Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak bere egin ditu lehen sektorearen defentsan mobilizatutako pertsonen kezkak

Foru Aldundiak bere egin ditu lehen sektorearen defentsan mobilizatutako pertsonen kezkak

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak deialdiko bi ordezkariren eskutik jaso dituzte eskaerak

Gipuzkoako Foru Aldundia

Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak aurrez-aurre entzun dituzte gaur Gipuzkoa Plazan gaurko egunean lehen sektorearen alde mobilizatu diren nekazari eta abeltzainen eskaerak. Mendozak eta Arrutik beren aldarrikapenak biltzen dituen agiria jaso dute deialdiko bi ordezkari gazteren eskutik. Diputatu nagusiak bere “gertutasuna” eta “ulermen osoa” adierazi die. “Lehen sektorearen jarduera funtsezkoa da Gipuzkoarentzat, gure ekonomiaren, gizartearen, ingurumenaren eta lurraldearen orekarako, eta, horrenbestez, lehentasuna da Aldundiarentzat. Zuen kezkak gureak eta gipuzkoar guztienak dira”, adierazi du.

Mendozak azpimarratu duenez, “ezinbestekoa da baserritarrek beraien lana baldintza duin eta ekonomikoki bideragarrietan egin ahal izatea. Errentagarritasunaren erronkan faktore askok eragiten dute, hala nola Europako nekazaritza-politiken zurruntasunak, gehiegizko burokraziak eta bete beharreko baldintzek, edo produktuak saltzerakoan batzuetan kostu ekonomikoak kubritzeko behar dena ez ordaintzeak”. Diputatu nagusiak bere “enpatia” agertu die mobilizatutako pertsonei “egoera gogor honen aurrean”, eta ziurtatu du “Aldundiak bere gaitasunen eta eskumenen barruan dagoen guztia egiten” jarraituko duela, “nahiz eta Europako nekazal politikak eragiteko dugun ahalmena oso mugatua izan”.

Azkenik, azpimarratu du Foru Aldundiak “oso harreman hurbila, zuzena eta oso ondo egituratua” duela “urte askotatik sindikatuekin eta lehen sektoreko eragileekin, ez bakarrik eguneroko jardunean; partaidetzarako gune berritzaileak ere baditugu, lehen sektorearen etorkizuna denon artean definitzeko”. Hori dela eta, mobilizazioetan parte hartu duten pertsonei dei egin die “gune horiekin bat egitera eta beren kezkak eta eskaerak haien bitartez bideratzera. Oso lurralde txikia gara, sektorea ere halakoa da, eta nahitaezkoa dugu ahalik eta gehien eta ondoen elkarlanean aritzea, aurrera jarraitu ahal izateko”.

  

710