Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundia harrera familien bila dabil tutoretzapeko 45 adingaberentzat

Foru Aldundia harrera familien bila dabil tutoretzapeko 45 adingaberentzat

Maite Peña: “Foru Aldundiaren tutoretzapean bizi diren zentroetatik ateratzeko prest dauden haur eta nerabeak dira, profil desberdinetakoak, horietako batzuk behar bereziak dituztenak”

 “Benetako besarkadak” izeneko foru kanpainaren arrakastaren ondoren, zeinari esker 50 harrera familia lortu baitziren foru erakundearen tutoretzapean zeuden beste horrenbeste neska-mutilentzat, orain Gipuzkoako Foru Aldundia beste familia batzuen bila dabil, euren etxean modu solidarioan har dezaten foru erakundearen tutoretzapean bizi diren zentroetatik ateratzeko prest dauden 45 haur eta nerabeetakoren bat. Adingabeak profil desberdinetakoak dira eta horietako batzuk behar bereziak dituzte. Maite Peña Gizarte Politikako diputatua prentsaurrean agertu da gaur goizean, bere esperientzia azaldu duen harrera familia bateko kide batekin, eta adierazi du harrera familien beharra “etengabea” dela, izan ere, nahiz eta gaur egun 356 adingabe harrera familietan bizi -eta hori arrakasta bat izateaz gain Gipuzkoako gizartearen solidaritatearen adibide ere bada-“, oraindik “316 adingabe daude foru tutoretzapeko zentroetan bizitzen. Horietatik, 45 bideratuta daude eta zentrotik ateratzeko prest harrera familiak aurkitzen diren momentuan, baldin eta egokitzat jotzen badira”. Diputatuak azaldu du zentro horietan bizi diren haurrek “arreta egokia” jasotzen badute ere haien zaintzaz arduratzen diren profesionalen aldetik, “horrek ezin duela inola ere familia baten maitasuna ordeztu”. “Izan ere 3, 8 edo 13 urte dituzunean, bizitzeko leku bakarra etxe bat izan beharko luke. Familia batean”.

Familia harrerara bideratutako haurren eta behar diren harrera familia moten ezaugarriei dagokienez, foru diputatuak adierazi du profilak era askotakoak direla. Lehenik, familia harrerara bideratuta dauden eta behar bereziak dituzten haur txikiak daude (4 urtetik beherakoak), horientzat bereziki sentiberak diren familiak behar dira, nolabait ere, “espezializatutako familiak”. “Hau da, haur horiek duten atzeratasun fisiko eta emozionalarekiko sentiberak diren familiak behar ditugu, gai izango direnak haurren aurrerapen ezak, jarreren errepikatzeak eta harremanetarako eta ikasteko dituzten zailtasunek eragiten duten frustrazioari aurre egiteko. Zentzu horretan, haur horiek dituzten behar fisikoak eta emozionalak ulertu eta onartuko dituzten familiak behar ditugu, haien beharrak ase eta euren errealitatera moldatzeko gai diren familiak”.

Bigarren, haurtxoak ere badaude, eta Foru Aldundiak ez du familiarik aurkitzen horientzat. Peña andreak adierazi duenez, haurtxo horietako batzuk “erlijio eta kultura ezberdinetakoak dira”, eta horrek eskatzen du familiek onartzea egoera horrek eragingo lukeen errealitate bikoitz hori.

Hirugarren, anai-arreba bikoteak daude, Haurren eta Nerabeen Babeseko Zerbitzuaren iritziz familia berean egon behar dutenak. “Beraz, anai-arreba horiek banantzea aurreikusten ez dugunez, bi senideen familia harrera onartuko luketen familiak behar ditugu, kontuan izanda anai-arreba horiek errealitate bera partekatu arren ezaugarri eta behar diferenteak dituztela".

Laugarren, epe labur-ertainean jatorrizko familiarekin itzultzea aurreikusten delako bere familiarekin bisita erregimen zabala duten haurrak aldi baterako hartuko dituzten familiak behar dira.

Bosgarren, Foru Aldundiak ere behar ditu funtzionamendu autonomoa duten eta portaera arazorik ez duten sei urtetik gorako neska-mutilak etxean hartuko dituzten familiak. Horrelako haurrak hartzeko hazkuntzan esperientzia duten familiak behar dira, ume horien familia biologikoa “naturaltasunez” biziko dutenak, eta “entzuteko eta ulertzeko” gaitasuna dutenak, azpimarratu du foru diputatuak. Halaber, gaineratu du neska-mutil horien adina “oztopo” bat izan daitekeela familia askorentzat, txikiagoak eta integratzen “errazak” diren haurrak nahi baitituzte.

Seigarren, foru erakundea guraso bakarreko familien bila dabil pertsona bakarra behar duten haurrak artatzeko. Mota horretako familiek –azaldu du Peñak- aukera ematen dute familia sistema horretan integratutako haurrek “erreferente bakarra” izateko, markatuko diena eta harekiko lotura ezarriko duena. Horrek, epe luzera, “lasaitasuna” emango die haur horiei.

Azkenik, Foru Aldundiak ere behar ditu, portaera arazorik ez duten nerabeak etxean hartuko dituzten familiak. “Profil horretarako familia malguak behar dira, nerabeen familia egoera konplexua eta bizi-zikloaren etapa ulertzeko gai direnak, eta harrera familiarekiko loturak pixkanaka ezartzen utziko diena, intimitate emozionaleko testuinguruetan erlazionatzeko zailtasunak izaten baitituzte”, adierazi du diputatuak.

Bukatzeko, Maite Peñak gogorarazi du gure inguruan badirela haurtzaro normala bizitzen ari ez diren haurrak eta nerabeak. “Uste baino gehiago dira egoera horretan dauden haurrak, eta behar luketena baino gehiago sufritu dute: aldaketa drastikoak, bakardadea, beldurra, eta ziurgabetasun handia. Hainbat arrazoirengatik beren familietan bizi ezin duten haurrak eta nerabeak dira. Eta guztiok dakigu haurtzaroa babestu beharreko altxor bat dela”.

Harrera familia izateko interesa nahi izanez gero, hauxe da kontaktua:

943  11 25 22 / harrerafamilia@gipuzkoa.eus

Harrera familia izateko interesa nahi izanez gero, hauxe da kontaktua: 943  11 25 22 / harrerafamilia@gipuzkoa.eus

  

1421