Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak 1,1 milioi eurora igo ditu Gipuzkoako abeltzaintza sektorearentzako laguntzak, GHEren eragina arintzeko

Foru Aldundiak 1,1 milioi eurora igo ditu Gipuzkoako abeltzaintza sektorearentzako laguntzak, GHEren eragina arintzeko

Aldundiak baserritarrekin duen konpromisoa berretsi du Eider Mendozak: “neurri honi esker, jasotako eskaera guztiei erantzungo diegu”

Larraul

Foru Aldundiak 1,1 milioi euro bideratuko ditu, azkenik, Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoak (GHE) jotako Gipuzkoako abeltzaintza sektorerako aparteko laguntzetara. Izan ere, nahiz eta deialdi honetan aurreikusitako hasierako zenbatekoa 400.000 eurokoa izan, jasotako eskaeren kopuruak nabarmen gainditu du zenbateko hori, eta, ondorioz, Diputatuen Kontseiluak 710.000 euroko gastu gehigarria onartu zuen joan den asteartean, hilak 19, egindako bileran. "Neurri honek aukera emango digu jaso ditugun eskaera guztiei erantzuteko, eta jarduera horretan aritzen diren pertsonekin dugun konpromisoa berresten du, gure ustez, jarduera hori funtsezkoa baita Gipuzkoaren orainaldirako eta etorkizunerako, bai eta gure ekonomia-, gizarte-, lurralde- eta ingurumen-orekarako ere", nabarmendu du Eider Mendoza diputatu nagusiak.

            Mendozak Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuarekin batera Larraulgo Larrola baserrira egindako bisitan eman du hartutako erabakiaren berri; bertan, Jon Tejeriak eta Eider Arozenak esne behien ustiategi bat kudeatzen dute, Gipuzkoan gaitzak kaltetutako bat, alegia. Diputatu nagusiak bertatik bertara ezagutu du gaixotasunak nola erasan dion haien proiektuari, eta "Aldundiaren babes osoa eta hurbiltasuna helarazi die bai haiei eta bai Gipuzkoako abeltzaintza sektore osoari. Kalte ekonomikoak garrantzitsuak izan dira, baina ez dugu ahaztu behar jardueraren atzean pertsona asko zaudetela, alderdi ekonomikoarekiko kezkaz gain, animo eta emozio aldetik eraso handia jasan duzuenak, zuen abereak gaixotasunaren eragina jasaten ikustean. Zuek babesten jarraituko dugu, eta zuen ondoan egongo gara", adierazi du.   

            Aparteko laguntza horien helburua da behi azienda (haragitarakoak, esnetarakoak, mistoak, gizentzekoak eta suharrak) duten baserritarrei laguntzea, GHEk eragindako krisiaren ondorioz ustiategiek jasaten dituzten zailtasun sozioekonomikoak arintzeko. Izan ere, krisi horren ondorioz, animalia errendimenduak murriztu egin dira, eta, osasun tratamenduaren eta arretaren kostuek, eta heriotza tasek, berriz, gora egin dute.  "Egoera larriek erabaki garrantzitsuak hartzea eskatzen dute, eta guk argi eta garbi dakigu zein den gure helburua: Gipuzkoarentzat, gure ekonomiarentzat, gure paisaiarentzat eta gure orekarentzat funtsezkoa den jarduera hori babestea", adierazi du diputatu nagusiak, eta gizarteari dei egin dio "gure baserritarrak babes ditzan tokiko produktuak kontsumituz, bai Gabonetan eta baita aurrerantzean ere".  

Deialdiak bi konpentsazio lerro ditu: bata, animalien heriotzarengatik konpentsatzeko, eta bestea, behin gaixotasuna gaindituta, haien ekoizpen eta/edo ugalketa egoeran izandako ondorioengatik konpentsatzeko. Diputatuen Kontseiluak joan den urriaren 24an onetsi zituen laguntzak, eta azaroaren 27an amaitu zen eskaerak aurkezteko epea. Lurralde Oreka Berdeko departamentua laguntzak banatzeko izapideak egiten ari da gaur egun, urtea amaitu baino lehen ordaintzeko asmoz. Laguntzen lehen lerroak 600 abelburu baino gehiagoren galerari erantzungo dio; bigarren lerroak, berriz, 3.000 buru baino gehiagori eragingo die.

