Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gazteak ahaldundu eta parte hartzera deitu ditu Markel Olanok, “korronte populistei aurre egiteko”

Gazteak ahaldundu eta parte hartzera deitu ditu Markel Olanok, “korronte populistei aurre egiteko”

Youth 2019 ekimenak ikasleak eta erakundeetako arduradunak elkartu ditu Batzar Nagusietan.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gazteei dei egin die “parte hartu, ahaldundu eta pentsamendu kritikoa” garatu dezaten, honela “pertsonen ongizatea eta bizikidetza demokratikoarekin amaitzea xede duten korronte populistei aurre egin ahal izateko”. Gaienera, foru arduradunak nabarmendu du gazteenen parte hartzeak berebiziko garrantzia duela, herritarrak politikarengandik inoiz baino urrunago baitaude, eta beraien ekarpenekin “oinarritik eraikiko delako Gipuzkoa, Euskal Herria eta Europa: behetik hasi eta goraka”. 

            Olano Batzar Nagusietan izan da gaur, Youth 2019 programaren azkeneko saioan parte hartzen. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren testuinguruan kokatzen da ekimena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen du, Europar Batasunarekin elkarlanean. Topaketak 40 gazte inguru lurraldeko erakundeetako arduradun nagusiekin elkartu ditu. Ekitaldian Arrasate, Donostia (Nazaret), Zarautz eta Urnietako ikasleak egon dira. Erakundeen aldetik, diputatu nagusiarekin batera, parte hartu du Xabier Ezeizabarrena, Batzar Nagusietako presidenteak; Eider Mendoza, Gobernantza foru diputatuak; eta foru Ganberan ordezkaritza duten talde ezberdinetako bozeramaileak.

            Azken hilabeteotan, 17 eta 23 urte bitarteko 600 gazte gipuzkoar inguru politikara eta arduradun politikoengana gerturatuko dira Youth 2019 programa honi esker. Honela, 10 youthworkshop edo mintegi egin dira lurraldeko herri desberdinetako ikastetxe eta lanbide heziketako zentroetan: Donostia (2 ikastetxe), Urnieta, Zarautz, Eibar, Arrasate eta Tolosa. Hauetan udal arloko eta Aldundiko teknikari eta politikariek hartu dute parte, Europar gaietan aditu diren pertsonekin batera. Topaketa hauetan hautatu dira gaurko batzarrean parte hartu duten ikasleak. Azken ekitaldi honetan, arduradun politikoei galdetu diete kezkatzen dieten gaien inguruan eta, atera dituzten ondorioekin, Europar Batasuna hobetzeko proposamenak biltzen dituen dekalogoa osatu dute. Txosten hau Europako erakundeetara bidaliko da aurki.

            Gazteek mahai gainean jarri dituzten gaiak honako hauek dira: migrante eta pertsona errefuxiatuen krisiari erantzuteko neurriak eta politikak martxan jartzea; pentsioen sistemaren kudeaketa hobetzeko neurriak bultzatzea; Europa mailan, heziketa profesionaleko zikloen homologazio erreal eta bateratua lortzea; ikasketak amaitu dituzten gazteak lehen enplegua lortzeko neurriak sustatzea; gazteen eta politikarien arteko lankidetza guneak sortzea, honela bi talde hauen arteko elkarrizketa bultzatuz; Europa mailan alokairu politikak garatzea, gazteen emantzipazioa errazteko; ekonomia ezkutua hobetu kontrolatzeko sistemak sortzea; Europan dauden hizkuntza gutxituak babestu eta sustatzea; ezberdinek diren pertsonekiko tolerantzia areagotzea helburu duten neurriak egiterako orduan, gazteen iritzia kontutan hartza; eta klima aldaketari aurre egiteko neurriak.

            Olanok, bere hitzaldian, Youth 2019 programak izan duen ibilbidearen oso balorazio positiboa egin du, bereziki ikastetxe eta formakuntza zentroetan egin diren mintegiak azpimarratuz. Ekimenaren helburua gazteriaren partaidetza sustatzea da, eskubide osozko herritarrak bezala jokatu dezaten. “Aldi berean, politikari eta erabaki hartzearen arduradunekin interakzioa, harremana eta ekimenak partekatzea sustatu nahi da. Azkenik, erakundeek zer egiten duten eta zertarako balio duten ere mahai gaineratu diegu, udaletatik hasi eta Europa mailako erakundeetaraino”, esan du foru arduradunak.

 

Etorkizuna, gazteekin

Gobernantza diputatuak, bere aldetik, adierazi du esperientzia “aberasgarria” eta “oso positiboa” izan dela. Mendozak ikastetxeetan egin diren hainbat mintegitan hartu du parte eta, azaldu duenez, beti da positiboa herritarrekin egotea eta dituzten proposamen eta kezkak entzutea, kasu honetan gazteenenak. “Hau da garatzen ari garen gobernantza eredu ireki eta elkarlanekoarekin bultzatzen ari garena, eta honen adierazlerik argiena da Etorkizuna Eraikiz programa. Honen bitartez, herritarrengana gerturatzeko ariketa egiten ari gara, dituzten kezkak entzun eta gizarte osoari eragiten dioten eta estrategiko bezala identifikatu diren erronkei erantzun zehatzak ematen ari gara”, azaldu du.

            Honela, gogoratu du foru programa honen helburu nagusia etorkizuneko Gipuzkoa eraikitzea dela, gizarte antolatuarekin eta herritarrekin elkarlanean. “Helburu honetara ezingo ginateke iritsi gazteenen ahotsa ahaztuko bagenu”. Honela, Gipuzkoako Foru Aldundiak honen antzeko eztabaida foroak bultzatzen jarraitzeko duen konpromisoa berretsi du, non arduradun politiko eta instituzionalek belaunaldi berriekin bat egingo duten. “Elkarlanean aritzea Gipuzkoaren DNAn dago eta, Aldunditik eta Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez, Youth 2019 programak eman digun bezalako elkarrizketa eremu interesgarriak garatzeko lanean jarraituko dugu. Esperientzia oso baliagarria izan da, eta ziur nago politika publikoak hobetzen jarraitzeko balioko digula”, amaitu du.

  

2463