Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Frankismo garaiko errepresioa jasandako emakumeen bizipenak ekarri dituzte gogora Aranzadik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Frankismo garaiko errepresioa jasandako emakumeen bizipenak ekarri dituzte gogora Aranzadik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak

Gaur aurkeztu den eta Ione Zuloaga historialariak gidatu duen azterlanak, 1936 eta 1945 urte bitartean emakume gipuzkoarrek jasandako errepresio frankistaren inguruko errealitate desberdinak batu ditu

Liburuaren aurkezpena

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jargi Aretoan aurkeztu da gaur “1936-1945 artean errepresio frankista jasan zuten emakumeak. Gipuzkoako kasua” azterlana, Aranzadi Zientzia Elkarteko historialaria den Ione Zuloagak osatu duena, beste hiru emakumeren ekarpenekin: Queralt Solé (Bartzelonako Unibertsitatea), Enara Garro (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Lourdes Herrasti (Aranzadi Zientzia Elkartea). Argitalpen zabal batean jaso dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak eginiko lana, eta bertan, gipuzkoar emakume horien bizipenak bildu dira, bigarren errepublikatik hasi eta XX mende erdialdera arte bizi izandakoak gogora ekarriz, “emakumeen irudia, izandako rolak eta bizipenak erdigunean ipinita, eta emakume horiek guztiak aitortzeko helburuarekin”.

            Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, lanaren “sakontasuna eta arima” azpimarratu ditu. “Hainbat eta hainbat hamarkadaz isilarazitako eta ikusezin bihurtutako indarkeria aztertu eta azaleratzen du argitalpen honek. Frankismoaren biktimen egia, justizia eta erreparazioa gauzatzeko bidean urrats garrantzitsua da, ezinbestekoa. Ez bakarrik urraketa haiek jasan zituztenen testigantza jasotzen duelako, baizik eta Gipuzkoan eta gure herrian errepresio frankista jasan zuten emakume guztien memoria aldarrikatzen duelako; eta, gisa horretan, lurralde justuagoa eta berdinzaleagoa eraikitzeko bidean aurrera egiten dugulako”

Izan ere, diputatu nagusiak gogoratu duenez, beren ilea mozterakoan, emakume haien “ideiei, demokraziari, askatasunari eta berdintasunari hegoak moztu” nahi izan zieten. “Emakumeak mendean edukitzea zen gizarte eredu haren helburua, gizartean ekarpenik egin ez zezaten, beren askatasuna eta eskubideak garatu ez zitzaten, gure herriak zapaldua jarrai zezan”, gogoeta egin du. Baina bere esanetan, hamarkada luzez iraun zuen “iluntasun” haren ondoren, gaur, “irmoki” esan dezakegu emakume eta neskato haien guztien ereduari esker, une oroko erakutsi zuten “duintasunari” esker, oraindik egiteko asko badugu ere, gaur egun “gizon eta emakumeen berdintasunean” aurrera egiten ari garela eta aurrera egingo diegu. “Asko zor diegu frankismoaren eta gorrotoaren indarkeria jasan zuten emakume haiei”, laburbildu du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, lurraldeko elkarte memorialistekin elkarlanean, urteak daramatza frankismoaren biktimen egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatuz eta horren alde lan eginez. Bide horretan beste urrats bat ematen du azterlan honek, eta horri esker, emakume hauek gure historiaren zati bezala aitortuak eta gogoratuak izango direla nabarmendu du diputatu nagusiak. Gainera, bide horretan “urrats berriak” emateko “oinarri sendoa” izango da argitalpen hau, Mendozaren iritziz. Ekitaldira 70 lagun bertaratu dira, horien artean erakunde publikoetako ordezkariak, elkarte memorialistak, errepresio frankistaren biktima izandako gizon-emakumeen seme-alabak, baita gerrako umeak ere.

