Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea GIBa duten pertsonen eta haien etorkizuneko erronkak aztergai, Acasgi eta Harri Beltza elkarteekin

GIBa duten pertsonen eta haien etorkizuneko erronkak aztergai, Acasgi eta Harri Beltza elkarteekin

Hiesaren aurkako Munduko Egunaren testuinguruan, Acasgi eta Harri Beltza elkarteek prebentzio eta sentsibilizazio lanetan jarraitzeko deia egin dute, COVID-19ak beste gaixotasun batzuk "eklipsatu" dituelako, hala nola GIBa.

Gaur, abenduaren 1a, Hiesaren aurkako Munduko Eguna dela aprobetxatuz, gaixotasun horren arretan, prebentzioan eta sentsibilizazioan lan egiten duten Gipuzkoako elkarteek indarrak batzen jarraitzeko deia egiten dute, pandemia egoera honetan ere, GIBaren inguruan “sentsibilizatzeko eta hura prebenitzeko, COVID-19ak beste gaixotasun batzuk eklipsatu baititu”. Joseba Errekalde Harri Beltzako presidenteak, Paqui Lucha Acasgiko kideak eta Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak egin duten bileran, COVID-19ak eragindako testuinguru honetan GIBak erasandako pertsonek eta haien ingurukoek gaur egun bizi duten egoera izan dute mintzagai, eta  arlo horretan lan egiten duten elkarteek atzemandako etorkizuneko erronkak eta horiei nola aurre egin aztertu dute.

          Maite Peñak Harri Beltza eta Acasgi elkarteek Hiesaren aurkako borrokan egiten duten "ezinbesteko" lana azpimarratu du, baita pandemiaren testuinguru honetan ere, "betiere egokitzeko gaitasunarekin, arretaren, laguntza psikosozialaren, prebentzioaren sustapenaren eta detekzio goiztiarraren bidez",  eta ez bakarrik kaltetutako pertsonei zuzenduta, baita haien inguruneari ere.  Ibilbide luzeko elkarteak dira, eta urteak daramatzate birusak kutsatutako pertsonen bizi kalitatea hobetzeko borrokan.

          Tratamendu antirretrobiralari esker, GIBa duten pertsonek biztanleria orokorraren antzeko bizi itxaropena dute. Azken urteetako datuek erakusten dutenez, kutsatutakoen kopuruak behera egin du; hala ere, "gaixotasunak gure gizartearen parte izaten jarraitzen du, eta, beraz, erantzunak bilatzen jarraitu behar dugu, erasandako pertsonei eta haien ingurukoei beharrezko laguntza eskainiz, bai osasun arloan, bai gizarte mailan", azpimarratu du diputatuak.

          ACASGI eta Harri Beltza elkarteek abenduaren 1ean soilik ikusten den arazoa ez izatea eskatu dute, eta sentsibilizazioan, kontzientziazioan eta, batez ere, prebentzioan sakontzearen alde egin dute, "azken urteotan aurrerapauso handiak eman diren arren, GIBak kutsatutakoen bizi kalitatea hobetzeko borrokan jarraitu behar dugulako". Orain, gainera, Hiesak, XX. mendeko izurritea izan denak, beste pandemia batekin bizi behar duela adierazi dute. "Gaixotasun honi beldurra galdu zaio, ikusezin bihurtu da, eta orain COVID-19ak eklipsatuta dago, beste hainbat gaitz bezala".  Horregatik, prebentzio eta detekzio goiztiarreko lanean, proba diagnostikoa egiteko deia egin dute, test azkarren bidez. Proba horiek Osakidetzaren prebentzio kanpainan sartuta daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 50 farmaziek parte hartzen dute.

  

1334