Gazte Ekoliderrak: Jasangarritasunean eta lidergoan trebatu nahi duten 30 gazterentzako formakuntza programa
Gazte Ekoliderrak: Jasangarritasunean eta lidergoan trebatu nahi duten 30 gazterentzako formakuntza programa
Gazte Ekoliderrak: Jasangarritasunean eta lidergoan trebatu nahi duten 30 gazterentzako formakuntza programa
Izen-ematea gaur zabaldu dute, eta abenduaren 2ra arte luzatuko da.
Gaur ireki da Gazte Ekoliderrak formakuntzan izena emateko deialdia. Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak, UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioaren kolaborazioarekin, sustatutako programaren helburua gazteak jasangarritasunean eta lidergo gaitasunetan trebatzea da. 18 eta 30 urte arteko 30 gazte aukeratuko dituzte programan parte hartzeko, eta bi erakunde antolatzaileek % 80an bekatuko dute haien formakuntza. Izen-ematea zabalik egongo da abenduaren 2ra arte.
Lurra deika ari zaizu
Egungo krisi klimatikoari eta gizarte krisiari aurre egitea eta etorkizun jasangarria lortzea premiazko erronka da. Aurtengo Gazte Ekoliderrak deialdiaren leloak azpimarratzen duen moduan, lurra deika ari zaigu. Horregatik, jasangarritasunean interesa duten gazte aktiboak trebatzea eta inplikatzea ezinbestekoa da, eta hori da formazio programa honen lehentasunezko helburua.
Programa 3 dimentsiotan banatzen da: trebatu, ekin, izan. Ezagutzak zabaltzeko ez ezik, gazteak ekintzarako ahaldunduko dira, eragile aktibo bihurtu daitezen. Izan ere, honakoa jasangarritasunean eta eraldaketarako lidergoan oinarritutako formakuntza eta bizitza ibilbidea da.
Jasangarritasunaren markoan, besteak beste, kontsumo berde eta zirkularra, eko-feminismoa, fiskalitate eta finantza berdeak, eraldaketa energetikoa, bioaniztasuna, etab. gaietan sakonduko dute ikasleek. Lidergoari dagokionez, lidergo pertsonala, talde lidergoa; dialogoa eta entzutea eta lidergo eraldatzailea… landuko dira. Azkenik, gazteen jarrera aktiboa sustatzeko, besteak beste, berrikuntza sozialaren kontzeptuaz aritzeaz gain eraldaketan ari diren agenteekin harremantzeko eta ekintza zuzenak antolatzeko aukera izango dute.
Eta trebakuntzan landutako gaien inguruko ideiak errealitate egin ahal izateko parte hartzaileek prototipo bat gauzatzeko pausoak emateko aukera izango dute bidelagun eta tutoreen laguntzaz. Ibilbidean zehar jasangarritasunean, lidergoan eta ekintzailetzan adituen koordinazio-taldea izango dute alboan. Bakoitzaren aurrerapausoen jarraipen zuzena egingo dute, eta aholkuak eman.
José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak honako hau azpimarratu du: “Belaunaldi berriak kezkatuta eta sentsibilizatuta daude klima-aldaketaren aurkako borrokan eta jasangarritasun-irizpideak barneratuko dituen gizarte- eta ekonomia-ereduaren aldaketan”. Gaineratu du: “ahalmen eraldatzaile handiko eragile giltzarriak dira, eta etorkizun iraunkor eta berderako trantsizioa bultzatzen lagunduko dute”.
30 gazteren bila
Formakuntza bekatuta dago % 80an. Formazioaren jatorrizko prezioa 2130 € dira pertsonako, baina parte-hartzaileek 390 € ordainduko dituzte guztira. Plaza kopurua mugatua da: guztira 30 gaztek izango dute parte hartzeko aukera.
Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzei dagokienean, ezinbestekoa izango da elebidunak izatea (euskaraz ulertzeko gaitasuna eduki beharko dute), eta saioen %80an parte hartzea ezinbestekoa izango da.
