Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak lehen sektorearen lehiakortasuna eta belaunaldi erreleboa babestuko ditu 4,7 milioirekin

Foru Aldundiak lehen sektorearen lehiakortasuna eta belaunaldi erreleboa babestuko ditu 4,7 milioirekin

Diputatuen Kontseiluak ustiategietan inbertsioak egiteko laguntzen 2024ko deialdiak eta Gaztenek programa onartu ditu

2023/12/12
Gobernu kontseilua

Diputatuen Kontseiluak nekazaritza-ustiategietan inbertsioak egiteko eta nekazari gazteak babesteko (Gaztenek) 2024ko laguntzen deialdiak onartu ditu gaur. Laguntza horietara 4,7 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu, sektorearen erronka nagusienetako biri aurre egiteko: errentagarritasuna eta belaunaldien arteko erreleboa. “Horrela, lurralde oreka berdearen aldeko apustua areagotzen dugu, alde batetik, nekazaritza ustiategien bideragarritasuna hobetzen lagunduz, eraginkorragoak, lehiakorragoak eta errentagarriagoak bihurtuz, eta baserritarren bizi baldintzak hobetuz. Eta bestetik, Gipuzkoaren orainerako eta etorkizunerako funtsezkotzat jotzen dugun jarduera honetan gazteak sartzea sustatuz”, azpimarratu du Irune Berasaluze foru bozeramaileak.

Lehenengo deialdiak 3,6 milioi euro ditu, eta honako helburu hauetara bideratutako jarduerak babesten ditu: nekazaritza-ustiategiaren funtzionamendua eta iraunkortasun orokorra hobetzea, batez ere ekoizpen-kostuak murriztuz edo ekoizpena hobetu eta birbideratuz; natura-ingurunea, higiene-baldintzak edo animalien ongizate-mailak hobetzea; eta nekazaritza garatzeko, egokitzeko eta modernizatzeko azpiegiturak sortzea eta hobetzea, ura eta energia hornitzea eta aurreztea barne. Baserritar bakoitzak 100.000 eurorainoko laguntza jaso ahal izango du. Egin beharreko gutxieneko inbertsioa 3.000 eurokoa izango da, eta 1.500 eurokoa nekazaritza ekologikoaren kasuan.

Diruz lagundu daitezkeen inbertsioen artean honako hauek daude: ekoizpena merkatuaren beharretara egokitzea, batez ere ekoizpenen kalitatea eta uztaren biltegiratzea hobetzen laguntzen dutenak; enpresa-kudeaketa eta ustiategien errentagarritasuna hobetzea, batez ere kostuak eta energia-gastua murriztu, eta produktibitateak eta dibertsifikazioa areagotzen dutenak; edo ustiategien ekoizpen-ahalmena handitzea, batez ere ustiapenaren maneiua errazten duten eta lanaren produktibitatea hobetzen duten makineria eta instalazioenak.

Kontuan hartzen dira, halaber, ingurumenaren jasangarritasuna, bereziki, ekoizpen ekologiko eta integratuko sistemak eta hondakinen tratamenduan eta biltegiratzean hobekuntzak aurreikusten dituzten jarduketak, edo berotegi-efektuko gas-isuriak murriztea eta ongarrien erabileraren eraginkortasuna hobetzea; animalien higienea eta ongizatea, elikagaien segurtasuna, produktuen trazabilitatea eta laneko segurtasuna hobetzera bideratutako inbertsioak; eta inbertsio berritzaileak, hala nola bioenergia eta/edo energia berriztagarriak ezartzea eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) erabiltzea.

“Azken finean, gure baserritarrek lehiakortasuna indartzeko eta jarduerari epe luzerako ikuspegiarekin eusteko egiten dituzten apustuak babesten jarraitu nahi dugu, Gipuzkoak beharrezkoak dituelako”, adierazi du bozeramaileak. Eskaerak nekazaritzako ustiategiaren kokapenari dagozkion eskualdeko nekazaritza-bulegoetan aurkeztu beharko dira, deialdia GAOn argitaratzen den egunetik 2024ko urtarrilaren 29ra arte, biak barne. Aldundiak berriro aurreratu du deialdia, izapideak arintzeko eta eskaerei eraginkortasunez erantzuteko.

