Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Abian da Gipuzkoa Argitu, eraginkortasun energetikoari buruzkoa, herritarren zaurkortasun energetikoa prebenitzeko

Abian da Gipuzkoa Argitu, eraginkortasun energetikoari buruzkoa, herritarren zaurkortasun energetikoa prebenitzeko

Ekintza plan bat da, 2017, 2018 eta 2019. urteetan zehar eramango dena aurrera

2017/09/14
  • Gipuzkoa Argitu programa baliabide multzo erabilgarri bat da, Gipuzkoako etxebizitza, komertzio eta enpresa txikientzat, baliagarria izango dena argindar kontsumoaren murrizketa era erraz eta soil batean sustatzeko.

 

  • Asensio: “Urratsak egiten ari gara Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoaren aldaketan. Gipuzkoa Argitu programari esker, hainbat neurri jarriko ditugu gipuzkoar guztien eskura, neurri horietaz balia daitezen beren etxebizitza, enpresa eta komertzioen zaurgarritasun energetikoa prebenitzeko eta murrizteko”.

 

  • Ekintza plan bat da, 2017, 2018 eta 2019. urteetan zehar eramango dena aurrera.

 

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, eta Garbiñe Olaberriak, Ingurumeneko Departamentuko teknikaria bera, Gipuzkoa Argitu programa aurkeztu dute, gaur goizean. Programa hori ekintza plan bat da, Ingurumeneko Departamentuak aurrera eramango duena 2017, 2018 eta 2019. urteetan zehar. Haren helburua da sustatzea argindar kontsumoaren murrizketa era erraz eta soil batean, Gipuzkoako etxebizitza, komertzio eta enpresa txikientzako baliabideen bitartez. Haren eginkizun nagusia eraginkortasun energetikoa da, baita zaurgarritasun nahiz pobrezia energetikoaren prebentzioa eta murrizketa ere.

Ingurumeneko diputatuak hau adierazi du: “Urratsak egiten ari gara Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoa aldatzean eta Europar Batasunak eraginkortasun energetikoa hobetzeko ezarritako helburuak lortzean. Gipuzkoa Argitu programari esker, hainbat neurri jarriko ditugu gipuzkoar guztien eskura, neurri horietaz balia daitezen beren etxebizitza, enpresa eta komertzioen zaurgarritasun energetikoa prebenitzeko eta murrizteko.

Argitu proiektu pilotua 2015. urtean abiatu zen, eta, hari esker, 400 familiak ezagutu zuten beren etxebizitzetako argindar kontsumoaren eguneroko kurba; hala, aukera izan zuten jokatzeko, aurrezpen energetikoko neurriak hartuz eta beren kontratu elektrikoa optimizatuz. Programa pilotuaren emaitzak esanguratsuak izan ziren, zeren eta etxebizitzek % 6 inguru murriztu baitzuten beren argindar kontsumoa ekimenak iraun zuen urtean zehar. Proiektuak halako emaitza onak izan zituenez, Ingurumeneko Departamentuak erabaki du Gipuzkoa Argitu izeneko programa berri hau diseinatzea, lurralde osora iritsi ahal izateko.

Badaude energiari buruz askotariko informazio eta dokumentazio iturriak, bai publikoak bai pribatuak, baina sarri askotan, barreiatuta daude, hizkera teknikoegia darabilte edo informazioa ez dago kontrastatuta, eta horrek bide ematen du okerreko interpretazioak egiteko edo okerreko erabakiak hartzeko. Gipuzkoa Argitu programaren helburua da energia-alor garrantzitsuen inguruan informazioa bildu, egiaztatu eta sortzea, Gipuzkoako gizarteari helarazteko. Horretarako, ahalik eta komunikazio eta interakzio formaturik askotarikoenak erabiliko ditu, eragile aktibo bihur dadin kontsumo arduratsuan eta energiaren sorrera iraunkorrean; eta, bereziki, zaurgarritasun edo pobrezia energetikoaren egoeran dauden etxebizitzetarako, zeintzuentzat informaziora internet bidez iristea askotan ezinezkoa izaten baita.

Horretarako diseinatu du Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoa Argitu programa, neurriz eta tresnaz hornitua hiru atal handi hauetan:

  • Kontsumoari buruzko zure datua ezagutzeko eta ulertzeko eskubidea
  • Aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren gaineko aholkuak eta ohiturak
  • Energia-hezkuntza

Hona hemen, informazio hori bideratzeko eta gizarteak horretaz baliatzeko aukera izatea errazteko, Gipuzkoa Argituk proposatuko dituen tresnetako batzuk:

  • Bideo tutorialak: administrazioek sentsibilizazioan eta heziketan duten betekizuna giltzarria da herritarraren ezagutza-tresna gisa eta erabakiak hartzeko tresna gisa. Horregatik, herritarrek jakin behar dute zer kontratatzen duten eta benetan zer kontratatu behar duten, aurrezteko lehen tresna gisa.
  • Online eskuliburuak eta katalogoak: aholku praktikoak eta soilak dituztenak, denek etxebizitzetan praktikan jar ditzaketenak eraginkortasun energetikoa hobetzeko.
  • Lantegiak: gairik praktikoenei buruzkoak, kontsumitzaileari ez ezik negozio txikiari ere zuzenduak, eta energia-arloetan aldez aurretik esploratu gabeko formatuetan.
  • Lantegiak, eta teknikarien eskura jartzea, lurraldean barrena banatutako puntu mugikorren bitartez. Lantegi horien helburua da adineko pertsonei, baliabiderik gabeko pertsonei eta interneterako sarbiderik ez duten pertsonei azaltzea nola interpretatu behar duten beren argindar faktura.
  • Aurrezpen neurriei buruzko lantegi praktikoak, etxebizitzetan egitekoak.
  • Gizarte laguntzaileentzako berariazko lantegiak, pobrezia energetikoaren gaiari buruzkoak.
  • Aurrez aurreko aholkularitza puntuak, Ingurumeneko Departamentuarenak, lurralde osoan barrena banatuak, herritar guztiengana iristeko, Energiaren Lurralde Mahaiaren eta eskualdeko garapen agentzien eskutik, hilero modu ibiltarian antolatzen diren energia ferietan, gerturatzen den orori aholku emanez tresna erabiltzeko, alta emateko, kontsumoak murrizteko eta potentzia optimizatzeko.
  • Urria, 2017: Legazpi eta Goierri
  • Azaroa, 2017: Bergara
  • Abendua, 2017: Tolosa
  • Energia-hezkuntza: berariazko gaiei buruzko lantegiak, gizarte osoari zuzenduak. Berariazko hezkuntza berezitua, hartzaileak honelakoak izanik: haurrak, familiak, ikastetxeak, gazteak, enpresa txikiak, eta gizarte zaintzaileak.
  • Argitu Txiki: atal berezia haurrentzat, www.gipuzkoaingurumena.eus web orrian, joko eta animazio pedagogikoekin.
  • Haurrentzako jarduerak: energia ferien esparruan, eraginkortasun energetikoan eta energia berriztagarrietan heztea sustatzeko.
  • Ikastetxeentzako programa: energia-hezkuntza sustatzeko helburua duena.
  • Programa espezifikoak: eraginkortasun eta aurrezpen energetikoa sustatzea kolektibo espezifikoetan.
  

1329