Familia-enpresek susperraldi ekonomikoan duten garrantzia nabarmendu dute Aldundiak eta Aefamek
Familia-enpresek susperraldi ekonomikoan duten garrantzia nabarmendu dute Aldundiak eta Aefamek
Foru erakundeak krisiari aurre egiteko eta produkzio sarearen sustraitzea indartzeko jarduketak partekatu ditu elkartearekin.
Foru Aldundiak azken asteetan lurraldeko ekonomia-arloko eragile eta erakunde garrantzitsuekin izan duen harreman errondarekin jarraitzen du, egoera ekonomikoaren jarraipena egiteko, eta krisiari aurre egiteko eta ekarpen berriak jasotzeko jarduketak partekatzeko. Topaketa horien barruan, Markel Olano diputatu nagusiak eta Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak gaur hartu dituzte foru jauregian Gaizka Zulaika Euskadiko Familia Enpresaren Elkarteko zuzendaria eta Ibon Aperribay, Maria Luisa Guibert eta Mikel Santa Cruz elkarte horretako zuzendaritza-batzordeko kideak. Bileran, bi erakundeek nabarmendu dute nolako eginkizuna duten familia-enpresek pandemiaren aurrean produkzio sarea bultzatzeko, berreskuratzeko eta eraldatzeko prozesuaren barruan.
Foru arduradunek Aldundiaren aurrekontu proiektuaren ildo nagusien berri eman diote Aefameri. Aurrekontuak onartze prozesuan daude, eta % 39ko igoera aurreikusi da horietan Ekonomia Sustapeneko Departamentuarentzat, 115 milioi euroko zuzkidurarekin, ekonomia suspertzea lan eremu nagusitzat hartuta. Elkartearen ekarpenak ere jaso dira, Aldundia diseinatzen ari den 2021eko suspertze ekonomikorako planari begira. Azkenik, enpresak lurraldean errotzea eta bertan jarraitzea bermatzeko azken urteotan abian jarri diren neurrien balantzea egin dute.
Ekimen horien artean, zerga-eremukoak daude, hala nola familia-eremuan enpresen ondorengotza errazteko pizgarriak; ekimen ekonomikoak, eta horien artean berariaz enpresa-jarduerak jarrai dezan laguntzera bideratutakoak (500.000 euro urtean) edo talentua eta enpresetan parte hartzea sustatzera bideratutakoak (urtean 4 milioi euro baino gehiago); ELKARGIrekin batera 2016an bultzatutako finantza-tresna, eremu hori ere barne hartzen duena; eta, azkenik, Gipuzkoako Bazkundearekin batera familia-enpresei aholkularitza espezifikoa emateko egin diren prestakuntza-ekintzak, zeinak egin baitira jarduera ekonomikoaren jarraipena, belaunaldi erreleboa eta transmisioa bermatzeko helburuz.
Markel Olanok azpimarratu du familia-enpresak garrantzi handia duela Gipuzkoako ekonomian; izan ere, enpresen % 70 inguru familiarrak dira, eta lurraldearen BPGaren % 65 hartzen dute. “Sustatzen jarraitu behar dugun eredu sozioekonomikoaren indarguneetako bat gure produkzio sarea errotzea da. Orain inoiz baino gehiago, Gipuzkoarekin eta lurraldearen etorkizunarekin konprometitutako enpresak behar ditugu, haiek osatzen dituzten pertsonekin konprometituak, partaidetzan oinarrituak eta jarraitzeko bokazioa dutenak. Familia-enpresek, beraz, funtsezko zeregina dute etorkizuneko lehiakortasuna eta ongizatea bermatzeko”.
Horregatik, ziurtatu du Aldundiak “Aefameren moduko eragile ekonomiko eta sozialekin lankidetzan”, Gipuzkoan enpresak “sustraitzea” indartzera bideratutako neurriak “finkatu eta indartuko” dituela, langileen parte hartzearen eta belaunaldi erreleboaren aldeko apustua eginez, eta pertsona oinarri duen “Gipuzkoako” enpresa-kulturaren alde eginez. “Apustu horrek enpresa-proiektuen barne kohesio, lehiakortasun eta erresilientzia handiagoa dakar, eta guztiz bat dator Europak pandemia osteko agertokia eraikitzeko ezarritako jarraibideekin”, adierazi du.
Gaizka Zulaikak, berriz, adierazi du familia dela euskal ekonomiaren ekoizpen sarearen % 84, eta, beraz, "bizkarrezurra" dela. Gainera, familia enpresa "enplegua sortzeko ekarpen nabarmena egiten du, Euskadiko enpleguaren % 55,45 ordezkatzen baitu". Beraz, haren zeregina oinarrizkoa da ekonomia suspertzeko.
Bestalde, gaineratu du lanean dihardutela “Familia-enpresarentzako eta enpresa-familiarentzako ekosistema mesedegarri eta egoki bat eraikitzeko, egonkortasuna eta hazteko ahalmena emango diguna; horretarako, euskal erakundeen laguntza dugu, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Familia-enpresak errotzeko, funtsezkoa da ekosistema indartzea eta familiak errotzea, eta bide horretan ari gara lanean ", amaitu du Aefameko zuzendariak.
Aefame
Aefame 2015ean eratu zen 34 bazkiderekin, Euskadin hain errotuta dagoen familia-enpresaren ereduaren interesak babestu eta defendatzeko helburuarekin. Era berean, familia-enpresaburuari eta enpresaburu-familiei enpresa-eredu horren erronkei erantzuten, familia-enpresaren profesionalizazioa sustatzen eta hurrengo belaunaldiak sartzen lagundu nahi die.
Epealdi horretan gora egin du, eta gaur egun, Andres Sendagorta presidente dela duela urtebetetik – Javier Ormazabal ordezkatu zuen karguan –, hiru lurraldeetako 61 konpainiak osatzen dute, 13.900 milioi eurotik gorako fakturazio agregatua dutenak eta 148.000 pertsonari baino gehiagori enplegua ematen dietenak. Industria-sektoreak biltzen du enpresa-kopuru handiena, eta elkartekideen erdia baino gehiago osatzen du. Aefamek Family Business Network familia-enpresaren nazioarteko sarearekin kolaboratzen du. Sare horrek 8.500 banakako kide baino gehiago eta 58 herrialdetako 2.800 familia-enpresa baino gehiago ditu.
2245