Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Ezkioko Udalak eta Foru Aldundiak lankidetzan berrituko dute bertako frontoia

Ezkioko Udalak eta Foru Aldundiak lankidetzan berrituko dute bertako frontoia

Euritik babestuko da, hondatuta dauden paretak konponduko dira eta erabilera osagarriak jarriko dira,

Pilotalekuaren barrualdea euritik babestuko da, hondatuta dauden paretak konponduko dira eta behe solairuaren gainerakoan erabilera osagarriak jarriko dira, hala nola aldagelak eta bilera-gela.

Exekuzio aurrekontu osoa 163.870 euro da, eta Foru Aldundiak 79.382 euroren ekarpena egingo du.

Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".

Ezkioko alkate den José Ignacio Etxezarretak eta Kultura eta Kiroleko diputatu den Denis Itxasok hitzarmen bat sinatu dute, lankidetzan bertako pilotalekua berritzeko. Exekuzioaren kostua 163.870 euro da, eta Foru Aldundiak 79.382 uroren ekarpena egingo du.

Duela gutxi arte, udal ekipamenduak, kirol ekipamenduak barne, Ezkio eta Itsaso artean banatzen ziren. Itsasok pilotaleku estalia zuen, erabilera baldintza egokiekin; aldiz, Ezkio inguruan kokatzen den pilotalekuak gabeziak ditu, batez ere euri eta haize asko egiten duenerako. Izan ere, Ezkioko pilotalekuaren zati bat estali zen 2010ean, baina ez da nahikoa. Kontserbazio egoerari dagokionez, ez da egokia, eta bai frontisak eta bai alboko paretak ere jokorako oztopo diren altxatuak eta pitzadurak dituzte. Egoera horren eraginez, Ezkioko biztanleek eskatu dute kirol instalazio hori konpontzea, herritar orori irekita dagoen instalazioa baita.

Proiektuak 3 jarduketa mota planteatzen ditu:

Pilotalekuaren barrualdea euritik babestea; horretarako, polikarbonato zelularreko xafla berriak jarriko dira ekialdeko eta iparraldeko fatxadetan estali gabe dauden zuloetan.

Hondatuta dauden paretak konpontzea; horretarako, egungo estaldura hondar-zurrustaz kenduko da lehendabizi, ondoren morteroaz zarpiatuko da, eta azkenik margotu. 

Eskola zaharraren ondoko eraikinaren behe-solairuan bi komun jartzea, horietako bat egokitua; komunetara eraikinaren barrutik nahiz kanpotik sartzeko aukera egongo da. Behe-solairuaren gainerakoan erabilera osagarriak jarriko dira, hala nola aldagelak eta bilera-gela.

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da laguntza; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.

Itxasok nabarmendu duenez, "planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du".

“Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko”, esan du Itxasok. 

Bai Ezkioko Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

 

 

 

  

1650