Aldundiak, deialdi hau abian jarri aurretik, erabaki zuen animaliei gaixotasunari aurre egiteko aplikatzen zaien larrialdiko tratamenduaren % 100 ordaintzea. "Osasun krisi hau hasi zenetik azkar eta irmotasunez jardun dugu, jarraipena egiteko eta laguntza ekonomikoa emateko ekintzak abian jarriz. Abeltzaintza sektoreak erronka handiak zituen jada, eta gaixotasun horrek are gehiago zaildu du bere egoera", adierazi du Xabier Arrutik, baina etorkizunean "konfiantza" duela adierazi du. "Lurralde oreka berdearen aldeko apustuaren barruan, jarduera hori epe laburrean babesten jarraituko dugu, pandemian egin genuen bezala, orain egin dugun bezala, eta baita epe luzean ere, baserritarren errentagarritasuna, lehiakortasuna eta bizi baldintzak hobetzeko legegintzaldi honetan prestatu ditugun ekimen berrien bidez".

Bilakaera positiboa

Irailaren 5ean detektatu zen lehen aldiz birusa Gipuzkoako behietan, eta gaixotasuna azkar hedatu zen lurralde osora. Ezin aurreikusizko portaera izan zuen; izan ere, eskualde batzuetan lehenengo asteetan ez zen batere kasurik antzeman eta egun gutxitan ikaragarri ugaldu zen. Iraila eta urria izan ziren hilabete zailenak, "olatu" handienak orduan izan baitziren, eta urri bukaeran, euria iritsi eta tenperaturak jaitsi zirenean, egoera hobetuz joan zen, nahiz eta gora-behera batzuk izan ziren.  Gipuzkoan 900 ustiategi baino gehiago izan dira kaltetuak, estimazioen arabera. Azken asteetan ia ez da kasurik erregistratu eta ez da heriotzarik izan: "Nolanahi ere, adi jarraituko dugu, eta zuhurtzia handiz jokatu, agerraldi gehiago gertatuz gero ere", adierazi du diputatuak.

Irailaz geroztik, Aldundia eta sektorea koordinatuta aritu dira etengabe.  Jarraipen mahai bat sustatu zen, Lurralde Oreka Berdeko Departamentuko arduradun politiko eta teknikariek, eta Abelur, Lurgintza, ENBA, EHNE, Blonda, Terreña, Limousin, GIFE, Gitxegi eta Abere Albaitariak elkarteetako ordezkariek eta eragileek osatuta. Gaixotasunaren bilakaera aztertzeaz eta haren eraginari buruzko informazioa partekatzeaz gain, mahai honetan gaitzari aurre egiteko hartu beharreko neurriak adostu dira. Guztira 6 bilera egin ditugu. "Sektorearekin etengabe elkarlanean ari gara eta gure arteko komunikazioa arina da.   "Uste dugu hori dela jarraitu beharreko bidea, bai kasu honetan, bai etorkizuneko erronketan: lehen sektore indartsu bat funtsezkoa da klima aldaketari aurre egiteko eta elikagai jasangarriak bermatzeko, besteak beste".

  Gaixotasun hemorragiko epizootikoa (GHE) gaixotasun biriko infekzioso ez-kutsakorra da, intsektuen ziztadaren bidez transmititzen dena (Culicoides spp.). Gaixotasuna ez da kutsakorra gizakientzat; beraz, animalia horien haragia lasai asko kontsumitu daiteke. Historikoki, GHE Ipar Amerikan, Australian, Asian eta Afrikan ibili da, baina EBn eta estatuan ez da inoiz detektatu iazko azarora arte. Hain zuzen ere, pentsatzekoa da berotze globala dela gaixotasuna eragiten duen eltxoaren hedapena areagotu ahal izan duen faktoreetako bat.

  

933