Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak 2021eko Mugikortasunaren Europako Astea aurkeztu du

Foru Aldundiak 2021eko Mugikortasunaren Europako Astea aurkeztu du

Aurtengo ekimenak Gipuzkoako Bizikleta Kontseiluaren proposamenetatik abiatuta prestatu dira, eta oro har publikoarentzako zein berariazko segmentuentzako ekintzak planifikatzeko eskaerari erantzuten diote.

2021/09/14
Irailaren 20an eta 21ean, astearen barruan, «Mugikortasun jasangarria, mugikortasunaren jasangarritasuna» EHUren udako ikastaroa egingo da, eta bertan izango dira, besteak beste, Mª José Rallo, Garraioetako estatu idazkaria, eta Peter Szatmari, Europako Batzordeko aditua.
 
"Zeuk aukeratu, Lurraldebusek egiten du" lelopean, garraio publikoaren garrantzia nabarmentzeko publizitate kanpaina bat ere jarriko da abian, Gipuzkoako mugikortasun ereduaren funtsezko atala denez gero.
 
Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea dela-eta Gipuzkoan aurreikusita dauden jardueren multzoa aurkeztu du prentsaurrekoan, izan ere, aurten irailaren 16tik 22ra bitartean ospatuko da astea.  Europa mailako ekimena da, eta garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak dakartzan onurei buruz sentsibilizatzea du helburu; kontinente osoko erakunde publiko eta pribatuekin egin dute bat ekimenarekin.  
 
Europako Batzordeak 2021eko kanpainarako aukeratu duen gaia "mugikortasun jasangarria, osasungarria eta segurua" da, eta leloa honako hau: "Zure osasunaren alde, mugi zaitez modu jasangarrian". Edizio honetan, osasun fisikoan eta mentalean eta horrek aukeratzen ditugun mugitzeko moduekin duen loturan jarri da arreta.  
 
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak antolatutako ekintzen artean, EHUren "Mugikortasun jasangarria, mugikortasunaren jasangarritasuna" udako ikastaroa dago. Ikastaroa Miramar Jauregian egingo da irailaren 20an eta 21ean, eta bertan izango dira, besteak beste, María José Rallo, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioko Garraio eta Mugikortasuneko idazkari nagusia; Francesco Lacorossi, Erromako Mugikortasun Zerbitzuko proiektuen zuzendaria, eta Peter Szatmari,   Europako Batzordeko Mugikortasuneko eta Garraioetako Zuzendaritza Nagusiko (DG Move) politiken arduraduna. 
 
Ikastaroak aukera emango du, teknologia berrien goraldia bizi dugun une honetan, ingurumena errespetatzen duten mugikortasun jasangarriko modu berriak jorratzeko, eta, Rafaela Romero diputatuak azaldu duenez, "garraio publikoaren finantzaketa sakon aztertuko da, Europako ikuspegitik begiratuta, NextGenEU funtsei arreta berezia eskainiz".
 
Halaber, Romerok astearen barruan Gipuzkoako hainbat herritan antolatuko diren jarduerak aurkeztu ditu. Ekimen horiek Gipuzkoako Bizikleta Kontseiluaren proposamenetatik abiatuta prestatu dira, eta publiko orokorrarentzako zein segmentu espezifiko jakin batzuentzako ekintzak planifikatzeko eskaerari erantzuten diote.  
 
"Pandemiak erakutsi duenez, garraio publikoa funtsezko tresna da lurraldearen kohesiorako, eta berdintasunaren bermea Gipuzkoako herritar guztientzat. Aldundiak mugikortasun jasangarri eta sozialeko eredu baten aldeko apustua egin du, eta Mugikortasunaren Europako Astea eta antzerako ekimenak oso lagungarriak dira aurrera egiteko eta herritarrek Gipuzkoa konektatu eta jasangarriaren alde egin dezaketen guztiarekiko sentsibilizatzeko", adierazi du. 
 
Gazteak martxan! Mugi Txartelaren 14 eta 25 urte bitarteko erabiltzaileei zuzendutako ekintza bat da; argazkien eta bideoen bidez, eta sare sozialetan #Bizimugi #GazteTxartela etiketak erabiliz, mugikortasun jasangarria beraientzat zer den partekatu beharko dute. Ikus-entzunezkoen lehiaketa bat izango da, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin lankidetzan, eta parte hartzen duten pertsona guztien artean MUGI txartelean 20 euroko 75 karga zozkatuko dira, eta argazki eta bideo onenek bizikleta elektrikoa irabaziko dute.
 
Prest jarri zure bizikleta MUGIrekin! Ekimen hau bigarren urtez jarraian jarri da abian, eta horri esker, mugi txartelaren erabiltzaileek bizikleta doan berrikusi eta prest jarrai ahal izango dute Mugikortasun Jasangarriaren 2021eko astean, kanpaina honekin bat egiten duen edozein dendatan. 
 
Parte hartzen duten guztiek atxikitako edozein dendatan bizikletarako materiala erosteko 50 euroko 2 bonuren zozketan parte hartuko dute. Berritasun gisa, eta Gipuzkoako Garraioaren Agintaritzarekin lankidetzan, sare sozialetan #MugikortasunAstea traolarekin argazki bat partekatzen dutenek, @MugiTxartela kontua etiketatuz, mugi txartelean 20 euroko balioa duten 60 kargaren zozketan sartuko dira. 
 
Emakimeak zure osasunarengatik mugitzen gara: Gipuzkoako osasun zentroetan lan egiten duten emakumeei zuzendutako ekintza bat da: paseoak antolatuko dira taldean, bizikleta elektrikoa erabiliz, adituek gidatuta. Bisita gidatu horiek Gipuzkoako ospitaleetatik -Donostia, Irun, Eibar eta Zumarraga- abiatuko dira, eta ibilbidean zehar emakumeen ongizatearekin lotutako alderdietan sakonduko dute, 
bizikleta erabiltzearen onurei buruz sentsibilizatzeko eta esperientziak trukatzeko. 
 
"Zeuk aukeratu, Lurraldebusek egiten du" lelopean, garraio publikoaren garrantzia nabarmentzeko publizitate kanpaina bat ere jarriko da abian, Gipuzkoako mugikortasun ereduaren funtsezko atala denez gero,    prentsaren, irratiaren, markesinen eta sare sozialen bidez.  
  

2152