasuna eta kontziliazioaren aldeko kultura. Lagina askotarikoa eta esanguratsua izateko, ezaugarri eta jarduera-eremu ezberdinetako 10 erakunderen 2018-2019 urteetako datuak aztertu dira.

Euskalgintza sektorean kontziliazioari buruz egin den lehen azterlana

Lehen aldia da kontziliazioaren azterketa euskalgintza sektorean modu berezituan egin dela. Langune izan da  sustatzailea eta elkarteko bazkide diren Emunek eta Elhuyarrek elkarlanean burutu dute azterlana, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun organoaren babesarekin.

Gaurko jardunaldian, aurkezpenaren ondoren, ikerketan parte hartu duten bi erakundek –Berriak eta Topaguneak– esperientzia positiboak, ikaskuntzak eta gogoetak partekatu dituzte. Foru Aldundiak sustatutako Erantzunkide Sareko enpresa batek, La Guipuzcoanak, berdintasuna eta kontziliazioaren alorrean egindako ibilbidearen berri eman du, baita ere. Kontziliazio erantzunkidean sakontzeko konpromiso irmoa hartu duten enpresek osatzen dute Gipuzkoako Erantzunkide Sarea, Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren testuinguruan.

“Susmoa genuen, baina azterlanari esker Languneren enpresetan berdintasun arloan gauzak ongi egiten ari direla konfirmatu dugu. Asko pozten gaitu Euskalgintzako sektoreak kontziliazio erantzunkidearen hainbat praktiketan aitzindaria dela jakiteak. Horrek ere sektorea balioan jartzen du”, adierazi du Lohitzune Txarolak, Languneko gerenteak.

Miren Elgarrestak, Berdintasuneko foru zuzendariak, gogorarazi du gizarte osoak “oraindik ere egiteko asko” duela berdintasunaren eta kontziliazio erantzunkidearen alorrean. “Baina aipagarria da enpresa, elkarte eta erakunde asko errealitate hori eraldatzeko egiten ari den lana. Euskalgintzatik gaurkoan jasotako hainbat esperientzia, horren lekuko da. Elkarlanean jarraitu behar dugu, adibide aurreratuetatik ikasiz, gogoeta eta ikaskuntzak partekatuz, berdintasunera bidean beharrezko eraldatze hori gauzatzeko”, adierazi du.

  

3145