Foru Jauregiak pertsonaia historikoek gidatutako bisita antzeztuak hartuko ditu, Gipuzkoaren milurtekoaren ospakizun-ekitaldien baitan
Foru Jauregiak pertsonaia historikoek gidatutako bisita antzeztuak hartuko ditu, Gipuzkoaren milurtekoaren ospakizun-ekitaldien baitan
Foru Jauregiak pertsonaia historikoek gidatutako bisita antzeztuak hartuko ditu, Gipuzkoaren milurtekoaren ospakizun-ekitaldien baitan
Gaur egin den ate irekien jardunaldiak 250 pertsona erakarri ditu jauregira eta datorren irailaren 13ko bisita dramatizatuek jarraipen berezia emango diote

Aldundiak ate irekien jardunaldi berri bat egin du gaur Foru Jauregian. 250 pertsona inguruk Gipuzkoa plazako eraikinaren historia, arkitektura eta balio artistikoa bertatik bertara ezagutu dituzte. Topaketak interes handia piztu du berriz ere herritarren artean, iazko parte-hartzea gaindituz eta dagoeneko bost mila bat lagun hurbildu dira guztira, erakundearen ondarea gipuzkoarrengana gerturatzea helburu duen ekimen honen bueltan. Bisitak euskaraz eta gaztelaniaz egin dira, eta bisitariek ordubete baino gehiago igaro ahal izan dute foru eraikinean hango elementu nabarmenenak ezagutzeko: Alfontso VIII.a foruen zina egiten irudikatzen duen beiratea, Elkanori eskainitako XVI. mendeko tapiza, horma-pinturak, erretratuak, eskulturak eta inskripzioak, jauregia Gipuzkoako memorian barrena benetako ibilbide bihurtzen dutenak; Gobernantza departamenduak aldian-aldian antolatzen duen hitzordu honen baitan.
Eider Mendoza diputatu nagusiak eskertu egin du herritarrek hitzordu honekiko agertu duten interes handia: "Aldundiarentzat pribilegio bat da ateak ireki eta gipuzkoarrekin partekatu ahal izatea, komunitate gisa dagokigun eta aurten ospatzen ari garen historia komun aberats baten parte den ondare hau”. Mendozak, gainera, aukera aprobetxatu du herritarrak hurrengo hitzordu berezi batera gonbidatzeko: irailaren 13an, larunbata, Gipuzkoako milurtekoaren ospakizunen kultur programazioaren barruan egingo diren bisita antzeztuak.
Bisita antzeztuak irailaren 13an
Lurraldearen izenaren 1025 urteko lehen aipamen idatzia ospatzeko antolatu den egitarauaren baitan, datorren larunbatean, irailak 13, Foru Jauregiak ateak irekiko dizkie berriro ere ikusleei, bisitaldi oso bereziekin: ibilbide antzeztuak izango dira, lurraldeko pertsonaia historikoei bizia emango dieten aktoreen eskutik, garaiko jantziak soinean, Gipuzkoako historian eta memorian zehar bidaia egiteko.
Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzetan, “aukera paregabea izango da jauregia beste modu batean ezagutzeko, hitzordu honetarako buru-belarri prestatzen ari diren aktore eta gidoilarien eskutik. Memoria eta sormena batzen dituen esperientzia honekin bat egitera gonbidatu nahi ditugu herritarrak, gure historia partekatura are gehiago hurbiltzeko ”.
Gobernanta-ren gidaritzapean (Josune Gorostegi aktoreak interpretatua), jada desagertu den baina garai batean jauregiaren antolaketan, kudeaketan eta zaintzan funtsezkoa zen pertsonaia horren eskutik; Juan Sebastian Elkanok (Arkaitz Gartziandia), Loiolako San Inaziok (Gaizka Sarasua), Julio Urkixok (Juanma Rodríguez) eta Elbira Zipitriak (Amaia Irazabal) parte hartuko dute kontakizunean. Garaiko jantziak soinean dituztela, pertsonaia historikoak hezur-mamituta itzuliko dira Gipuzkoako milaka urteko historian zehar egingo den bidaiarako.
Hitzordu horretarako izen-emateak datorren astelehenean irekiko dira Aldundiaren webgunean eta, edukiera murritza denez, plazak oso mugatuak izango dira. Hala ere, irailaren 13ko estreinaldiak jarraipena izango du eta abenduan bertan beste jardunaldi antzeztu bat egingo da.
Azkenik, Mendozak gogorarazi du, “efemeride historikoaz harago, ospakizunak hamar mendetan lurraldea definitu duten balio komunitarioak indartzeko nahia". "Horrek agerian uzten du duela hamar mende komunitate gisa existitzen ginela, gure erronkekin, gure bizimoduekin eta aurrera jarraitzeko nahiarekin. Aukera paregabea da gure historiari buruz eta, batez ere, eraiki nahi dugun etorkizunari buruz hausnartzeko ”.
4699