Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak 452 plaza sortu ditu gizarte eta egoitza zentrotan

Foru Aldundiak 452 plaza sortu ditu gizarte eta egoitza zentrotan

2015-2017ko Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen ebaluazioa aurkeztu du Batzar Nagusietan

Foru Aldundiak 452 plaza sortu ditu gizarte, egoitza eta eguneko zentrotan, hasieran aurreikusitako plazak baino % 8 gehiago. 2018. urtearen amaieran lortu beharreko estaldura-helburuen % 71 da hori. Mendekotasuneko prestazioei dagokienez, 12.282 onuradun izatetik 16.570 izatera pasa da, Euskal Mapan balioetsitakoa baino % 12 gehiago. Hori ondorioztatzen da Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak, gaur arratsaldean, Batzar Nagusietan aurkeztu duen 2015-2017ko Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen azken ebaluaziotik. Diputatuak nabarmendu duenez, “alde batetik, handitu egin da gizarte zerbitzuen estaldura, bai guztizkoa bai premia handieneko herritarrei zuzendutakoa. Beste aldetik, lurralde orekak hobera egin du zerbitzu batzuetan, eta beste batzuetan, berriz, okerrera”. “Beste ondorio bat da –gaineratu du diputatuak- adineko eta desgaituentzako egoitzetako itxaron zerrenda planifikatutakoaren gainetik handitu dela, eta, oro har, itxaron denbora ere handitu egin dela”.

2015-2017ko Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen indarraldia amaituta, ebaluazio txostena egiteko kontuan hartu dira mapan jaso ziren estaldura helburuak eta adierazleak. Estaldura helburuen betetze maila aztertzeko, Foru Aldundiak ebaluatu du 2015-2017 aldian Gipuzkoan sortutako plaza berrien kopurua, eta datu hori alderatu du Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen mapa horretan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Mapan ezarritako helburuekin. Ondoren, Foru Aldundiak baloratu du mapan bertan ezarritako adierazleen betetze maila. Bukatzeko, ebaluazio horretatik ateratako ondorio batzuk aurkeztu ditu, eta kontuan hartu beharko dira gizarte zerbitzuen hurrengo mapa prestatzerakoan.  2015-2017ko mapan ezarri ziren adierazleei buruzko datuak bihar eskuragarri izango dira Behagi Behatokiaren web orrian.

Estaldura handiagoa mendekotasunerako

Maparen ebaluaziorako, bada adierazleen bateria bat urtero neurtzen dena eta estaldura-helburuei lotua dagoena, baita lurralde oreka, eraginkortasuna eta abarrei lotua ere. Adierazleen balorea bere garaian ezarritako helburuekin konparatzen da. Horren harira, honako adierazle positiboak nabarmendu daitezke: populazio osoarekiko estaldura hobetu dela; mendekotasun egoeran dauden pertsonen estaldura; etxean artatutako adineko pertsonen proportzio handiagoa; haurtzaroko programa psiko-hezigarrietan dauden pertsonen estaldura; 356 eguneko desgaitasun zentroen proportzioa; eta baita ere FIZPEren proportzioa FIZPE+LPPE arteko batuketarekiko (Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa eta Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoa).

Bestalde, maparen ebaluazioan ere honako adierazle ez nahikoak daude: egoitza zentroetara sartzeko itxaron zerrendaren adierazleak; eremukako estalduraren desbideraketa; eta baita ere adingabeen portzentajea harrera espezializatu arloan. Adierazle ez nahiko horien inguruan, diputatuak argitu du bereizi egin behar direla, alde batetik, emaitzaren adierazleak, ezarritako helburuen “ondorioak neurtzen dituztenak”; eta, bestetik, inpaktuaren adierazleak, “aukera ematen dutenak ingurunean gertatutako aldaketei jarraipena egiteko, hartutako neurrien ondorioz, baina baita ere kanpoko beste faktoreen eragina dutenak”.

Amaitzeko, Peñak azpimarratu duenez, Foru Aldundiak “lortu behar du desberdintasun hori parekatzea, Euskal Mapan ezarritako helburuari jarraiki, eta horrek esan nahi duela “200 plaza inguru” sortzea. Halaber, oroitarazi du hurrengo urteotarako “Mapa berri bat egiten hasi garela” honako helburuarekin: Gipuzkoan txertatu ahal izatea bai foru bai udal zerbitzuak”.

hasieran aurreikusitakoak baino % 8 gehiago
  

1251