Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak eta Enirio Aralar Mankomunitateak akordio bat sinatu dute Aralarren jardueren zaintza eta kudeaketa hobetzeko

Foru Aldundiak eta Enirio Aralar Mankomunitateak akordio bat sinatu dute Aralarren jardueren zaintza eta kudeaketa hobetzeko

Sinatutako akordioa bi erakundeek 2019tik blokeatutako harremanei berriro ekiteko duten borondatearen erakusgarri irmoaren lehen urratsa da

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Enirio Aralar Mankomunitateak akordio bat sinatu dute gaur, bi erakundeek amankomunean duten Gipuzkoako Aralar mendiaren eta bertako jardueren zaintza eta kudeaketa hobetzeko helburuarekin. Akordio horren bidez, gainera, orain arte egin diren urratsak sendotu eta areagotu nahi dira, eta datozen hilabeteetan zer alderditan esku hartu behar den finkatu, legealdi osorako harremana sendotzeko. Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, eta Adur Ezenarro, Enirio Aralar Mankomunitateko presidenteak, sinatu dute gaur Ordiziako udaletxean dokumentu hau.

Bi erakundeek berretsitako akordioan, larreak, basoak eta beste habitat batzuk hobetzeari, sentsibilizazio-ekintzei, bideen konponketei, txabolak lehengoratzeari eta eraikitzeari eta inguruko beste azpiegitura batzuk hobetzeari dagokienez aurten garatu beharreko ekintzak zehazten dira. Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 300.000 euro inguru inbertituko dituzte helburu horretara. Foru Aldundiaren kasuan, Goilarre, Gipuzkoako lurralde historikoko mendi publikoetako larreetan hobekuntzak gauzatzeko programatik 211.000 euro bideratuko dira. Bestalde, Enirio Aralar Mankomunitateak 85.000 euroko partida erabiliko du lan horiek egiteko.

Akordioak ere, 2024-2027 legealdiari begira, mendiaren eta zaintzaren kudeaketa hobetzeko lorpena ardatz izanik, bi erakundeen arteko adostasuna lortzeko borondate sendoa adierazten du. Hori gauzatzeko, dokumentuak hiru hilabeteko negoziazioa hasteko beharra ezartzen du, 2024ko uztailaren 31ra arte. Negoziazio horren ardatzak, gutxienez, hiru alderdi estrategiko izango ditu bi aldeentzat: xehaketa eremuak, bideak eta finantziazio eredua.

Akordio hau Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Enirio Aralar Mankomunitateko ordezkariek legegintzaldi berrian hasitako lan dinamikaren lehen emaitza da. Horrela, 2019tik blokeatutako harremanei berriro heldu nahi zaie, datozen hiru urteetan bi aldeek zonaldean egin beharreko hobekuntzak bermatu eta finkatuko dituzten itun irmoak lortzeko. Ildo horretan, bi erakundeak pozik agertu dira hilabete hauetan egindako aurrerapenengatik eta elkarrizketarako agertutako jarreragatik.

Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeako diputatuaren hitzetan, “gure gizarteari eta bereziki gure Aralarko abeltzainei zor diogu elkarren arteko adostasun batera iristea eta, hortaz, bi aldeak zintzotasun osoz hasi dugun lan dinamika bat da hau”. Arrutik gaineratu du “espero dugu legealdi honetan jasoko dugun fruituetako lehena izatea gaurko akordioa” eta konfiantza osoa erakutsi du datozen hiru hilabeteetan mahai gainean jarri diren hiru ardatz estrategikoen inguruan eztabaidatu eta adostasuna lortu ahal izango dela. Izan ere, ardatz horiek Aralarren funtzionamendu egokia eta kudeaketaren aurrerapena baldintzatuko dute. “Funtsezkoa da aurrera egin ahal izateko eta inguruko premiei erantzuteko, eta horretan lan egingo dugu gure abeltzainen, gure gizartearen eta gure lurralde-oreka berdearen ongizatea bermatzeko”.

Adur Ezenarro, Enirio-Aralar Mankomunitetateko lehendakariaren hitzetan “sinatutako aurre akordio honek bi erakunderen arteko elkarlanaren arteko bidean urrats berri bat ematea dakar, eta norabide horretan aurrera jarraitzeko hauspoa”. Aipatu du, akordio honen bidez Enirio-Aralar Mankomunitateak hartzen dituen konpromiso ekonomikoak, Zuzendaritza Batzordera eramango den 2024eko aurrekontu proposamenean onartu beharko direla, Mankomunitateari dagozkion 85.000 euro inguruko inbertsioetarako partida bertan jasota doalako. Bereziki azpimarratu eta eskertu nahi izan du “Mankomunitatea osatzen dugun 15 udalerriek aurreko legegintzaldian zehar onartzen joan diren konpromiso ekonomikoa, inbertsioetarako ekarpenak urtez urte handituz, eta ardura Aldundiarekin partekatzeko hartutako erabaki irmoa”.

Bi erakundeek sinatutako akordio hau, Enirio Aralar Mankomunitateko zuzendaritzara eramango da eta, Goilarre programako dinamika jarraituz, abeltzainekin elkar banatuko da.

  

2084