Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak 10 plaza berri hitzartu ditu Zumaiako Otezuri egoitzan

Foru Aldundiak 10 plaza berri hitzartu ditu Zumaiako Otezuri egoitzan

II-III Graduko Mendekotasun handiko 45 plazatik 55era pasako da, Urola Kostako itxaron zerrenda arintzeko asmoz

Gaur goizean Markel Olano diputatu nagusia, Maite Peña Gizarte Politikako diputatua eta Oier Korta Zumaiako alkatea Zumaiako Otezuri egoitza zentroan izan dira, non Foru Aldundiak 10 plaza berri hitzartu dituen, II-III Graduko Mendekotasun handikoak, hain zuzen. Horri esker, 45 plazatik 55 izatera pasako dira Otezurin, Urola Kostako itxarote zerrenda arintzeko asmoz. Gaur egun Zumaiako Otezuri egoitza zentroak, Gerozerlanek (Matia Fundazioa) kudeatua, 66 plaza ditu hitzartuta: 45 arruntak eta 21 UPSI motakoak (Unitate Psikogeriatrikoa), nahiz eta baimendutako plazak 109 izan (88 arruntak eta 21 UPSI motakoak). Bisitaldian, Lierni Santamaria Otezuri egoitzako zuzendaria lagun izan dutela, diputatu nagusiak oroitarazi du Zumaiako Otezuri zentroa kokatuta dagoen Deba Kosta ingurua geografikoki Urola Kosta ingurutik gertu dagoela. “Deba Kostak biltzen ditu Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Debako udalerriak, eta horietan egoitza zentroetako itxaron zerrenda %25ekoa da eta ez dago plaza berriak hitzartzeko aukerarik”. Hori dela eta, adierazi du Otezuri zentroan hitzartu diren plaza berri horiekin, “Deba Kostako eta Urola Kostako erabiltzaileen eskaerari erantzun ahalko diogula”.

Era berean, Peñak esan du plaza berri horiek hitzartzeko, Foru Aldundiak 90.000 euroko inbertsioa egingo duela, beti ere helburu hau hartuta: Gipuzkoako gizarte baliabideetako sare publikoaren eskaintza gizarte beharretara egokitzea eta lurralde oreka lortzea, 2015-2017 aldirako Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapari jarraiki. “Neurri horiei esker – gaineratu du- hobetzen ari gara zerbitzuen eta prestazioen eskaintzaren kalitatea,  pertsonen beharretara egokitutako arreta bermatzeko, eta oso garrantzitsua dena, ahalik eta gertuen beraien etxetik”.

Azkenik, Gipuzkoako gizartearen zahartzea dela eta, Olanok adierazi duenez, "Gipuzkoan erronka horri estrategia integral batekin egin diogu aurre, eta besteak beste,  300 plaza gehiago sortuko ditugu legealdi bukaera arte, horrela egoitzetan plaza eskatu duten pertsonen itxaron zerrenda murriztuz joateko". Oraingoz, eta Zumaiako berri horiekin, 141 plaza berri sortu dira, eta aurten, gutxienez, beste 68 sortuko dira. Horrekin lotuta, Foru Aldundiak aurten ia 60 milioi euro gastatuko ditu mendekotasunerako prestazioetan (gaur egun 16.000 pertsonek jasotzen dute prestazio hori). Halaber, diputatu nagusiak gogorarazi du Etorkizuna Eraikiz programaren barruan, Foru Aldundia egoitza bat irekitzekoa dela Pasaian, “zahartzaroaren eta osasunaren arloan punta-puntakoa izango dena, eta laguntza zerbitzuak hobetzeko prozesu berriak aztertuko dituena”. Horrez gain, Maite Peñak esan du laster “proiektu esperimental bat jarriko dugula abian etxeko laguntza zerbitzua indartzeko, inolako zalantzarik gabe, ikerketa eta berrikuntza teknologikoa ezinbestekoak baitira gizarte politiketan aurrera egiteko eta zahartzaroak dakarren erronkari arrakastaz erantzuteko”.

plaza berri horiek hitzartzeko, Aldundiak 90.000 euroko inbertsioa egingo du
  

2076