1.000 emakume kanporatu ziren beren herrietatik

Azterlanean azpimarratzen da, oro har, 1936-1945 artean errepresioa jasan zuten emakumeak, Bigarren Errepublikan zehar militantzia politikoa izan eta espazio publikoa hartu zutenak izan zirela besteak beste. Hego Euskal Herriko lurraldeetan 190 miliziana inguru zenbatu dira, Euskal Milizia Antifaxistekin borrokan jardun zutenak gehienak. Horietatik gipuzkoar jatorrikoak 45 fronteetan aritu zirenak, 22 armak hartuta, 5 erizain lanetan, 9 sukalde lanetan eta 9 laguntza-zerbitzuetan.

Azterlanak ondorioztatzen du emakumeek, oro har, errepresio frankista beraien militantzia politikoagatik jasan zutela, datuek hala erakusten dutelarik. Gipuzkoako Ondasunak Bahitzeko Batzordeak 30 emakume desjabetu zituen; Nafarroako Erantzukizun Politikoen Auzitegiak 111 emakume kondenatu zituen; eta frankistak boterera iritsi zirenean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 215 emakume kanporatu zituen, telefono zerbitzuetako 57 emakume kargugabetu zituzten, Urolako trenetako 5, 7 garbitzaile, 4 irakasle, 2 bidezain zerbitzuetan eta Fraisoroko sehaska-etxean bat, beste 4 emakumeren kasuan lanbidea zehaztu gabe.

Frankistek beren herrietatik kanporatutako emakume, haur eta adineko pertsonak guztira 1.000 inguru izan ziren, gehiengoak emakumeak. Bestalde, 3.545 espediente ikertu dira, 1936tik aurrera espetxeetan preso egondako emakumeenak, %95etik gora, gerra arrazoiengatik espetxeratuak, Azpeitian 9, Tolosa 121, Saturraranen 2.151 eta Ondarretan 1.264. Emakume fusilatuei dagokienez, gaur egunera arte 50etik gora identifikatu dira, gehiengoa epaiketa militarrik egin gabe fusilatu zituzten.

Biktima ikusezinak, genero indarkeria, gorputza eta errepresioa

Ione Zuloaga historialariak buruturiko ikerketa lau ataletan dago banatuta. Bigarren Errepublika garaitik abiatzen da, emakumeek eginiko aldarriak azpimarratuz, eta beren irudiaren inguruko aldaketa azalduz. Horretarako, Emakume Abertzale Batzaren sorreraren eta lehen emakume alkateen errepasoa egiten da, espazio publikoaren konkista gisa ulertuz. Bigarren atalean, estatu kolpearen eta gerraren hasieraren testuinguruan, emakumeek frontean jokaturiko papera, erbesteratzeak, eta erizain eta amabitxi bezala eginiko lana laburbiltzen dira, besteak beste.

Jarraian, emakumeen aurkako zenbait errepresio mota biltzen dira, hala nola, errepresio ekonomikoa, lan-kanporatzeak, ile mozketak, telefonisten lana, kartzelaratutako emakumeen egoera, fusilamenduak eta alargunen lutoaren ukazioa. Eta azkeneko atalean, Bigarren Mundu Gerran zehar nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako hiru emakumeren kasua jasotzen da: Maria Juana Gesalaga, Maria Josefa Sanzberro eta Simonne Paquita Lebouch.

Ione Zuloagaren azterlan hau hiru ikerlariren lanek osatu dute. Bartzelonako Unibertsitateko Queralt Solék ikuspegi historikotik aztertu ditu emakumeen rola eta egoera gerrateetan, ikusezin bihurtuko biktima gisa. Bestetik, Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria den Enara Garrok genero indarkeria aztertu du testuinguru hartan, eta hari nola egin zitzaion aurre, nazioarteko eta Europako eskualdeetako ikuspegi batetik. Eta azkenik, Aranzadi Zientzia Elkarteko Antropologia saileko Lourdes Herrastik emakumeen gorputzetan errepresioak izandako eragina aztertu du, gerra garaiko eta gerra osteko errepresio sozial eta politiko orokortuaren esparruan, emakumeen aurkako umilazio eta iraina bilatzea helburu zuen irudiaren eraso eta gorputzen jabetza, bortxaketa eta heriotzekin.

​​​​​​​

  

739