Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gazteek STEM-ekin lotutako profesioak eredutzat izateko liburuxka-bilduma

Gazteek STEM-ekin lotutako profesioak eredutzat izateko liburuxka-bilduma

Euskal Herriko zientzia- eta teknologia-alorreko hainbat profileko enpresa eta erakundeetako profesionalek egindako lanketaren emaitza dira.

Gazteak zientzia eta teknologiarekin lotutako profesioetarako inspiratzeko liburu-bilduma bat aurkeztu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elhuyarrek, gaur, foru jauregian egindako agerraldian. Bertan izan dira Imanol Lasa, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, Jon Abril, Elhuyarreko zuzendari nagusia, eta Aitziber Lasa, Elhuyar STEAM hezkuntzako arduraduna eta proiektuaren gidaria. Gazteen artean zientzia eta teknologia sustatzea du helburu hiru liburuxkaz osatutako bildumak, eta Euskal Herriko alor horietako hainbat profiletako enpresa eta erakundeetako profesionalen arteko lanketaren emaitza dira.

Talentua eta ikaskuntza bultzatzeko Aldundiaren dirulaguntzacdeialdiaren barruan aukeratutako proiektua da, eta Elhuyarrek garatu du. Eustaten arabera, Euskadin, lau urtean, % 16,6 ikasle gutxiago matrikulatu dira STEM ikasketetan. LHtik eta unibertsitatetik irtendako ikasleen % 39 ziren alor horietan titulatutakoa. Errealitate hori are nabarmenagoa da emakumezkoen kasuan: STEM adarrak aukeratzen dituzten ikasle neskak sartu berrien totalaren % 9 baino ez dira LHn, eta unibertsitatean, % 31. Joera hori ez dator bat profesionalen eskariarekin; izan ere, azken bi urteotan, LHtik etorritako STEM profilen enpresa-eskaria % 56 hazi da, eta STEM unibertsitate-profilena, berriz, % 25.

Imanol Lasak ezinbestekotzat jo du egoera hori aldatzea. Haren esanetan, etorkizuneko lanpostuen % 80an beharrezkoak izango dira STEAM konpetentziak. “Ez dakigu nolakoa izango den mundua hemendik hamarkada batzuetara, baina jakin badakigu zientziari eta tekonologiari lotutako ezagutzak eta gaitasunak ezinbestekoak izango direla sektore ekonomiko guztietan, eta gizartearen erronka berriei erantzuteko. Ezagutza eta kualifikazioa dira etorkizuneko ongizatearen eta lehiakortasunaren giltzarriak”. 

Pandemiak ekarritako krisiaren aurrean, “zientzia eta teknologiaren aldeko apustua indartu beharra” azpimarratu du. “Martxan diren trantsizio erraldoietan, digitalizazioan esaterako, atzean gelditu nahi ez badugu, 4.0 talentua landu behar dugu gaztetatik, eta alor horretan dugun genero-arrakalari ere aurre egin. STEM alorraren inguruan estereotipoak apurtu eta informazio eraginkorra ematen duten ekimenak behar ditugu, eta horretan datza, hain zuzen, Elhuyarrek garatu duen hau. Bete-betean egiten du bat Gipuzkoaren beharrekin eta Aldundiaren lehentasunekin”.

Jon Abrilek, Elhuyarreko zuzendari nagusiak, azpimarratu du zer garrantzitsuak diren bizipenak eta komunitatea. “Ikerketa guztiek erakusten dute bizipenek eragiten dutela gazteen etorkizunera begirako asmoetan, adibide errealak ezagutzea, rol-ereduak ezagutzea, STEM profesioekin lotutako jarduera ahalik eta modurik errealenean ezagutzea eta protagonista gisa bizitzea. Horretarako, ezinbestekoa da zientzia- eta teknologia-sare osoaren parte-hartzea eta konpromisoa, eta, orobat, asmo horietara begira lan egiteko metodologiak eta ezagutzak garatzea”. Hain zuzen, gaur aurkeztu diren liburuxkak elkarlanaren emaitza direla gaineratu du. “2019ko otsailean abiatu zen prozesuan hainbat profiletako enpresa eta erakundeetako profesional bildu ginen:  irakasleak, ikertzaileak, garapen-agentzietako kideak, berrikuntzarako eragileak, ikerketa-zentroetako kideak, zientzia-dibulgatzaileak, gazteen aisialdiko eragileak…”.

Pernan Goñiren ilustrazioez eta azalpen-testuez osatutako hiru liburuxkako bildumaren inguruan, Elhuyar STEAM hezkuntzako arduradun eta proiektuaren gidari den Aitziber Lasak eman ditu xehetasunak. Hiru liburuxkak zientzia.eus/steam webgunean egongo dira eskuragarri, doan deskargatzeko:

STEAM hezkuntza eta STEM profesioak gazteak inspiratzeko: STEAM hezkuntzaren definizioak berekin dakarren hezkuntza-ereduaren aldaketaren gakoak biltzen ditu liburuxkak: XXI. menderako konpetentziak; neskak, emakumeak eta STEAM; zergatik STEAM; ikastetxeetan, zer da STEAM, eta ikastetxeetatik kanpo?

STEAM proiektuak egiteko IDEIAK, gazteak inspiratzeko: gazteek zientzia- eta teknologia-proiektuak egiteko tresnak, ideiak, azalpenak eta baliabideak bildu dira liburuxka honetan.

STEM profesionalak gazteak inspiratzeko: STEAM hezkuntzaren proposamenean STEM profesionalen ereduaren figura sortzen da, eta aztertu da eredu horiek nola eraikitzen ditugun edo nola eraiki beharko genituzkeen. Gazteen etorkizunerako asmo profesionaletan zerk eragiten duen aurkezten da, eta gazteen eta profesionalen arteko topaketak bideratzeko lanean ari garen eragileen arteko hausnarketa eta praktika eredugarrien aurkezpena egiten da liburuxka honetan.

Amaitzeko, Aitziber Lasak azaldu du STEAM hezkuntzaren inguruko zabalkundea abiatuko dutela euren sare eta webguneetan. Horretarako, aste honetatik aurrera, Pernan Goñik ilustratutako komiki-zintak argitaratuko dira Elhuyarren sare sozialetan eta zientzia.eus webguneko STEAM hezkuntza atalean (zientzia.eus/steam).  Horrez gain, STEAM hezkuntzaren inguruko albisteak, erreportajeak, adituei elkarrizketak edota bideoak ere bilduko ditu webgune horrek.

 ‘Gluoien Mahaia’

Liburuxka-bilduma “Gluoien Mahaia” proiektuan barneratzen da. Proiektu honen bitartez, STEM profesionalak biltzen dituzten eta gazteentzat inspirazio-iturri bilakatu nahi duten horien arteko lankidetza-sarea eraikitzen ari da Elhuyar. Sarea eragile hauek osatu dute: CRECIM (Centre de Recerca per a l’Educació Científica i Matemàtica), Debegesa, Iraurgi Berritzen, Innobasque, DIPC (Donostia International Physics Center), CFM (Materialen Fisika Zentroa), CIC nanoGUNE, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, Bizilabe eta Danobat Group.

Eragileei “gluoi” izena jarri diete Elhuyarrentik, atomoen barruan quarkak lotzeko gluoiek egiten duten kola-efektuarekin antzekotasunean inspiratuta, eta hortik proiektuaren izena.

  

2271