Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Euskara bultzatzea inbertsio errentagarria da enpresentzat

Foto Euskara bultzatzea inbertsio errentagarria da enpresentzat

Euskara bultzatzea inbertsio errentagarria da enpresentzat

Lan esparruan euskararen erabilera bultzatzeko egitasmo berritzaileak ezagutu ditu Markel Olano diputatu nagusiak gaur Oiartzungo Niessen lantegian

Diputatu nagusia, Niessen lantegian

Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano, Ekonomia Sustapeneko diputatu Ainhoa Aizpuru eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalekin batera, Oiartzunen ABB konpainiak duen Niessen lantegian izan da gaur goizean, Oarsoaldeako enpresa honek lan munduan euskararen erabilera sustatzeko egindako ibilbide oparoa ezagutu asmoz. Hizkuntza berdintasuneko estrategiak partekatu eta, fabrikako zuzendari Iñaki Lete eta euskara batzordeko kideen eskutik, enpresa oiartzurrak hizkuntza ohituren inguruan abian jarritako esperientziak ezagutu dituzte Foru Aldundiko ordezkariek.

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategikoen artean dago hizkuntza berdintasunarena eta, jomuga horretara iristeko lanetan, euskararen egoera orekatu eta bere erabilera bultzatzeko eta posible egiteko baldintzak sorrarazi behar dira alor guztietan. “Desafio horri enpresaren mundutik heltzea ere oso garrantzitsua da. Gipuzkoan, zorionez, baditugu eredu eta esperientzia oso aurreratuak, ibilbide luzea eta langileen inplikazio erabatekoa dutenak. Horietako bat dugu Niessen”, goraipatu du Olanok.

“ABBk Oiartzunen duen Niessen fabrikaren esperientziak erakusten digun moduan, euskara gainontzeko hizkuntzekin berdintasunean erabili ahal izateko aukerak eta espazioak sortzen direnean,  lantegi edo enpresa bateko langileen arteko kohesioa bultzatu dezakeela eta honek, gainera, merkatura ateratzen duten produktua hobetu egiten duela. Hau da, hizkuntza berdintasunaren ikuspegitik egindako aurrerapenaz gain, euskara inbertsio errentagarria izan dela enpresarentzat”, nabarmendu du.

Oarsoaldeko Garapen Agentziarekin elkarlanean, urteak daramatza Niesseneko lan taldeak euskararen erabilera eta hizkuntza berdintasuna bultzatzeko egitasmoak gauzatzen. Langileek elkarlanean egiten duten aldizkaria, erakusketak, paisaia linguistikoaren zainketa, euskara eta domotika uztartzeko proiektua, besteak beste. Berriki egindako Euskaraldian ere parte-hartze aktiboa izan dute enpresako kideek eta lan esparruan hizkuntza ohituren inguruan lanketa bat egiteko aukera eman die.