Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

GANTTeko eragileek Gipuzkoa terapia aurreratuetan industria-erreferente gisa kokatzeko estrategia zehaztu dute

GANTTeko eragileek Gipuzkoa terapia aurreratuetan industria-erreferente gisa kokatzeko estrategia zehaztu dute

Foru Aldundiak lan-topaketa bat egin du Viralgen, VIVEbiotech, Biodonostia eta BIC Gipuzkoarekin, proiektua bultzatzen jarraitzeko.

Foto GANTTeko eragileek...

Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikizen esparruan bultzatzen duen GANTT (Gipuzkoa Advanced New Therapies Territory) proiektua osatzen duten eragile nagusiek lan-topaketa bat izan dute gaur, ekimen horren ildo estrategiko nagusiak lantzen jarraitzeko. Ekimen horren helburua da Gipuzkoa munduko erreferentzia izatea industria-orientazioa duten terapia zelular, geniko eta RNA bidezkoen garapenean. Estrategia honen helburua da datozen urteetan, lankidetzan, terapia horiek garatzeko ekosistema bat sortzea. Izan ere, terapia horiek jada ekarri dute iraultza medikuntzara, eta Gipuzkoak, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatu Jabier Larrañagak nabarmendu duenez, «indargune eta ahalmen nabarmenak» ditu arlo horretan.

Bileran, Larrañagarekin batera, honako hauek ere izan dira: Javier García-Cogorro, Viralgen enpresako CEO; Gurutz Linazasoro, VIVEbiotech enpresako CEO; Julio Arrizabalaga, Biodonostia Institutuko zuzendaria; Marisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendaria; eta Ekonomia Sustapeneko Departamentuko lantaldea, nahiz estrategian parte hartzen duten teknikariak. Oinarriak identifikatzeko, nazioarteko esperientzia aurreratuak aztertu ziren joan den urtean eta Gipuzkoan dauden gaitasunak eta aukerak ikertu ziren, enpresekin, erakundeekin eta ikerketa zentroekin egindako elkarrizketen bidez.   

Proiektuko eragileek garatu beharreko jarduera ildo nagusiak partekatu eta indarrak lerrokatu dituzte, eta horien artean daude, besteak beste, honako hauek: definitzea terapia aurreratuen zein segmentutan dituen Gipuzkoak lehiatzeko oinarri zabalenak; balio-kate industrial bat sortzea terapia aurreratuen enpresei zerbitzua emateko; terapia horiek garatzeko beharrezkoak diren gaiak fabrikatzeko ekosistema bat sortzea, egungo enpresen garapena bultzatuz; Gipuzkoa entsegu klinikoak egiten espezializatutako lurralde bilakatzea; beharrezkoa den prestakuntza plana eta talentuak erakartzeko plana diseinatzea; eta finantzazio plan espezifiko bat diseinatzea.

Diputatuaren iritziz, «oso positiboak» izan dira, batetik, proiektuaren oinarriak indartzeko emandako urratsak eta, bestetik, inplikatutako eragileen «lankidetza». Era berean, azpimarratu du Gipuzkoak «badituela beharrezko osagai guztiak» arlo horretan duen kokapena indartzen jarraitzeko, «kalitatezko enplegua sortuz eta pertsonen bizi-kalitatea hobetuz»: «Trakzio-enpresak ditugu, hala nola Viralgen eta VIVEbiotech, unibertsitateak eta puntako ikerketa zentroak, eginkizun lagungarri garrantzitsua izan dezaketen start up-ak, osasun sistema indartsua, eta inbertsio industria espezializatua, proiektuak eskalatzeko aukera eman diezakeguna. Lehiakortasuna eta ongizatea bateratuko dituen ekonomia sendo baten aldeko apustuarekin, etorkizuneko esparru honek eskaintzen dizkigun aukera guztiak baliatu nahi ditugu» azaldu du.

Medikuntzaren etorkizuna

Terapia aurreratuak oso sendagai berritzaileak dira, geneak, zelulak edo ehunak gaixotasunak prebenitzeko edo tratatzeko erabiltzean oinarritzen direnak. Dagoeneko arrakastaz aplikatzen hasi dira praktika klinikoan, adibidez, odoleko gaixotasun jakin batzuen tratamenduan edo ehunen birsorkuntzan. Garrantzi handia dute tratamendu pertsonalizatuak egiteko ahalmen handia dutelako, eta iraultza bat izaten ari dira medikuntzan, estrategia terapeutiko berriak ahalbidetzen baitituzte, adibidez, orain arte hilgarriak ziren minbizi mota batzuen hilkortasuna murriztuz.

  

280