Menu nagusira joan Eduki nagusira joan
Atzealdea

Gipuzkoa, BikeFriendly sariduna, emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzeagatik

Foto Gipuzkoa, BikeFriendly sariduna, emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzeagatik

Gipuzkoa, BikeFriendly sariduna, emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzeagatik

Mugikortasuneko foru departamentuak Kalapie eta Bizikume erakundeekin elkarlanean sustatutako “Gaur nire txanda da” ekimena, emakumeen artean eguneroko bizitzan bizikleta erabiltzea sustatzeko, saritu du “Hezkuntza eta Sustapena” kategorian Bizikletaren aldeko Hirien Espainiako Sareak.

Gipuzkoa, BikeFriendly sariduna, emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzeagatik

“Gaur nire txanda da” ekimena, Mugikortasuneko foru departamentuak Bizikume eta Kalapie txirrindularien elkarteekin elkarlanean bultzatua, emakume txirrindulariei ikusgarritasuna ematea eta ahalduntzea eta beren eguneroko bizitzan bizikleta erabiltzera bultzatzea helburu hartuta, BikeFriendly Sarietan saritu du Bizikletaren aldeko Hirien Espainiako Sareak “Hezkuntza eta Sustapena” kategorian, hezkuntzaren, estimuluaren, komunikazioaren edota informazioaren eremuetan aurrera eramandako ekintzak garatzeagatik; herritar guztiei zuzendutako ekintzak, eta bizikleta egunero erabiltzea oztopatzen duten eragozpen eta aurreiritzi guztiei aurka egiteko bideratuak.

Gipuzkoa beste 15 hautagairen aurretik kokatu da, horien artean nabarmentzekoak: Bartzelona, Valentzia, Bilbo, Palma Mallorcakoa, Valladolid edo Murtzia. Emakumeen artean bizikleta garraiotzat hartuta mugikortasunari emandako bultzada horrengatik “Gaur nire txanda da” ekimenak aurretik ere jaso izan du Guztiok Mugituz Saria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun departamentuak emana, eta orain gure lurraldeko mugak zeharkatu eta maila nazionalean aintzatetsia izan da Espainian bizikletaren erabilerarekin zerikusia duten sari garrantzitsuenetako batean.

Mugikortasuneko foru diputatu Marisol Garmendia sozialistak nabarmendu duenez, “oso pozik gaude ekimen honi eman zaion sariagatik, Aldundiko Mugikortasun departamentutik Gipuzkoan bizikletaren erabilera, bereziki emakumeen artean, sustatzeko egiten ari garen ahalegina saritzea esan nahi baitu. Benetako saria, ordea, hauxe izan da: Gipuzkoako ehunka emakume programa honetan parte hartzen aritzea lortzea, gure lurraldean, besteren artean, Irunen, Tolosan, Andoainen, Errenterian eta Oiartzunen aurrera eramaten ari garen programa honetan. Ehunka emakume ari dira parte hartzen bizikletaz egiten diren irteeretan, solasaldietan eta tailerretan, gero eta emakume gehiago izan daitezen beren eguneroko bizitzan bizikleta erabiltzen dutenak garraiobide jasangarri eta osasungarri gisa. Horixe da benetako saria, ‘Gaur nire txanda da’ programak jasotzen duena.

Garrantzizkoa da gogora ekartzea foru bidegorrien sarean txirrindularien populazioan, generoaren arabera banatuta, desoreka nabarmena dagoela oraindik; % 80tik gora gizonak dira eta emakumeak, berriz, % 20 baino gutxiago. Hala, Garmendia diputatuak adierazi duen bezala, alde hori “murrizteko hartu dugu erabakia, inolako zentzurik ez duelako. Emakumeok gara garraio publikoaren erabiltzaile nagusiak eta gainditu egin behar dugu bizikletaren erabilera normalizatuan orain dagoen arraila, maila berean egoteko. Horretarako, ‘Gaur nire txanda da’ bezalako ekimenak funtsezkoak dira arraila horri azkena emateko. Bizikletaren aldeko Hirien Espainiako Saretik sari hau jaso izanak, berriro ere, erreferente gisa kokatzen du Gipuzkoa bizikletaren erabilera sustatzeko politika aktiboetan.”

Gainera, Gipuzkoa, emakumeen artean bizikletaren erabilera sustatzeko proiektu honekin, berdinduta geratu da Bartzelonarekin Berrikuntzaren kategorian. Sari-banaketa ofiziala datorren astelehenean, martxoaren 4an, izango da Bilbon; bertan egingo du Bizikletaren aldeko Hirien Sareak bere biltzarra, Hiriko Bizikletaren I. Topaketaren barruan.