Bigarren deialdiari dagokionez (Gaztenek), foru erakundeak 1.125.000 euro bideratuko ditu 2024an 40 urtetik beherako baserritarrei enpresa berriak sortzen laguntzeko, bai lehendik dauden ustiategien kargu eginez, bai berriak irekiz. Jarduera horietan gazte trebatuak eta kualifikatuak sartzea da helburua, belaunaldi-aldaketa, garapena, dibertsifikazioa, enplegua eta enpresa berrien sorrera sustatuz. Laguntza ekonomikoaz gain -aurten 43.000 eurokoa izan da onuradun bakoitzeko batez beste-, programa honen onuradunek bost urtez aholkularitza eta laguntza teknikoa jasotzen dute beren proiektuak aurrera eramateko.

2004an hasi zenetik, 329 gaztek hasi dute beren proiektu profesionala, programaren laguntzarekin. Hala, 188k familia-ustiategiak hartu dituzte, belaunaldien arteko erreleboa bermatuz, eta 141ek, berriz, negozio berriak ireki dituzte. Azpimarratu behar da ustiategien arrakastaren ehunekoa handia dela, % 90ak bere jarduerari eusten baitio. “Nolanahi ere, talentua, ideia berriak eta haize freskoa behar ditugu lehen sektoreari jarraipena emateko. Funtsezko erronka da elikadurarekin, ingurumenarekin edo klima-aldaketarekin lotuta ditugun erronkei aurre egiteko; izan ere, nekazaritza, abeltzaintza edo basogintza ezinbestekoak dira lurraldeko azaleraren % 80 kudeatzen dutelako. Lehen sektore sendoa, lehiakorra eta dinamikoa behar dugu, Gipuzkoa orekatua eta iraunkorra izan dadin esparru guztietan”, adierazi du.

Enplegu publikoa

Diputatuen Kontseiluak enplegu publikorako hainbat deialdi ere onartu ditu gaur goizean egindako bileran. Alde batetik, foru plantilla egonkortzeko 10 plazako eskaintza gehigarria onartu da, eta, bestetik, 113 plaza betetzeko beste 4 deialdi onartu dira, horietatik 100 administrazioko langileenak. “Foru Aldundiak, deialdi hauen bidez, behin-behinekotasuna murrizten eta plantillaren belaunaldi erreleboa eta erakundearen modernizazioa errazten jarraitu nahi du etorkizunari begira”, Berasaluzek azaldu duenez. 2023an behin-behinekotasuna murrizteko eskaintzari dagokionez, 10 plaza betetzeko 5 prozesuren oinarriak eta deialdiak onartu dira. Plaza horiek lehiaketa bidez eskainiko dira, eta datorren urtearen amaierarako ebatzi beharko dira. Goi-mailako ekonomialariaren 4 plaza, kudeaketa ekonomikoko erdi-mailako teknikariaren 2 plaza, ogasuneko erdi-mailako teknikariaren 2 plaza, arkitekto teknikoaren plaza 1 eta basogintzako erdi-mailako teknikariaren plaza 1 dira.

Era berean, Diputatuen Kontseiluak azken urteetan funtzionario plazak betetzeko onartutako oposizio-lehiaketako hainbat hautaketa-prozesuren deialdiak onartu dira gaur. 113 lanpostutarako 4 deialdi egingo dira: 2 abokatu-plaza, Administrazio Kudeaketako Erdi Mailako Teknikariaren 8 plaza, Administrariaren 100 plaza eta Makinista Gidariaren 3 plaza. Oinarriak datozen egunetan argitaratuko dira GAOn.

Etxez etxeko laguntza

Azkenik, Kontseiluak argi berdea eman dio gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako udal eta mankomunitateekin sinatutako hitzarmenen luzapena onartzeari, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua finantzatzeko. Horrela, foru-erakundeak 8.192.463 euroko urteko kostua baimendu du zerbitzu hori finantzatzeko, beren etxean bizi diren mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonentzat. Hilero 4.733 erabiltzaile artatzen dira lurralde osoan, eta % 70 inguru Aldundiak hartzen du bere gain.

Bozeramaileak azpimarratu du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua “funtsezkoa” dela adineko, mendeko eta desgaitasuna duten pertsonei etxean bertan arreta emateko. Helburu horretan “buru-belarri” ari da Aldundia: “10 adinekotik 8k etxean bizitzen jarraitu nahi dute, eta gure betebeharra da desio horri erantzutea”. Hori dela eta, Berasaluzek oso positibotzat jo du zerbitzu eta prestazio desberdinek, hala nola ELZk, helburu hori lortzeko egiten duten ekarpena.

  

1005