Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Fiskalitate berdea aktibatu du Gipuzkoak, eguzki panelekin energia jasangarrien ekoizpena bultzatzeko

Fiskalitate berdea aktibatu du Gipuzkoak, eguzki panelekin energia jasangarrien ekoizpena bultzatzeko

3.000 euroko muga duen kenkaria ezarriko du, panelen erosketa edota eguzki energia sortzea helburu duten entitateetan inbertsioak sustatzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak kenkari berri bat du onartze bidean, Eider Mendoza foru bozeramaileak gaur goizean iragarri duenez. Zehazki, ohiko etxebizitzetan eguzki energiarekin hornitzeko egindako inbertsioak dira zerga hobari berri honek lagundu nahi dituenak: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, egindako inbertsioen %15eko kenkaria ezarriko du Gipuzkoak, lau urtetan aplikagarria eta 3.000 euroko muga izango duena. Neurria jada onartu du Diputatuen Kontseiluak eta, aurreikuspenen arabera, martxoko Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran jaso dezake indarrean jartzeko behar duen batzarkideen onarpena. “Energia berriztagarriak sustatu nahi ditugu honela, klima aldaketari aurre egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan dituen ekimenen inguruan kokatzen da”, adierazi du Mendozak.

          Foru arduraduna hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, asteartero bezala, aste honetako Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien eta landu diren gaien berri emateko, eta bertan egin du iragarpena. Bertan zehaztu duenez, bi inbertsio motagatik izango da aplikagarria hobari berria, beti ere PFEZan: batetik, eguzki panelen erosketa zuzena; eta bestetik, eguzki paneletan inbertitu eta energia iturri eraginkorragoak sustatzea helburu duten entitateetan inbertitzea (adibidez, EAEn sortzen ari diren Ekiola bezalako energia kooperatibak).

“Diputatu nagusiak politika orokorreko Plenoan azpimarratu zuen bezala, etorkizunera begira ditugun erronkei heltzeko unea da. Pandemia atzean uzten ari garen honetan, azeleragailua zapaldu behar dugu hiru arlotan: gizarte-politikak, ekonomia eta enplegua, eta klima-aldaketari aurre egiteko estrategia”, nabarmendu du bozeramaileak. Gogoratu duenez, hiru horiek dira baita ere Aldundiak 2022 urterako onartu dituen aurrekontuen ardatzak. “Klima-aldaketa da egungo gizarteak aurre egin beharreko erronka nagusietako bat. Ez da ingurumen-arazo hutsa, mehatxu existentziala da eta bizitza dago jokoan, egun ulertzen dugun moduan”, ohartarazi du.

Foru arduradunak gehitu du Gipuzkoan, etorkizuneko erronkei ematen ari zaion erantzuna, lurralde bezala, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez ematen ari dela, eta betiere elkarlanean arituz. Klima aldaketaren kontrako borrokaren kasuan, “gogoratu behar da erreferentziazko zentro bat dugula martxan arlo honetan, Naturklima. Klima aldaketak dakartzan mehatxuei aurre egiteaz gain, ekarri ditzaken aukerak ustiatzea helburu duena”, adierazi du, gaineratuz lurraldeak alor honetan ere, Europa mailan onenekin egon nahi duela, biharko egunean ere ekonomia eta gizarte jasangarriagoak izateko. “Fiskalitate berdearen bitartez, asko egin dezakegu alor horretan; testuinguru honetan kokatu ditzakegu gaur aurkeztutako kenkari hauek”, nabarmendu du.

 

Sagarrondoak

Bestalde, Kontseiluak gaur onartu du lurraldean sagardorako sagarrondoak landatu, zaindu, hobetu eta garatzeko dirulaguntzen 2022ko deialdia. Aurten 325.000 euro bideratuko dira sagardogileei sagardo naturala ekoizten laguntzeko, pasa den urtean baino 30.000 euro gehiago. “Hala eskatzen duten ekoizle guztiengana iristea da helburua, eta, beraz, aurrekontuetan partida gehigarri bat aurreikusi da deialdi honetarako, hasierako zuzkidura handitu behar izanez gero”, esan du. Deialdirako baldintza guztiak eta aurkeztu beharreko agiriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean egongo dira eskuragarri.

“Sagardoa Gipuzkoako produktu nagusietako bat da, txakolinarekin eta gaztarekin batera, bere balio kultural, gastronomiko eta ekonomikoagatik”, azaldu du Mendozak. Sagardoa egiteko tokiko sagarraren gabezia konpontzeko, eta ekoizleen eskariari erantzunez, Aldundiak urtean 300.000 euroko deialdia jarri zuen abian 2016an sagarrondoak landatzeko.           Programa hori sektoreko elkarte eta eragileekin batera diseinatu zen eta, ordutik urtero ematen da, emaitza aipagarriak lortuz. Sagarra Euskal Sagardoa jatorri-deiturako sagardoa egiteko erabiltzen da.

“Aldundiaren helburua da Gipuzkoa tokiko sagarraz hornitzeko gertu egotea legegintzaldi hau amaitu baino lehen. Horregatik, sagardoaren sektorea bultzatzen jarraituko dugu, laguntza ildo honi jarraipena emanez eta sektorearen jarduera egoera berezi honetan mantentzeko ekimen berriak martxan jarriz”, aldeztu  du Mendozak. “Pandemiak agerian utzi du zein garrantzitsua den lehen sektore indartsu eta dinamikoa izatea, kalitatezko elikagaiak eta lehengaiak emateko gai dena”, azpimarratu du.

 

Egoitzetako partea

Bestalde, adinekoen egoitzetan pandemia izaten ari den eragina ere eguneratu du bozeramaileak. Erabiltzaileen kasuan, momentu honetan 161 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 104 gutxiago), 17 egoitza ezberdinetan (9 gutxiago). Kasu hauetatik, 64 lagun daude erreferentzia zentroetan. Pasa den astetik hona, bi egoiliar zendu dira, 149 sendatu eta 47 positibo berri atzeman dira. Guztira, azaroaren 29tik hona, 39 egoiliar hil dira, eta 1.856 lagunek gainditu dute gaixotasuna. Azkenik, adinekoen egoitzetako langileei dagokionez, 94 positibo aktibo daude (pasa den astean baino 41 gutxiago) 28 egoitza ezberdinetan.

          Bestalde, diagnosi proben kasuan (PCR eta listu bidezko PCR probak), azken astean 2.018 egin dira (1.583 PCR eta 618 listu PCR), bataz beste, 288 proba egunean. Guztira, abendutik hona, 40.598 proba. Listu PCRak langileei bi astean behin egiten zaizkie, eta astean behin txertatu gabe daudenei, eta horrez gain, antigeno testak ere egiten dira. “Esfortzu handia ari gara egiten detekzioan. Horixe baita kutsatzeak ekiditeko gakoa”, adierazi du bozeramaileak.

  

4215