Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak laster iraunkorki ezarriko du telelana

Foru Aldundiak laster iraunkorki ezarriko du telelana

2017ko ekain eta abendu artean garatu den proba pilotuaren ondorioak oso aldekoak izan dira

Foru Aldundiak telelana ezarriko du aurten lana eta familia eta ardura partekatua sustatzeko. Izan ere, iazko ekainetik abendura egin zen proba pilotuak emaitza onak eman ditu. 23 pertsona aurkeztu ziren proba hori egiteko prest, eta horietatik 9 izan ziren hautatuak, lau emakume eta bost gizon. Sei hilabetean zehar, langile horiek etxetik lan egin zuten astean hiru aldiz, eta beste bietan lantokian bertan. Kasu guztietan, telelanean parte hartzeko arrazoia zaintza izan zen, dela seme-alabena, dela beste senide batena.

Prozesua modu esperimentalean burutu zen, hau da, talde txiki bat, postu gutxi eta iraupen labur bat hartuta, hartara ondorioak ateratzeko eta, telelana maila orokorrago batean ezartzeko orduan, Aldundian izan daitezkeen arazo eta bestelakoei aurre hartzeko. Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak esan duenez, behin prozesua balioetsita, balantzea «oso aldekoa izan da, bai parte hartu duten langileen aldetik, bai haien goikoen aldetik. Lanak ez du kalterik jasan; aitzitik, kasu batzuetan igo egin da, inplikazioa bezalaxe. Horregatik, erabaki dugu lan egiteko modu hau zabaltzea eta iraupena ematea»,

Horrela, Funtzio Publikoko zerbitzua hasi da dagokion araudia prestatzen, eta aurreikusten da Aste Santurako telelana abian izatea. Bete behar diren baldintzak bi dira nagusiki. Batetik, lanpostua egokia izatea formaturako, alegia, langilearen zereginak izan behar du, dela proiektuak aztertzea, dela txostenak egitea, dela aholkularitza ematea, dela dokumentuak idaztea, zuzentzea eta egokitzea, dela itzulpenak egitea edo antzekoak. Eta, bestetik, eskaera senitartekoen zaintzarako izatea.

«Proiektua kontziliazioaren eta berdintasunaren alde egiten dugun apustuan kokatzen da. Telelanak begien bistako onurak dakarzkie adin txikikoen ardura dutenei, baina gero eta ohikoagoa da ere, gizartea zahartzen doanez gero, zaintzak behar dituzten adineko senideak izatea.  Baita, adibidez, ezgaitasun edo gaixotasun larriagatik zaintzak behar dituztenak ere», azaldu du.

Kontziliazioa Etorkizuna Eraikiz ekimenak nagusitzat jotzen dituen erronketako bat da Gipuzkoako gizartearentzat. Izan ere, dinamika horren eskutik, Gipuzkoako 20 enpresetako 2.000 langiletik gora parte hartzen ari dira kontziliazioko proiektu pilotuetan. «Baina Aldundiak bidea erakutsi nahi du, bere etxetik hasita eta lan eskemak aldatuta. Horrela sortzen dira telelana eta beste kontziliazio neurri batzuk, gai hori garrantzi itzela duen beste batekin uztartzen baita: jaiotza tasa sustatzeko politikak», esan du Diputatuak.

Neurri horien artean, azpimarratzekoak dira ordutegi malgutasuna eta lanaldi murriztua, haurtzaindegiaren matrikula zati bat ordaintzea, lanpostu jakin batzuen maskulinizazioari edo feminizazioari buruzko hausnarketa, 20 orduko poltsa bat seme-alaben eskolako adaptazio aldirako, aitatasun eta amatasun baimenak luzatzea, ospitalean dauden senitartekoak zaintzeko baimenak luzatzea, edota berdintasuneko prestakuntza programak abiaraztea, «handia baita oraindik gizonen eta emakumeen arteko desoreka baimenak eskatzeko orduan; horrek erakusten du familiarekin zerikusia duten zeregin eta zaintzek emakumeen ardura izaten jarraitzen dutela askoz neurri handiago batean».

Nabarmendu behar da telelanaren proba pilotua partaidetza prozesu baten bidez burutu zela langileekin, herritarren partaidetzako zuzendaritzaren bidez. Langileek autoebaluazio bat egin zuten proiektuari begira, eta partaideen ezaugarriak edo kopurua diseinatu zituzten bilera irekien bidez. Bertan, lan egiteko modu hau ezagutzen duten pertsona batzuk ere izan ziren, beren esperientzien berri emanez.

Orobat, telelana abiaraztea Aldundia burutzen ari den modernizazio prozesuan kokatzen da, antolakuntza, lan sistemak eta baliabide eta zerbitzuak Gipuzkoako gizartearen eskaeretara egokitzen joateko. Berrikuntza hori begien bistakoa izango da giza baliabideetan, langile erdiak erretiratuko baitira hurrengo zazpi urtean. «Egungo erakundea 80ko hamarkadan diseinatu zen bezala, orain erabaki behar dugu nolakoa izango den etorkizuneko Aldundia, zer profil beharko ditugun gizartean eta gizartearen beharretan gertatzen diren aldaketei aurre egiteko.  Administrazio aitzindari, moderno eta kalitatezko baten alde egiten dugu», amaitu du.

  

1327