Izen-ematea gaur, urriak 17, zabaldu dute, eta abenduaren 2ra arte luzatuko da. Kutxa Ekogunearen webgunearen eskuragai dago informazio guztia eta izena emateko formularioa.
Kakun Orbegozo, Kutxa Fundazioko ordezkariak adierazi du “jasangarritasunaren inguruan aktibatzeko interesa duten gazteek aberasten dute ibilbidea. Kideen arteko aniztasunak, bizi esperientziek eta helburu ezberdinek elkar elikatzen ditu eta aldaketa eragiteko nahiak batu”.
Itziar Alkorta, UIK-ko zuzendari akademikoak adierazi du poz handia dela aurten Ekoliderrak ikastaroaren bigarren edizioa eskaini ahal izatea. "Donostia Sustainability Forum ekimenaren barruan kokatzen dugu formazio-eskaintza hau, gazteen etorkizuneko lidergo eredua finkatzen lagunduko duena. Gazteak, ekoliderrak, dira etorkizuna."
Formakuntzaren programa
2023 urtarriletik ekainera, aurrez-aurreko saioak, online saioak eta banakako lanketa egiteko aukera izango dute partaideek, sei hilabetez. Aurrez-aurreko saioen artean, egun eta erdiko 3 egonaldi egingo dira formazioaren baitan. Konbibentzia asteburuetan 3 gai nagusiak landuko dira: lidergo pertsonala, prototipazioa eta ekintza. Ibilbidearen helburua norberak bere helburua argi izanik ikastarotik haratago jasangarritasunaren alde ekiten jarraitzeko bide orria irudikatzea baita.
Aurrez-aurreko saio eta topaketak
- Egun eta erdiko 3 egonaldi
- 3 orduko 7 saio presentzial
Online saioak
- 15 zuzeneko/aurrez grabatutako saio
- Hitzaldiak, ariketak eta sakontzeko baliabideak
- Online komunitatean eztabaidak
Banakako lanketa
- Ariketak (learning by doing)
- Proiektuaren garapena
- Garapen pertsonalerako hausnarketa
Gazte Ekoliderrak ekimeneko pasa den urteko proiektuetako bat “GazteJasa” egitarauan bertan txertatuko da gazteen aktibazio gune bezala. Eta pasa den edizioko kideek programaz kanpo sortutako proiektuei eta ideia berriei forma ematen jarraituko dute. Eta aurtengo kideak ere sarea indartzen jarraitzea espero da etorkizunean.
Izan ere, Gazte Ekoliderrak jasangarritasunean interesa duten gazteen elkargunea da. Amaia Erauskinen esanetan, 2021 edizioko parte-hartzailea, “Ekolider izatea, modu batean edo bestean, Euskal Herrian sare bat sortzea da. Nire ustez, gazteak oso aktiboak gara, gauza eta ideia oso politak ditugu,eta batzuetan ez dugu lekurik gauza horiek plasmatzeko eta planteatzeko. Gazte Ekoliderrak oso interesgarria da horrelako proposamenak eta horrelako ideiak planteatzeko eta aurrera eramateko”.
Aintzane Plazak, 2021 edizioko beste kide batek hurrengoa dio “Gazteok ezin dugu amore eman, etorkizuneko eraldakuntza gure eskuetan dagoelako. Gazte Ekoliderrak, aldaketa personal bortiza suposatu du niretzat. Ikastaroa pentsamendu batzuekin hasten duzu, eta ibilbide amaieran zure eskema mental guztiak apurtzen dituzu edota osatzen dituzu”.
Gazte Ekoliderrak formazioak aukera eskaintzen die gazteei euren curriculuma sendotzeko eta lidergoaren eta jasangarritasunaren esparruetan nabarmendu diren norbanako eta profesionalekin saretu eta konektatzeko. UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) akreditatutako programa da, eta honez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko GK Recycling eta GK Green Fashion clusterrekin eta Kutxa Fundazioko talentuaren programekin saretuta dago.
3689