Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa Cooperak zinema-tailerrak sustatzen ditu

Gipuzkoa Cooperak zinema-tailerrak sustatzen ditu

Argentinako 250 bat ikaslek hartu dute parte 2017an, Donostia Zinemaldiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duten proiektu honetan

250 bat gaztek parte hartu dute Gipuzkoa Cooperaren zinema-tailerretan. Donostia Zinemaldiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duten proiektu horren helburua ikus-entzunezkoak sustatzea da, gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden ikasleak dituzten eskolei zuzenduta.

Azken urteetan, hainbat GKEek jasotzen dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza, prekarietate-egoerak nozitzen dituzten herrialdeen eta kolektiboen garapenerako lankidetzan egiten duten lan funtsezkoa dela medio. «Ezinbesteko lana da, baina laguntza eta elkartasun premiak gero eta handiagoak dira, eta, gainera, gure gizartearen zati handi batek modu aktiboagoan parte hartzeko eskatzen du. Beraz, lankidetza Gipuzkoara hedatzeko urratsa ematea erabaki genuen», azaldu du Harkaitz Millanek, Kultura eta Nazioarteko Lankidetzako diputatuak.

Gipuzkoa Coopera programa 2017an sortu zenetik, Mar del Platako (Argentina) 37. Bigarren Hezkuntzako Eskolak gidoiak idazten erakusteko tailerrak, irudiak eta soinua grabatzeari buruzkoak, etab., eskaini ditu, Ione Hernándezek gidatutako profesionalen eskutik.

Zinemagile donostiarrak gainbegiratuta, ikasleek hamar bat film labur egin dituzte, tartean, fikziozko lanak, 37. Eskolako LGTBI komunitateari buruzko dokumentalak eta ama diren ikasleen esperientziari buruzkoak.

Proiektua, Argentinako Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen Institutu Nazionala-INCAAk parte hartzen duena, Donostia Zinemaldiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen dute; beharrezkoa den materiala eman dute –kamerak, leiarrak, argiztapen- eta soinu-kitak, grabagailuak, mikrofonoak…–, ikasleak gai izan daitezen ikus-entzunezko obra bat hasi eta buka sortzeko.

Ione Hernándezen hitzetan, proiektu «zeharo aberasgarria da» errealitate familiar eta sozial latzetan dauden ikasleentzako, zinemari esker, «beste bizitza posible batzuetarako ateak» topatzen baitituzte. «Esperientzia inpaktuzkoa da haientzat, haien identitatearen eta desiren protagonista eta partaide bihurtzen baititu. Kamerak aukera ematen die bere istorioak eurek beraiek kontatzeko, duten garrantziaz jabetzeko eta bizitzan zeresana eta zeregina badutela ohartzeko», diosku.

Prestakuntza jarraituan oinarrituta, programak gordean zeuden bokazioak azaleratu ditu 37.aren ikasleen artean. Mar del Platako zinema-jaialdian lanok aurkezteaz gain, ezagutzak partekatu dituzte gertuko ikastetxe batzuekin, horretarako propio sortutako foroan (Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeen Ikus-Entzunezkoen Topaldia). «Ikasleak beraiek gogo eta arima jardun dira. Lankidetza-proiektuaren agente aktibo eta aldaketa-eragile dira euren komunitateetan», gehitu du Hernándezek.

Donostia Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosentzat hauxe izan da bere ibilbide profesionaleko proiektu «eder eta garrantzitsuenetako bat». «Nahi genukeeskola horri laguntzen jarraitu, baina gure helburua da aldundiarekin lan egitea, 2021ean proiektua Latinoamerikako beste ikastetxe batekin abian jartzeko», aurreratu du.

Millanek aipatu duenez, programa horren bidez, aldundiak «lankidetzaren errelatoa eraiki eta partekatu» nahi du «herritar guztiek barnera dezaten», Agenda 2030en garapen jasangarriko helburuetan ezartzen denaren arabera. «Zeregin horretan, Zinemaldiaren konplizitatea funtsezkoa izan da; eskola umil bat, solairu bakarrekoa eta izenik gabea, ikasgela txikietan haur-eskolatik batxilergora arteko eskolak ematen zirena, topaleku eta babesleku bihurtu zen. Espazio bizi hori ezagutzeko zortea izan dugu, eta euren bizitzen eta ingurunearen protagonista bihurtu diren gazteon grinaren lekuko izatekoa», berretsi du diputatuak.

GIPUZKOA COOPERARI BURUZ

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Coopera proiektua 2017an jarri zuen martxan, garapenerako lankidetza bultzatzeko, esparru horretan jardun ohi ez diren baina lurraldean bertan nahiz kanpoan sendo errotuta dauden erakundeak inplikatzearen bidez.

Donostia Zinemaldiaz gain, Gipuzkoa Cooperan arte, kultura, zientzia, kirol eta gastronomiaren arloetako sei erakunde gipuzkoar ospetsuk parte hartzen dute: Kukai Dantza Taldea, Tabakalera, Donostia International Physics Center, Real Sociedad Fundazioa eta Karlos Argiñanoren Aiala Ostalaritza Eskola. Nork bere lankidetza-proiektua gidatzen du herrialde batean.

 

 

 

  

1378