Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak Estatu Palestinarraren alde egiten du herri palestinarrarekiko nazioarteko elkartasun egunean

Foru Aldundiak Estatu Palestinarraren alde egiten du herri palestinarrarekiko nazioarteko elkartasun egunean

Gaur goizean, Denis Itxaso Kulturako eta Nazioarteko Lankidetzako diputatua eta Mikel Diez Sarasola Nazioarteko Lankidetzako foru zuzendaria Palestinako ordezkaritza batekin bildu dira gaur ofizialki, tronuaren aretoan. Palestinar taldea Paz con Dignidad Elkarteak lagunduta etorri da.

2019/11/29

Denis Itxasok adierazi duenez, "70 urte hauetan asko dira jasandako zigorrak, baina, modu batera edo bestera, Estatu horren faltan dute jatorria guztiek.  Hori da oraindik ere helburua, eta giltza da herri palestinarrak bere eskubideak aitortuta ikus ditzan eta etorkizun demokratikoa eraiki ahal izan dezan, ekonomikoki iraunkorra eta giza eskubideak errespetatuko dituena.  Oinarri horietatik abiatuta eraiki daiteke, halaber, aspaldiko desioa den koexistentzia baketsu bat eremu hartan".

Ordezkaritza palestinar hori gure lurraldean izan da aste osoan, herritarrak eta erakundeak kontzientziatzeko palestinarren giza zuzenbiderik ezaz.  Iruñea bisitatu dute, eta baita Bilbo ere, eta gaur bisitan etorri dira Donostiara.  Bira hau Gipuzkoako Foru Aldundiak 2018an finantzatutako  proiektu baten baitan kokatzen da: "Errefuxiatu palestinar gazteen nortasuna, kohesioa eta gaitasunak indartuz, tokiko eta nazioarteko giza eskubideetan oinarritutako ikuspegiarekin".

Denis Itxaso Kultura eta Nazioarteko Lankidetza diputatuak adierazi duenez, "Irizpide horien gainean eraikitzen dugu gure lankidetza politika, ulertzen dugulako demokrazia, ongizatea eta giza eskubideak direla Palestinan eta munduko beste edozein lekutan etorkizun hobea lortzeko bideak.  Hori da helarazi nahi dugun mezua, eta horretan dihardugu Paz con Dignidad elkartearekin batera.  Eskubide zibilen kontzientzia eta ezagutza indartu nahi ditugu, bereziki Palestinak lortu nahi duen etorkizun demokratiko horren funtsezko zutabeak diren gazte eta emakumeengan".

Palestina da, gaur egun, duela ia 70 urtetik, Israelen okupaziopean bizi den munduko lurralde bakarra.  Zisjordanian eta Gazan bizi diren palestinarrak ia 5 milioi dira; horietatik 2 milioi 365 km2-tan bizi dira, Israelen bizi diren biztanle palestinarrak kontuan hartu gabe (1,5 milioi inguru), eta munduko beste herrialde batzuetan bizi diren 6 milioiak, gehienak Nakba-ren (arabieraz, hondamendia) osteko errefuxiatu estatusaren pean.

Israelek etengabe urratzen ditu palestinarrak, hainbat mekanismoren bidez: errepideen blokeoak, zaurituak, hilketak, mugimenduen murrizketa, harresia, kontrol militarrak, eraispenak, kokaguneak eraikitzea, atxiloketak, Israelen bizi diren palestinarren eskubideen diskriminazioa eta 1948an eta 1967an beren etxe eta herrietatik kanporatuak izan ziren pertsonei itzultzeko eskubidea ukatzea.  Nazio Batuen hainbat ebazpenek giza eskubideen urraketa horiek egiaztatu dituzte, bai eta palestinarrek, errefuxiatuak barne, izan beharko lituzketen eskubideak berretsi ere.

Nor gonbidatu dugu?

Addameer ("kontzientzia" arabieraz)  gobernuz kanpoko erakunde palestinarra da, 1992an giza eskubideen aldeko ekintzaile, atxilotu eta defendatzaile talde batek eratua.  Addameerren lana da: preso politiko palestinarren defentsa juridikoa egitea Israelgo atxilotze zentroetan, eta, neurri txikiagoan, Palestinako espetxeetan; giza eskubideen urraketa dokumentatzea; eta komunikazioa eta eragin politikoa, nazioarteko bermeak dituzten preso palestinarrak hobeto babesteko.

Badil Resource Center for Palestinian Residency and Refugee Rights irabazi asmorik gabeko giza eskubideen erakunde independentea da, Palestinako errefuxiatuen, barneko desplazatuen eta biztanleen nahitaezko transferentziaren biktimen eskubideak babesteko eta sustatzeko konpromisoa duena.  Badil 1998. urtean ezarri zen, Nazio Batuen aurrean aholkularitza enpresaren estatus berezia du, eta Palestinako biztanleen eskubideetan aurrera egitea sustatzen du, bai maila indibidualean, bai kolektiboan, besteak beste eskubide hauetan: itzultzeko eskubidea, baliabide naturalak eskuratzeko eskubidea, mugimendu askatasunerako eskubidea, lanerako, osasunerako edo hezkuntzarako eskubidea, batez ere gazteekin lan eginez eta nazioarteko komunikazio eta eragin politikoan.

Nork bisitatu gaitu?

 Abokatua eta Addameer-eko zuzendaria.

 Badil-eko sareen ordezkaria da eta Badileko Al Awda (arabieraz, itzulera) Eskolako koordinatzailea.

 Palestinar ikaslea, Tulkarem-etik datorrena (Zisjordania).

 Palestinar ikaslea, Israelgo iparraldean bizi dena.

 Palestinar ikaslea Jerusalemen.

Zergatik bisitatu gaituzte?

Nazioarteko elkartasunerako deia eginez, bai eta Israelgo Estatuak nazioarteko legedia eta palestinarren eskubideekiko errespetua bete ditzan hirugarren estatuen eginbeharrari dagokionez ere, Addameer eta Badil erakundeak Euskadi bisitatzen ari dira hainbat helbururekin:

• Lehen eskutik informazioa ematea eta eguneratzea Palestinako biztanleek pairatzen duten kalteberatasun egoerari buruz, bereziki errefuxiatuek eta Israelgo kartzeletan dauden preso politikoek, euskal gizarteak horri buruz duen ezagutza areagotzeko.

• Palestinako herritarren eskubide zibil eta politikoei laguntzeko euskal herritar aktiboak sustatzea, beren erakunde eta komunitateetan eragiteko neurrien bidez.

• Palestinako erakundeen eta euskal erakunde politikoen arteko harreman instituzionalak mantentzea eta sortzea, iheslari eta preso dauden palestinarren giza eskubideen defentsa lana errazteko.

 

 

 

 

  

1453