Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak partaidetza prozesuak sustatuko ditu Gipuzkoako 36 udalerritan

Foru Aldundiak partaidetza prozesuak sustatuko ditu Gipuzkoako 36 udalerritan

Aldundiak 120.000 euro xedatuko ditu herritarren partaidetza sustatzeko tokiko eremuan, batez ere herri txiki eta ertainetan

2017/08/10

Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntzak emango dizkie diru Gipuzkoako 36 herritan egitekoak diren partaidetzako beste horrenbeste proiekturi. Udalerri bakoitzak proiektu bakarra aurkez zezakeen, lehentasunak ezarri behar baitziren, eta 36 proiektuk lortu dute Foru Aldundiaren diru laguntza jaso ahal izateko gutxieneko puntuazioa (100etik 50). Deialdi honen helburua da udal esparruan garatzen diren prozesu parte hartzaileak sustatzea, eta, horrela, bultzada bat ematea herritarrek berdintasunean arlo publikoa kudeatzeko eta hari buruzko erabakiak hartzeko eskubideari, eta, aldi berean, udalek partaidetza hori sustatzeko duten gaitasuna indartzea.

Urteroko diru laguntza horiek herri guztiei zuzenduak daude, haien tamaina dena dela. Izan ere, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak adierazi duenez, xedeetako bat da herri txiki eta ertainek ere diru laguntza horiek lortzeko eskubidea bermatzea, askotan halako herriek izaten baitute halako prozesuak garatzeko giza baliabide eta bitarteko ekonomiko gutxien. Hori horrela, laguntzen ia bi heren zuzenduko zaizkie 10.000 biztanletik beherako udalerriei. “Deialdian 2.000 biztanletik beherako 13 herrik parte hartu dute, eta 37.580,97 euro jasoko dituzte guztira; 2.000 eta 10.000 bitartekoak, berriz, 11 herri izan dira eta 41.209,52 euro jasoko dituzte proiektuak gauzatzeko". 10.000 biztanletik gorakoei dagokienez, 12 herrik parte hartu dute eta 41.209,52 euro jasoko dituzte beren proiektuetarako.

Horrez gain, udalerri txikiei lehentasuna ematen zaie, haientzat finantzaketaren gehieneko ehunekoa % 80koa izango baita; ertainentzat % 70koa, eta handientzat % 60koa. Proiektuen tipologiari dagokionez, horietako askok xede dute partaidetza modu integralean sustatzea, eta herritarrak barne hartzea herritarren parte hartzerako edo gobernu irekirako planak eta ordenantzak diseinatzean, edo udal aurrekontuak eratzean – esaterako Irunen, Urnietan, Hernanin, Pasaian, Abaltzisketan eta Orendainen. Gainerakoak herritarren partaidetzaren bidez osatu nahi diren proiektuak dira, hainbat esparrutakoak: Agenda 21, hirigintza proiektuak, hausnarketa estrategikoa, kultura eta gazteria, hondakinen kudeaketa, genero berdintasuna, mugikortasuna edo eredu turistikoa, esate baterako.

Adibidez, Bergaran, prozesuak kultura batzordea indartzeko balio izango du; Orion, berriz, herritarrek eta eragileek parte hartuko dute estalitako parke bat diseinatzean; Errenterian, Arramendi parkearen erabilerari buruzko erabakia hartuko dute; Azpeitian, Betharram eraikinaren fatxada aukeratuko da; Anoetan jaietan berdintasunez bizitzeari buruz sentsibilizatuko dituzte herritarrak; Altzon, parte hartzearen ardatz izango dira turismo bulegoa eta bertako produktuen denda abiaraztea; Itsasondon, landa bideen inbentarioa egingo da; Amezketan, eskolako eta liburutegiko sarrerak berrituko dira; eta, Antzuolan, Antzuola 2030 hausnarketa estrategikoa egingo da.

Lasak nabarmendu du prozesu horiek eragin positiboa izango dutela “herritarren bizitza kalitatean, eta ardatz izango dituztela ekimen zehatzak eta interesekoak, zeinak lagungarri izango diren partaidetza lan tresna gisa normalizatzeko eta zabaltzeko, politika publikoak indartu, legitimatu eta eraginkorragoak egiteko orduan; eta, era berean, partaidetzak lotura komunitarioak eta kolektiboak indartzen dituela indibidualismoaren mehatxuaren aurrean”.

Diru laguntzak jasotzeko ezarritako baldintzen artean, lehentasuna izan dute parte hartzeko aurrez aurreko espazioek eta teknologia berriek; desburokratizazioaren, eraginkortasunaren, irisgarritasunaren, gardentasunaren eta erabakiak hartzeko orduan herritarren inplikazioaren printzipioak sustatzen dituztenek;  prestakuntza, ekintzailetasuna eta udalaren ahalmena indartzen dutenek herritarren partaidetzari dagokionez. Diputatuak garrantzitsutzat jo du euskal erakundeak gobernantza eredu berri baten alde egiten ari diren apustua, eta azpimarratu egin du eredu horren barruan udalek duten garrantzia, herritarrengandik gertuen dagoen maila instituzionala diren aldetik. “Gertutasun hori dela eta, gakoa dira herritarrekiko harreman irekia finkatzeko eta parte hartzeko eta komunikatzeko bide berriak irekitzeko. Haiekin izandako elkarlana bizia da bereziki herritarren partaidetzaren esparruan.

Zentzu horretan, gogorarazi du zein eginkizun izango duen berriki sortutako Herritarren Partaidetzako Gipuzkoako Erakunde arteko Guneak, zeinak biltzen dituen lurraldeko udalak eta tokiko erakundeak. Hurrengo urtetik aurrera, organo horrek kudeatuko ditu diru laguntza hauek, elkarlanean.

  

1293