Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak ia 2 milioi euro bideratu ditu 2024ko aurrekontu proiektuan, Herritarren Batzarraren gomendioak betetzen hasteko

Foru Aldundiak ia 2 milioi euro bideratu ditu 2024ko aurrekontu proiektuan, Herritarren Batzarraren gomendioak betetzen hasteko

Batzarra osatzen duten herritarrekin lan saioa egin zuten atzo Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Lurralde Oreka Berdeko departamenttuko arduradunek, lehen konpromisoak partekatzeko

2023/11/16
Herritarren batzarra

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Herritarren Batzarraren itzultze-saioa izan zen atzo, eta herritarrek proposatutako bederatzi gomendioak ezartzeko aurrerapenak aurkeztu zituzten foru arduradunek. ‘Nola bermatu dezakegu Gipuzkoako nekazal-jarduera klima-larrialdiari aurre egiteko?’ galderari erantzuteko sustatu zuten Aldundiak, Arantzazulab demokraziaren eta gobernantzaren berrikuntzarako laborategia eta Telesforo Monzon herrigintzak laborategiak deliberazio prozesu berritzailea. Jakinarazi zutenez, foru gobernuak ia 2 milioi aurreikusi ditu 2024ko aurrekontuetan Batzarrak urtarrilean aurkeztutako gomendioak gauzatzen hasteko, eta espero du datozen bost urteetan 13 milioi bideratzea orotara bederatzi gomendio horiek ezartzeko.

Hartutako konpromisoaren arabera, foru ordezkariak Batzarra osatzen duten herritarekin elkartu ziren. Lan saioaren helburua izan zen Foru Aldundiak batzarkideen proposamenak betetzeko orain arte egindako bidea aurkeztea. Eider Mendoza diputatu nagusiak ireki zuen ekitaldia, eta prozesu honen garrantzia berretsiz hasi zuen bere hitzartzea. Izan ere, herritarra politika publiko estrategikoen definizio eta garapenean modu esanguratsuan inplikatzea bilatzen du ekimenak, Foru Aldundiak proposatutako erronkari lotutako erabaki publikoetan herritarren ahotsa aintzat hartuz.

Mendozak Herritarren Batzarraren jardun “berritzaile eta eredugarrian” jarri zuen azpimarra eta, gaineratu zuenez, horrelako prozesuek gero eta garrantzia handiagoa izango dute Gipuzkoaren gaur egungo eta etorkizuneko desafioei aurre egiteko garaian. “Foru Aldundiaren Etorkizuna Erakiz egitasmoaren baitan abian jarriko egitasmo hau bidegilea da eta, Nekazaritzaren eta Ingurumenaren alorrari egiten dion ekarpen garrantzitsuaz haratago, herri politiken eraikuntzan herritarren inplikazioa eta partaidetza areagotzeko bide egingarri eta berritzaile bat planteatzen du”, nabarmendu du, lanketa honetan parte hartzen ari diren gipuzkoar eta eragileei eskerrak emanez.

Diputatu nagusiaren iritziz, Herritarren Batzarraren lana eraginkorra izan dadin, “arrasto erabakiorra” utzi behar du lurraldeko politika publikoetan eta hori horrela izan dadin “erabateko konpromisoa” adierazi du. Horren lekuko, dagoeneko gomendio guztiak azterketa edo inplementazio fasean daudela adierazi zuen eta, helburu horrekin, 2024ko aurrekontu proiektuan 1,93 milioiko diru-atala bideratzen dutela jakinarazi zuen. “Konpromiso irmoa dugu, Batzarraren gomendioei jarraituz, lehen sektorearen jarduera indartzen jarraitzeko Gipuzkoan, hain zuzen ere aldaketa klimatikoaren ondorioei aurre egiteko tresna nagusietako bat delako gurea bezalako lurralde batean”, laburbildu zuen.

Jarraian herritarrek egindako bederatzi gomendioei lotuta egindako lanak aurkeztu zituzten Lurralde Oreka Berdea Departamenduko arduradunek. Gomendioen artean lehen sektorea estrategiko bihurtzea, tokiko produktuak sustatzea hobari fiskalak egokituz, edo basoen kudeaketa I+G bitartez sustatzea bezalako proposamenak izan ziren batzarkideek deliberazio prozesu sakonaren ostean egindako proposamenak.

