Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Gipuzkoa, elektromugikortasunaren arloko 70 erakusketari eta 1.500 profesionalen topagunea

Gipuzkoa, elektromugikortasunaren arloko 70 erakusketari eta 1.500 profesionalen topagunea

Azaroaren 27an eta 28an egingo da Ficoban Go Mobility azoka, mugikortasun jasangarriari eta energia metaketari buruzko Europa hegoaldeko lehenengo industria azoka, profesionalei eta enpresei zuzendua.

Foto Gipuzkoa,...

Azaroaren 27an eta 28an, 70 erakusketari eta 1.500 bisitari profesional elkartuko dira Go Mobility azokan, zeina etorkizuneko mugikortasun jasangarriaren Europa hegoaldeko lehenengo industria erakustazoka baita, mugikortasun jasangarriaren eta energia metaketaren esparruan lanean ari diren profesionalei eta enpresei bereziki zuzendua.    Azokak 12.000m2 hartuko du Ficoban, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan abian jarri duen MUBIL estrategiaren barruan kokatzen da, Gipuzkoa elektromugikortasunaren esparruan erreferente bihurtzeko asmoz.

 «Go Mobility ikaragarrizko aukera da Gipuzkoak elektromugikortasunaren esparruan duen ahalmena erakusteko, bertako eta nazioarteko eragileak bildu eta beraien arteko harremanak bultzatzeko» adierazi du Ainhoa Aizpuruk, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak. Elektromugikortasunak zeregin «benetan garrantzitsua» betetzen du eta «aukera paregabeak» eskaintzen ditu Gipuzkoako mugikortasun jasangarriaren eta energia metaketaren sektoreko industriaren etorkizunerako.

«Gipuzkoan apustu sendoa egin dugu mugikortasun sektorearen alde, batik bat, mugikortasun jasangarriari eta energiaren metaketari dagokionez. Hain zuzen ere, Go Mobility azokaren helburua da gure lurraldean dugun potentzial guztia biltzea, enpresa aitzindari eta eragileez gain, industria laguntzaile garrantzitsuak ere baititugu» azaldu du Ainhoa Aizpuruk. Horren adibide dugu MUBIL estrategia, Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun elektrikoan eta energia metaketan nazioartean industri erreferente bihurtzeko sartu dena, hainbat eragileren arteko lankidetzan oinarrituta. «Go Mobility profesionalentzat eta nazioartekoa izatea aukera bikaina da MUBIL estrategia sustatzen jarraitzeko, bai lurraldeko eragileekin eta bai kanpotik datozenekin» esan du Aizpuruk.

70 erakusleku egongo dira, horien artean, besteak beste, parte hartuko dute enpresa aitzindariek, fabrikatzaileek, industria laguntzaileek, hornitzaileek, klusterrek, unibertsitateek, ikerketa zentroek, elkarteek eta erakunde publikoek.  Bi egunez, 1.500 profesionalek erakusketarien proposamenak ezagutzeko aukera izango dute, agenda paraleloan garatuko diren jarduerak ikusteaz gain.

Etortzekoak diren bisitarien artean, gehienak Gipuzkoakoak eta Euskadikoak dira, baina ikusten denez, estatuan ere oihartzuna izan du deialdiak, ia autonomi erkidego guztietatik ari baitira jasotzen izen emateak. Atzerriko bisitariei dagokienez, gehienak Frantziatik datoz, baina Alemania, Txile, India, Israel, Italia, Portugal eta Erresuma Batuko ordezkariak ere etorriko da.

Lan sektoreen ikuspuntutik, bisitari gehienak administrazio publikoetakoak, aholkularitza enpresetakoak, teknologia eta ikerketa zentroetakoak, mugikortasun iraunkorreko konponbide integralak eskaintzen dituzten enpresetakoak, fabrikatzaileak, eta bidaiarien garraio publikoko eta pribatuko eragileak dira.

