Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gaztañaga sagardotegiak irabazi du Foru Aldundiaren Gipuzkoako XV. Sagardo Lehiaketa

Gaztañaga sagardotegiak irabazi du Foru Aldundiaren Gipuzkoako XV. Sagardo Lehiaketa

Fraisoroko dasta-panaleko kideek erabaki dute zein den 2016ko Gipuzkoako sagardo onena

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Sagardo Lehiaketaren 15. edizioaren finala gaur eguerdian ospatu da Donostiako Gastronomiazko Euskal Anaiartean. Aurten, Gipuzkoako hemezortzi udalerritako hogeita hemeretzi sagardotegik eman zuten izena, inoizko parte-hartzerik handiena, eta gaurko finalean 6 sagardotegi finalistak parte hartu dute: Aburuza, Akarregi, Alorrenea, Altzueta, Gaztañaga eta Izeta. Aldundiko Fraisoroko dastagunean ikasi eta diplomadun diren dastatzaileek osatutako epaimahaiak aukeratu du irabazlea. Hau izan da epaimahaiaren emaitzaren araberako sailkapena:

 

Gaztañaga sagardotegia: 74 punturekin.
Altzueta sagardotegia: 70 punturekin.
Aburuza sagardotegia: 65 punturekin.

 

Aurtengo lehiaketako sagardogile irabazleak 3.000 euro eta txapela eskuratu du. Bigarren sailkatuak 1.500 euro, eta hirugarrenak, berriz, 1.000 euro. Lehen hiru irabazleek eskala ezberdinetara egina dagoen Donostiako Bidarte baserriko “Garralea edo karreto barrika” ezagunaren erreplika bat eskuratu dute. Sagardo Lehiaketaren “Foru Aldundiaren” sari nagusia Xabier Arrutik, Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak, eman du. Lehendabiziko hiru postuetan sailkatuan izan ez diren finalistek, Akarregi, Alorrena eta Izeta sagardotegiek, diploma bana jaso dute.

 

Lehiaketa honek bi helburu nagusi ditu: ekoizpen prozesuan sagardogileak egin duen lanaren balioa nabarmentzea eta botilaratutako sagardoaren kalitatea saritzea, bai ikuspegi organoleptikotik bai analitikotik aztertuta.

 

Lehiaketako parte-hartzaileen sagardotegietako kupeletatik edo barriketatik hartu ziren laginak eta horiek Fraisoroko laborategian aztertu zituzten. Aurtengo sagardoetan 15 parametro neurtu dira, baina analitika fasean lau bakarrik hartu dira kontuan: azidotasun lurrunkorra, azukrerik gabeko guztirako estraktu lehorra, metanola eta glukosa-fruktosa. Sagardotegi bakoitzak aukeratzen zuen zein upeletatik hartu behar zen sagardoa eta bakoitzetik hamahiruna botila hartu ziren. Apirilean jaso ziren botila horietatik bina Aldundiko Fraisoro laborategira bidali ziren aztertzera. Etiketa berdinak jartzen zaizkie botila horiei dastatze fasean identifikatuak izan ez daitezen. 

  

1383