Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Aldundiak Tolosaldeko lehiakortasuna sustatzeko plana babestuko du

Foru Aldundiak Tolosaldeko lehiakortasuna sustatzeko plana babestuko du

Alkatearen eskutik egindako bisitan, diputatu nagusiak Tolosa eskualdearen eragile ekonomiko bilakatzeko apustua egin du

Tolosara erakunde bisita

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia Tolosan izan da gaur eta, alkate andrearekin eta Tolosaldea Garatzen eskualdeko agentziako lehendakari Olatz Peon andrearekin batera, aukera izan du udalerriko premiak eta erronkak zuzenean ezagutzeko. Bi erakundeak iritzi berekoak dira eta oso garrantzitsutzat jotzen dute ekonomia indartzea eta kalitatezko enpleguak bermatzea langabezia tasa % 11,2 ingurukoa den eskualde honetan. Xede horrekin, Foru Aldundiak babesa emango dio eskualdeko agentzia prestatzen ari den planari, eskualdean lehiakortasuna sustatu eta Tolosa eragile ekonomiko bihurtzeko asmoz. “Lankidetzan arituko gara Tolosaldea eskualde indartsuagoa izan dadin, kargarik gabeko ekonomia eta kalitatezko enpleguak izan ditzan” ziurtatu du Olanok, sinetsita baitago “ekonomiaren aldeko apustu hori ona izango dela eskualdearentzat eta lurralde osoarentzat”.

Foru eta udal ordezkariek goizeko lehen orduan bilera bat izan dute udaletxean eta bertan Foru Aldundiak lehiakortasunerako plana babesteko konpromisoa hartu du. Bileraren ondoren, Usabal eta Apatta industrialdeetako hainbat enpresa bisitatzera joan dira. Olanok eta bere taldeak, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuak, Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak eta Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak osatutakoak, aurreratu dute foru gobernuak arreta handiz aztertuko duela eskualdearen egoera, eta aurrekontuetan diru izendapen bat gordeko dutela planteatutako beharrak kontuan hartuta. Diputatu nagusiak baieztatu duenez, “Goizegi da xehetasunak emateko, baina ziurtatu dezakegu bidelagun  izango gaituzuela, eta Foru Aldundia gertu egongo dela Tolosaldeko ekintzaileen eta enpresen beharrei erantzuteko”.

Bileran, udalerriaren interesekoak diren beste gai batzuk ere landu dira, hala nola, Euskal Herria plazan hotel bat eta jatetxe bat eraikitzea, eta Singular Dendak proiektua bertako merkataritza sustatzeko.  Alkatearen esanetan “Tolosa une garrantzitsu batean dago munta handiko hainbat proiektu itxura hartzen ari direlako”.

Gaurko eguna osatzeko Uzturre gerontologia zentroa eta Oriaburu eraikina ikustera joan dira, azken horretan Co-Working proiektua gauzatuko baita. Diputatu nagusia pozik azaldu da ekimen horren xehetasunak ezagutu ondoren, “ezin hobeto irudikatzen baitu Gipuzkoako indar sozio-ekonomikoa”.

  

1288