Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak 136.000 euro bideratu ditu herritarren parte hartzea bultzatzen duten elkarteei laguntzeko

Foru Aldundiak 136.000 euro bideratu ditu herritarren parte hartzea bultzatzen duten elkarteei laguntzeko

18 proiektu lagundu dira guztira

2018/08/27

Foru Aldundiak, Gipuzkoako irabazi asmorik gabeko erakundeei zuzendutako deialdiaren barruan, 136.780,20 euro bideratu ditu herritarren parte hartzea sustatzeko, iazko zenbatekoaren bikoitza baino gehiago.  Udalekin adostutako erabakietako bat izan da diru gehiago jartzea diru laguntza lerro horretarako, 2017an 60.000 euro xedatu baitziren. Eskaera guztiak aztertu ondoren, 18 elkartek diru laguntza jasoko dute herritarren parte hartzean oinarritutako proiektu desberdinak garatzeko udal, eskualde edo lurralde mailan.

Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azpimarratu duenez, proiektuak “aberatsak eta desberdinak” dira, baina denek helburu komun bat dute “gizartearen aniztasuna txertatzea, agenda publikoan gizartearen interesak sartuz, eta Gipuzkoan hain aktiboa eta konprometitua den gizarte zibilaren eginkizuna indartuz, etorkizuna eraikitzeko eta erronka ekonomiko, sozial eta kulturalei erantzuteko orduan”.

Laguntza jaso duten proiektuen artean, Eusko Ikaskuntza gobernantza eredu berri bat finkatzen ahaleginduko da; Elhuyarrek, ZientziaKIDEren bidez, zientziaren dibulgazioa bultzatuko du eta gizarteari hurreratuko dio ikerketa jarduera; SOS Arrazakeria elkarteak errefuxiatuei buruz dugun irudia eta pertzepzioa aztertuko du; Hezkide Eskolak boluntariotza sustatuko du gazteen artean, esparru horretako belaunaldi aldaketa ziurtatzeko; Impact Hub eta Gipuzkoako Ekintzaileen Elkarteak emakumeen ahalduntze profesionala eta gizarte berrikuntza landuko dituzte.

Auzo edo udaletan (Irungo Landetxa auzoan edo Zerainen) etorkizunaren diseinu estrategikoa egiteko prozesuek ere laguntza jasotzen dute; baita gizarte bazterketako egoeran dauden kolektiboak ahalduntzeko egitasmoek ere, Arrats eta Kale Dor Kayiko elkarteen eskutik; edo euskara eta hizkuntza eskubideak suspertzeko estrategia berriak modu partekatuan garatzen dutenek, Kontseilua, Topagunea edo Natul erakundeen eskutik.

Lurralde osoan 6.700 herritar elkarte daude erregistratuta, eta garrantzi handiko lana egiten dute hainbat esparrutan, herritarrengandik “hurbil” daudelako: kirola, hezkuntza, gizarte ekintza, elkartasuna, osasuna, kultura… “Elkarte horiek Gipuzkoaren bihotza dira, gure herri eta hiriei bizia ematen dieten jarduerak eta ekitaldiak antolatzen dituzte, pertsona diferenteak harremanetan jartzen dituzte loturak eta komunitate bateko kide izatearen zentzua sendotuz; beraz, Foru Aldundiak jarraituko du lankidetza estua izaten elkarte horiekin etorkizuna eraikitzeko”, adierazi du amaitzeko.
  

1281