Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskararen erabilera biziberritzeko lanean anbizio berriz jokatzeko unea da

Euskararen erabilera biziberritzeko lanean anbizio berriz jokatzeko unea da

Lazkaora egindako erakunde bisitan Maizpide euskaltegia ezagutu du diputatu nagusiak

Maizpide euskaltegia

Lazkaora erakunde bisita egin du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, gaur goizean, tokiko zenbait egitasmo eta proiektu bertatik bertara ezagutu asmoz. Herriko alkate Felix Urkolarekin batera, Maizpide euskaltegi-barnetegia ezagutu du eta bertako nazioarteko gelako ikasleekin egoteko aukera izan du bertan. “Maizpide bezalako erakundeek eta bertako irakasleek egindako lan baliotsu bezain isilari esker, hainbat eta hainbat belaunaldi euskarara gerturatu dira azken hiru hamarkadatan eta hizkuntzaren ezagutzak izugarri egin du gora euskal gizartean. Hori dela eta, egun, euskararen biziberritzean aurrerapauso berriak emateko tenorean gaude. Anbizio berriz jokatzeko unea da, erabilera indartu dadin eta hizkuntza espazio berrietara zabaltzen jarraitu dezagun”, adierazi du diputatu nagusiak.

Bide horretan Lazkaoko barnetegiak lortutako “arrakasta” eta “Euskal Herri osoko erreferentzialtasuna” nabarmendu ditu Olanok, bisitaren ondoren komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan. Aldi berean, “egunero-egunero euskara ikasteko ahalegina” egiten dutenen esfortzua nabarmendu du. “Heldutasunean euskara ikasten dutenek izugarrizko ekarpena egiten diote gure hizkuntzari –gaineratu du– Zeresanik ez nazioartetik guregana etorri eta euskal hizkuntzan murgildu eta sakontzeko hautua egiten dutenak. Euskaldunon eta Euskal Herriaren enbaxadore dira mundu osoan”.

Diputatu nagusiak berretsi du “euskararen biziberritze prozesua bidegurutzean” dagoela. “Eta arriskua badugu bertan etsita geratzeko edo bertan goxo sentitzeko. Horregatik, aurrerapauso berriak emateko garaia da, bi ideia oinarri hartuta: berrikuntza eta elkarlana. Batetik, egitasmo berri eta berritzaileek behar dute izan aurrera egiteko gakoa; bestetik, erakunde eta euskalgintzaren elkarlana –gizartearen eta administrazioaren artekoa, alegia– beharrezkoa dugu, denok batera bultzada berri bat eman diezaiogun euskararen biziberritzeari”, gogoeta egin du.

“Euskaraldiak erakutsi digu lankidetza posible dela eta ezinbestekoa dela. Gisa horretan bakarrik lortuko dugu ezagutzan aurrera egin dugun haina egitea aurrera erabileran”, laburbildu du Olanok.

Ekonomia eta gizarte ongizatea
Maizpidera joan aurretik Lazkaoko Udalean bilera egin dute diputatu nagusiak eta alkateak. Aztergai izan dituzte etorkizunera begira udalerriak esku artean dituen egitasmo eta desafio nagusiak, bereziki ekonomia sustapenaren eta gizarte politiken alorretan kokatzen direnak. 
Horren lekuko, KL Katealegaia taldeak Lazkaoko Zubierreka industrialdean duen instalazioetara bisita egin dute Olanok eta Urkolak. Lantegi hau, desgaitasuna duten pertsonentzako lana sortu eta mantentzeko gizarte-funtzioa betetzeaz gain, industria-hornitzaile osoa da, bere sektorean aitzindari diren enpresekin elkarlanean arituz. Alegia,  industriarako konponbide osoak eta lehiakorrak eskaintzen ditu eta, aldi berean,  norbanakoaren gaitasunei egokitutako enplegua sortzen du.

  

3294