Agenda paraleloa: hitzaldiak, posterrak eta ibilgailuak probatzeko gunea

Jardunbide egokiak, proposamenak eta arrakasta duten kasuak ezagutzeko asmoz, hainbat ekimen jarri dira abian azokako programaren osagarri. Izan ere, azokaren alderdi erakargarrienetakoa, erakusketarientzat zein bisitarientzat, hizlariak dira, besteak beste, honako hauek izango ditugu:  Michael Liebreich, Liebreich Associates enpresako lehendakari eta zuzendari exekutiboa; Claudia Peñaranda, Londresko metropoliko bizikleta bideen sare estrategikoa lehenetsi zuena; Isabel Büschel, garraio eta ingurumeneko aditua; Arturo Pérez, AEDIVEko zuzendaria; Jaime Rodriguez de Santiago-Concha y Argos, Bla Bla Car enpresako zuzendari nagusia; Paul Broos, mugikortasun elektrikoko aditua; Daniel Serra, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko CARNETeko zuzenari exekutiboa; eta Arantxa Tapia, Ekonomia Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, zeinak hitzaldi bat emango duen Euskadik mugikortasun jasangarriaren alde egin duen apustuaren inguruan.

Aldi berean, azaroaren 27an, goizez, hiru orduz, City Market Place gunean bederatzi hiritako ordezkariek mugikortasun jasangarriari buruzko beren kasuak eta erronkak azalduko dituzte, gai horri buruzko jardunbide eta proiektu onenak ezagutarazteko, hauek, hain zuzen: Dublin, Bordele, Bilbo, Donostia, Madril, Tesalonika, Gasteiz, Irun eta Eskoziako Dundee, oraindik orain ibilgailu elektrikoentzako Europako hiririk lagunkoiena izendatu dutena.  Proiektuak mikroaurkezpen gisa aurkeztuko dira; topaketan enpresa pribatuek ere parte hartuko dute, balio handiko lankidetzak proposatzeko mugikortasun jasangarriaren esparruan.

            Ikusteaz gain, esperimentatzeko aukera ere egon dadin, Ficobako kanpoko eremuan ibilgailuak probatzeko gune bat egokituko da; bertan, autobus elektrikoak, ibilgailu elektrikoak, hibridoak eta gas ibilgailuak zein zama azpiegiturak jarriko dira ikusgai -merkatuko modelo berritzaileenak-, eta horiek ikusteko eta gidatzeko aukera emango zaio jendeari, eta gidatze erakustaldiak ere egingo dira.

Era berean, esparru bat gorde bat mugikortasun jasangarriko Europako proiektuak poster formatuan jartzeko, eta, beste batean, parte hartzen duten enpresek hitzaldi teknikoak eta produktuen erakustaldiak egingo dituzte sektoreko azken aurrerapenen berri emateko.

Azkenik, azaroaren 28an, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika klusterrak Garraio Adimendunen Sistemen Euskadiko IX. biltzarra egingo du, mugikortasuna optimizatzera zuzendutako garraio sistema adimendunak ardatz hartuta. Biltzar honetan Euskadin mugikortasunaren eta garraioen teknologien esparruan lanean ari diren enpresa eta eragileek parte hartuko dute, eta sektoreko azken aurrerapenen berri emango da proiektu berritzaileenak aurkeztuta.

Merkatua sortzen erosle gonbidatuekin

Go Mobility azoka profesional bat da eta helburuetako bat da merkatua sortzea mugikortasun jasangarriaren eta energia metaketaren inguruan; helburu horrekin estatu mailako zein nazioarteko erosle gonbidatuentzako programa bat antolatu da, eta 50 dira etortzekoak direnak. Gehienbat, datozen 24 hilabeteetan sektore horietan inbertsioak egitea aurreikusten duten enpresa, erakunde eta administrazioak dira. 

            Azokak interes handia piztu du mundu zabalean eta dagoeneko jakinarazi dute hemen izango direla, besteak beste, Alemania, Belgika, Txile, Kolonbia, Ekuador, Frantzia, Britainia Handia, Grezia, Irlanda, Mexiko eta Uruguaiko erosle potentzialek.

  

404