Hasteko Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak eman zituen azalpenak, eta jarraian Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendari nagusiak, Arantxa Ariztimuñok, hartu zuen hitza. Gomendio gehienak inplementatzeko lanak abiatuak dituztela adierazi zuten; egindako aurrerapen nagusienen artean aipagarriak dira adibidez, lehen sektorea estrategiko bihurtzeko “Lurralde Oreka Berdea” departamendu berri bat sortu izana, Gipuzkoako ekonomiaren garapena bultzatzeko eta inguru naturalak babestu eta zaintzeko helburuarekin; Gipuzkoan Oreka Berderako erreferentzia zentro bat bultzatzeko lanak ere hasi dituzte, bideragarritasun azterketa egingo duen kontsultora batekin; bestalde, eta lehen sektorea gaztetzeko neurriei dagokionez ere Gaztenek Berri-ren esperientzia pilotu bat eginda Mondragon Unibertsitatearekin; eta amaitzeko baserritar misto profesionala sustatzeko diru-laguntza programa ezberdinak lantzen ari da Gipuzkoako Foru Aldundia.

Itzultze-saioan herritarrei partekatu zaien dokumentua aurrerapen guztiekin sarean egongo da ikusgai. Xabier Arrutik azpimarratu zuenez, “badakigu sektoreak erronka sakonak dituela, egoera zailak ere bizi dituela, baina konfiantza osoa dugu etorkizunean eta baikor begiratzen diogu datorrenari. Prest gaude gauza desberdinak egiteko, emaitza desberdinak lortzeko, eta jauzi berri bat emateko lurralde oreka berderantz, sektorearen etorkizuna bermatuz. Bederatzi gomendio hauek oso lotuta daude eman beharreko jauzi horrekin, eta argi daukagu elkarlana eta esperimentazioa uztartu behar ditugula helburuak lortzeko. Epe luzeko lana izango da baina konpromisoa betetzeko borondate irmoa dugu”.

Erreakzioak

Aurkezpenaren ostean, batzarkideak talde txikitan bildu ziren eta jasotako azalpenen inguruan gogoeta egin zuten. Horrekin batera lehen erreakzioak, kezkak edo zalantzak helarazi zizkieten Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei. Orohar herritarrak pozik agertu ziren beraiek egindako gomendio gehienetan lanak abiatu direla ikusita.

Jarraian, Gipuzkoako Herritarren Batzarraren sustatzaile izan diren bi laborategietako arduradunek Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak, Naiara Goiak, eta Urko Aiartza TMeLab-ko zuzendariak, gomendioen inplementazioari jarraipena emateko hurrengo urratsak aurkeztu zituzten. Modu berean, bi laborategiak berrikuntza demokratikoa helburu duten prozesu hauek gure herriko erakundeetan errepikatzeko eta egonkortzeko egiten ari diren lanak partekatu zituzten: Euskadiko Herritarren Batzarraren diseinua, prozesu hauen instituzionalizazioarako elkarrizketak erakunde nagusietan, kasu. Adierazi zuten bezala “ez da nahikoa prozesu hauek behin egin eta amaitu ostean betiko praktiketara itzultzea; herritarrak erabaki publiko garrantzitsuetan benetan inplikatu nahi baditugu, horrelako prozesuak hedatu eta erakunde ezberdinetan modu periodikoan ezarri behar dira, eta horretan dihardugu”.

Saioa ixteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politikoek prozesuaren garrantzia azpimarratu zuten eta batzarkideekin gomendien ezarpenaren inguruan elkarrizketa jarraitua izateko interesa azaldu zuten: horrela, batzarkideei proposatu zieten aurreikusita ez zegoen itzulpen saio bat egitea 2024ko maiatzean, orain arte aurreratu ezin izan diren ekintzak gauzatuko baitira hurrengo hilabeteetan, eta horien berri ematea proposatu zuten, prozesuaren hasieran 2024ko urrian aurreikusita zegoen itzultze-saioa baino lehen.

Orain arteko ibilbidea

Gipuzkoako Herritarren Batzarra demokrazia deliberatiboa praktikan jartzeko egitasmoa da, bigarren Herritarren Batzarra gure lurraldean Arantzazulab-ek Tolosan sustatu duenarekin batera. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Telesforo Monzon Herrigintza laborategiak eta Arantzazulab-ek sustatu dute, Deliberativa aholkularitzaren bidelaguntzarekin. ELGA/OCDE erakundeak, zehaztutako praktika onen printzipioak oinarri hartuta, 2022ko azaroan abiatu zen Herritarren Batzarra. Ia urtebeteko diseinu lana eta gero, ausaz edo zozketa zibiko bidez aukeratuak izan ziren Gipuzkoako 32 herritar, lurraldeko aniztasuna ordezkatzeko irizpide ezberdinak kontuan hartuta (adina, generoa, hezkuntza-maila, hizkuntza ezagutza, bizitokia eta tokiko produktuei ematen zieten garrantzia).

Aukeratutako 32 herritarrek 40 orduko deliberazio-prozesuan parte hartu zuten 2022ko azaroa eta 2023ko abendua bitartean lau asteburuetan elkartu ziren Foru Aldundiak jarritako erronkari erantzun eta proposatutako galderari gomendioak egiteko. Prozesuan gaian adituak diren pertsonek ere parte hartu zuten, herritarrei beharrezko informazioa helarazteko.

  

1066