Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gardentasunean, gertutasunean eta eraginkortasunean oinarritutako web orri berria aurkeztu du Aldundiak

Gardentasunean, gertutasunean eta eraginkortasunean oinarritutako web orri berria aurkeztu du Aldundiak

Gizartearen eskakizun eta behar berrietara egokitutako tresna izango da www.gipuzkoa.eus ataria, Imanol Lasak azpimarratu duenez

2016/01/31
Imanol Lasa webaren prentsaurrekoan

Aldundiaren egunerokoa, bere jarduerak eta bere ordezkarienak Gipuzkoako herritarrei gerturatu, eta erakundearekiko duten harremana erraztu. Hori da www.gipuzkoa.eus web orriaren helburu nagusia. Atari berritua aurkeztu du gaur Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak. Foru gobernu berria ezartzen ari den gobernantza oneko politika berriaren komunikazio tresna nagusietako bat izango da webgunea, eta “gertutasuna, gardentasuna, eta gizartearen behar eta eskakizun berriekiko egokitasuna” dira bere ezaugarri garrantzitsuenak.

Webgunearen bitartez, diputatuen agendaren berri eduki ahal izango dute herritarrek denbora errealean: ekitaldi ofizialak, aurkezpenak, laneko bidaiak, norekin batzartzen diren eta zertarako… egunerokoan egiten dutena, hain zuzen. “Transparency International-ek finkatutako gardentasun adierazle nagusietako bat da agenda publikoa, eta hemendik aurrera bete egiten dugu”, nabarmendu du Lasak. Formatu desberdinak aztertu dituzte –Obama, Erresuma Batuko gobernua, Txileko ministroena…-, eta azkenik egutegiarena aukeratu dute, argiena eta bisualena delako.

Atal horretan ere, diputatu guztiekin harremanetan jartzeko bitartekoak zehazten dira –telefonoa eta helbide elektronikoa-, sare sozialetan dituzten perfilekin, haien kurrikulumekin, eta zuzendarienekin batera. Departamentu bakoitzeko informazioa ere ematen da: aurrekontua, aurrekontuaren betetze maila, eta proiektu eta lan ildo azpimarragarrienak: “Zer egiten dugun, zeinek egiten duen, eta zergatik. Hori azaltzea da helburua”, esplikatu du.

Tramiteen atalak ere eraldaketa sakona izan du: “Gure kezka nagusia izan da ahal genuen guztia erraztea eta arintzea kontsulta eta gestio guztiak; bai herritarrenak, bai elkarteenak eta baita enpresenak ere”, adierazi du diputatuak. Horretarako, bilatzaile prediktiboa txertatu da. Erabiltzaileek egindako tramite eta bilaketa errepikatuenak agertzen dira. Eta posible da ere bilaketak gaikako kategorien arabera egitea –hirugarren adina, disgaitasuna… Beka eta dirulaguntzen inguruan dagoen informazio guztia “modu errazean” eskuratu ahal izango da.

  

1300