Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Foru Ogasunak "Fiskalitateari buruzko ideia berritzaileak" lehiaketan parte hartzeko deialdia zabaldu du

Foru Ogasunak "Fiskalitateari buruzko ideia berritzaileak" lehiaketan parte hartzeko deialdia zabaldu du

Berritasun gisa, aurten, Aldundiak kategoria berri bat ireki du, Gipuzkoako herritarrez gain, lurraldeko enpresa sortu berriek ere parte hartu ahal izan dezaten beren ideiekin.

2024/03/21
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako herritarrei zuzendutako "Fiskalitateari buruzko ideia berritzaileak" lehiaketaren deialdiaren oinarriak argitaratuko ditu bihar Foru Ogasunak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta etzi, martxoak 23an, proposamenak jasotzeko epea zabalduko da. Edizio honetako berritasun gisa, lurraldean sortu berri diren enpresek ere parte hartzeko aukera izango dute. Ekimen honen helburua da obligazio fiskalak betetzeko laguntza zerbitzu berriak pentsatzen laguntzea, bai eta zerga iruzurraren aurkako borroka erraztuko duten ideia eta/edo tresna berriak garatzen laguntzea ere.

Hala, lehiaketara aurkezten diren proposamenak bideratuta joan beharko dira zerbitzu publikoak eta ongizate estatua mantentzeko ardura duten herritar moduan laguntzera zein garrantzitsua den ezagutaraztera eta horren inguruan sentsibilizatzera, Ogasun eta Finantza departamentuaren webgunean eskuragarri dagoen informazioa zabaltzera edo hobetzera, zergadunei beren zerga obligazioak betetzen laguntzeko zerbitzuak sortzera, zabaltzera edo hobetzera, bai eta iruzurraren aurkako borroka erraztuko duten ideia eta/edo tresna berriak proposatzera ere.

Sarien zuzkidurari dagokionez, Gipuzkoan erroldatutako pertsona fisikoen kasuan, bi sari banatuko dira, guztira 5.000 euro, eta lurraldean kokatutako enpresa sortu berrien kasuan, berriz, 10.000 euroko sari bakarra egongo da, eskudirutan.

Jokin Perona Ogasuneko eta Finantzetako diputatuak adierazi duenez, "Ideia berritzaileen lehiaketa honek gipuzkoarrengana hurbiltzeko aukera ematen digu, beste ikuspuntu batetik, ideia berriekin, sormenarekin eta talentuarekin gure fiskalitatean inplikatzea bilatuz”. Enpresa sortu berrientzako kategoria berri bat sartzeak, Peronaren hitzetan, “pertsona ekintzaileen ikuspegia txertatzea du helburu. Ogasunarekin izan duten beren esperientziatik gure zerbitzuen hobekuntzan eta zerga-betebeharrak betetzearen garrantziarekiko sentsibilizazioan aurrera egiteko balioko duten ideiak eta proiektu-proposamenak ematea gustatuko litzaiguke, batera, Gipuzkoa ingurune solidarioagoa eta orekatuagoa izan dadin lortzeko”.

Ildo horretan, aipatutako sariez gain, ideia irabazleek aukera izango dute BIC Gipuzkoa Berrilanen aholkularitza jasotzeko, berrikuntzari laguntzeko prestakuntza programen eta ekintzen bidez bizkortzeko.

Ebaluazio batzorde batek baloratuko ditu aurkeztutako proposamenak. Batzorde horretan, honako erakunde hauetako ordezkariek parte hartuko dute: Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentua eta Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua; Gipuzkoako BIC; eta lau euskal unibertsitateak (EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustu eta Tecnum-Nafarroako Unibertsitatea). Ideiak honako hauen arabera ebaluatuko dira: sormena, originaltasuna eta berrikuntza maila, haiek ezartzeko aukera, gizartean duten eragina, teknologia berrien erabilera eta proposamenaren aurkezpenaren kalitatea.

"Fiskalitateari buruzko ideia berritzaileak" aurkezteko epea etzi zabalduko da, bihar Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta 2024ko maiatzaren 10ean amaituko da, 14:30etan. Proposamenak horretarako prestatutako formulario elektronikoaren bidez aurkeztuko dira. Inprimaki hori eskuragarri egongo da laguntzen, beken eta dirulaguntzen atarian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan: https://egoitza.gipuzkoa.eus/berritzekoideiak

  

795