Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoa, dinamika positiboan

Gipuzkoa, dinamika positiboan

"Etengabeko gataztatik atera eta Lurraldea martxan jartzen lagundu dugu", esan du Markel Olano

Markel Olano eta Denis Itxaso prentsaurrekoan

"Gipuzkoa etengabeko gatazkatik atera dugu aurrerabidean, dinamika positiboan jartzeko", nabarmendu du Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Markel Olanok, amaitzen ari den 2015 urteari buruz irakurketa egiteko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatu Denis Itxasorekin batera egin duen agerraldian. Bat etorri direnez, legealdi berriak ekarri duen "ulermen, irekiera eta lankidetza" giroak eta Foru Gobernuak lurraldeko kontu eta koska nagusien aurrean erakusten ari den determinazioak "Gipuzkoa etorkizuneko erronkei berme guztiekin aurre egiteko kokalekuan jartzen dute".

Ekainean foru erakundearen gidaritza hartu zutenetik, gobernuak legealdi osorako "abiapuntu sendoa" sortu duela azpimarratu du Markel Olano Diputatu Nagusiak eta, aldi honetan, kudeaketa eta gobernu jarduna gidatzen duten eta gidatuko duten bide-orriak osatu dituela: Kudeaketa Plana, Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko Plana eta datorren urteko aurrekontuak.

"Lehengo inprobisazioaren ordez orain plangintzaren bitartez egiten diegu aurre Gipuzkoako erronkei. Lehengo liskarra eta mesfidantza, oraingo elkarlana eta konfiantza bihurtu ditugu", adierazi du Markel Olanok. Gidatzen duen lan-taldeak, Diputatu Nagusiak azpimarratu duenez, gipuzkoarren beharrei entzun eta, "lehenengo minututik eta determinazio osoz", lurraldeko erronkei eta arazoei "sendo" ari zaie erantzuna eman eta konponbidean sartzen, beti ere "hiritarrekin eta eragile ezberdinekin elkarlanean" eta "autokonplazentzian erori gabe".

Oinarri honetatik abiatuta, esan du Olanok, lurraldearen bi erronka nagusiei aurre egiten ari zaio Foru Aldundia. Batetik, ekonomiaren susperraldia bultzatzea –bereziki "enpresen lehiakortasuna sustatzea"– eta, bestetik, lurraldeko gizartearen elkartasunean sakontzea. Azken puntu honetan, jakinarazi duenez, Foru Aldundia lanean ari da "Gipuzkoa Europa mailan desberdintasun sozial txikienak dituzten lurraldeen artean egoten jarrai dezan".

Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatu Denis Itxasok azpimarratu duenez, berriz, arazo nagusiei aurre egin eta "lurraldea blokeotik ateratzeko" oinarriak jarri ditu Foru Gobernuak 2015ean zehar. Aurrerapauso horien artean aipatu ditu, esate baterako, Pasaiaren berreskuratze integrala bultzatzeko ekintzak, Donostialdeko metroa eta hondakinen arazoari irtenbidea aurkitzeko martxan jarritako prozesu osoa.

"Euskal erakundeen osotasunarekin eta Estatuko erakundeekin erlazioa berreskuratzeko" Foru Aldundiak erakutsi duen gaitasuna ere nabarmendu du Denis Itxasok, Tabakalera eta Kultur Hiriburutzan egindako kudeaketak erakusten duen moduan, "proiektu horiek hiritarrengandik urruntzea ekarri zuten ezinegonez betetako garai garratzen ondoren".

Amaitzeko, Itxasoren iritziz, oso zaila da konfiantza eta elkarlan giro bat sortzea, zeinetan planifikazioak inprobisazioari gain hartzen dion, lankidetza espiritu hori gobernuak berak barneratzen ez badu. "Foru Gobernuak tresna eta jarrera berriak eman dizkio bere buruari, garai berriei hobe egokitzen direnak, etengabe elkarri entzuteko eta parte-hartzeari bidea emateko. Momentu honi ezin diogu alde egiten utzi, Gipuzkoak definitiboki aurrera egin dezan".

  

1246