Foru Aldundiak Gipuzkoako Elizak bigarren frankismoan izan zuen papera aztertu du garaiko aditu eta lekukoekin egindako jardunaldian
Foru Aldundiak Gipuzkoako Elizak bigarren frankismoan izan zuen papera aztertu du garaiko aditu eta lekukoekin egindako jardunaldian
Foru Aldundiak Gipuzkoako Elizak bigarren frankismoan izan zuen papera aztertu du garaiko aditu eta lekukoekin egindako jardunaldian
Jardunaldiak ikerketa akademikoa eta memoria bizia konbinatu ditu Gipuzkoako Elizak diktaduran izan zuen papera berrikusteko, mugarri historiko batetik abiatuta: 1960ko 339 euskal apaizen gutuna.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritzak ‘Gipuzkoako eliza bigarren Frankismoan (1959-1975) jarraitutasunak eta erresistentziak’ jardunaldia antolatu du gaur GUNEA espazioan. Topaketan unibertsitateko adituak, ikertzaileak eta garai historiko hartako zuzeneko protagonistak bildu dira, ikuspegi akademiko eta lekukotik, Gipuzkoako Elizak diktadurapean izan zuen papera aztertzeko.
Jardunaldia mugarri batetik abiatu da: 1960ko maiatzean 339 euskal apaizek publiko egin zuten gutuna, erregimen frankistaren legitimitatea zalantzan jarriz eta Euskal Herriaren nazio aldarrikapenak azalduz. Dokumentu haren ondorioz, euskal Eliza — eta bereziki, gipuzkoarra— agintari frankisten zaintza estuaren pean geratu zen. Orden publikoko indarrek etengabe ikertu zituzten bere jarduera pastorala, langile mugimenduarekin zituen loturak, euskararen eta euskal kulturaren defentsa, baita ezkutuko indar politikoekin edo ETArekin zituen harremanak ere. Apaiz asko auzipetu egin zituzten eta Zamorako kartzela konkordatuan amaitu zuten.
Hausnarketa historikorako eta memoria demokratikorako gunea
Inaugurazioa egin dute Ion Gambra Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren zuzendari nagusiak eta Enara Garro Zigor Zuzenbideko irakasle eta UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrako koordinatzaileak. Biek nabarmendu dute garrantzitsua dela garai hura kritikoki berrikustea, kultura demokratikoan eta lurraldeko memoria-politiketan sakontzen jarraitzeko.
Ondoren, Anabella Barroso Arahuetes (AHEB-BEHA) artxibozain eta ikerlariak ‘Euskal Eliza eta frankismoa, argi-itzalak’ hitzaldia eman du, erregimeneko euskal elizaren argi-ilunetan oinarrituta. Bestalde, Antonio Pérez Embeita UNESCO (UPV/EHU) Katedrako ikertzaileak ‘Kleroaren babesa langileen mugimenduari bigarren frankismoan’ hitzaldia eskaini du. Bi hitzaldiak Enara Garrok moderatu ditu.
Saioari amaiera emateko, garai hartako adituak eta lekukoak bildu dira: Anabella Barroso, Antonio Pérez Embeita, Jesús Mari Mujika (Deustuko Unibertsitatea) eta Félix Azurmendi apaiza. Jon Penche UPV/EHUko ikertzaileak moderatutako solasaldiari esker, ikerketa historikoa eta memoria bizia uztartu ahal izan dira, Gipuzkoako Elizaren eginkizunaren, barne-tentsioen, erresistentzien eta erregimenarekin jarraitzeko eremuen ikuspegi plurala eta zehaztua eskainiz.
1949