Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Hondarribiko Udalak Iterlimeneko itsaslabarra egonkortu dute
Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Hondarribiko Udalak Iterlimeneko itsaslabarra egonkortu dute
Gaur zabaldu dute Higer itsasargira doan errepidea, itsaslabar horren egonkortasun eza konponduta
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Hondarribiko Udalak Iterlimeneko itsaslabarra behin betiko egonkortu eta gero, gaur zabaldu dute Higer itsasargira doan errepidea. Lanen kostua 2,4 milioi eurokoa izan da (BEZa barne), erakunde bakoitzak heren bat bere gain hartuta, eta ia 8 hilabetez luzatu dira konponketak. Gaur goizean Hondarribiko leku horretara egindako erakunde bisitan, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatuak nabarmendu duenez, “aspalditik zetozen” Itsaslabar horren egonkortasun ezak eragin dituen arazoak, bai GI-3361 errepidean eta baita ere Ramon Iribarren pasealekuan dauden Iterlimen eta Lurgorri bezala ezagutzen diren etxebizitzetan. “Horregatik, behingoz gaiari heldu diogu” eta Iterlimeneko itsaslabarren egonkortzea administrazio desberdinen arteko “lankidetza izan da”.
Epeari dagokionez, lanek iraun bitartean izandako “eguraldi txarrak eta honen ondorioz izandako zenbait lur-jausik epearen luzapena ekarri dute”, azaldu du Oiarbidek, bisitan lagun izan dituela Antonio Aiz Azpiegitura eta Garraio sailburuordea eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatea. Lanek iraun bitartean errepidea itxita egon da eta itsasargirako trafikoa Ramon Iribarren eta portutik gora doan errepidetik bideratu da, azken tarte honetan, udal errepide horren estutasuna dela eta, txandakako pasoa jarrita.
Arazo hori aurreko legealdietatik badator ere, legealdi honetan lehentasunezko trataera eman zaio administrazio desberdinen arteko lankidetza planteatuz (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Portuen antolakuntza eta kudeaketa, Hondarribiko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura Departamentua). Proiektuaren idazketa eta obra bera Foru Aldundiko bide Azpiegitura Departamentuak egin du, eta finantzaketari dagokionean, administrazio bakoitzak kostuaren heren bat hartu du bere gain. Itsaslabar honetan, orain bukatu berri diren konponketak hasten diren puntuan, Kosta Zerbitzuak ere 2014an 995.000 euroko egonkortze lanak egin zituen.
Antonio Aiz sailburuordeak, bere aldetik nabarmendu du “instituzio ezberdinen arteko kolaborazioa”, gisa honetako arazoen aurrean bai erantzun azkar bat ematea ahalbidetzeko, eta bai soluzio eraginkorra eskaintzeko, bakoitzak dituen eskuduntzen mugetatik haratago”. Halaber, sailburuordeak azpimarratu duenez, “euskal portuen eskala txikiak, eta bere titularitateko eremuak hirigune urbanoetan integratuta izateak, ezinbesteko egiten dute maila ezberdinetako erakundeen arteko kolaborazioa, erabiltzaileei eta kasu honetan hondarribiarrei kalitatezko azpiegitura lehiakorragoak eskaini ahal izateko”.
Eta Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak, administrazioek izandako “koordinazio ona” nabarmendu eta gero, esan du konponketa hau “premiazkoa zela herritarrentzat”, eta “bereziki Iterlimen eta Lugorriko bizilagunentzat, beraientzat eragin zuzena baitu. Hondarribitarrok ikusi dugu, gainera, egonkortze lan bikaina egin dela, eta zehaztasun handiarekin, batez ere izan dugun negu gogorra kontuan izanda".
Errepide mailan, egindako konponketak honakoak izan dira: horma berrien eraikitzea eta lehendik zeuden hormen sendotzea; hormaren oinarriaren egonkortzea. Itsaslabar mailan, aldiz, konponketak honakoak izan dira: Lurreztatu gabe dauden geruzen egonkortzea buloien bitartez; itsaslabarraren egonkortzea sendotutako sare-metaliko bidez, geo-sare gainean; eta sare-metalikoa eusteko ainguratutako elementuak jarriko dira. Amaitzeko, Oiarbidek gaineratu du Iterlimenekoa “obra zaila” izan dela, “itsaslabarraren gainean” lan egin behar izan delako, baina proiektua “aurreikusitakoaren arabera” egin dela, eta “aurreikusitako aurrekontuari eutsita”.
1482