Ogi-apurra

Eduki publikatzailea

Atzealdea Gipuzkoak 2020an galdutakoa berreskuratu eta 2021eko zerga bilketa % 15,2ko igoerarekin itxi du

Gipuzkoak 2020an galdutakoa berreskuratu eta 2021eko zerga bilketa % 15,2ko igoerarekin itxi du

Foru erakundeak aurreko ekitaldian baino 705,2 milioi gehiago jaso ditu.

2022/01/26

Gipuzkoako zerga bilketa metatua % 15,2 hazi zen 2021ean, aurreko urtearekin alderatuta. Zehazki, 5.340,1 milioi euro bildu ziren, aurreko urtean baino 705,2 milioi euro gehiago. Horrela, Gipuzkoak 2020an galdutako guztia berreskuratu du. Urte hartan, pandemiaren iritsieraren eraginez, jarduera ekonomikoa nabarmen kaltetu zen, zerga bilketaren jaitsiera eraginez. Orain, zerga-bilketaren hobekuntza bi arrazoi nagusik azaltzen dute: batetik, iaz lurraldeko ekonomiak izan zuen susperraldia, agertokian zeuden zailtasun guztiei aurre eginez; bestetik, Gipuzkoako Foru Ogasunak 2021ean izan zituen ezohiko diru-sarrera batzuk, aurreko urteetako erregularizazio batzuen ondorioz. Horrela, lurraldeak 2019ko datuak ere hobetu ditu, pandemiaren iritsi aurreko urtea, 316 milioi gehiago bildu baitzituen (+%6,3).

2021 eta 2020aren arteko alderaketara itzulita, sarrera gordinak % 12,6 gehitu dira eta itzulketak % 3,7. Zuzeneko zergak % 9,6 igo dira, zeharkako zergak % 16,9 eta Estatuarekin egiten diren doikuntzak % 37,4. Datuak zergaz zerga xehatuta, Errentaren gaineko Zergaren esparruan, Foru Ogasunak 135 milioi euro gehiago bildu zituen lan etekinengatik (+%7,8), neurri batean pasa den urteko maiatzean eta uztailean izandako ezohiko sarrerengatik. PFEZaren balantze osoa ere positiboa da, aurreko ekitaldian baino 141,5 milioi gehiago bildu baitira (+%7,4). Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, enpresen mozkinak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbiaren sarrerak 41 milioi igo ziren: sarrera gordinak 6,1 milioi murriztu ziren, eta itzulketak 47,1 milioi jaitsi.

Bestalde, Foru Aldundiak kudeatzen duen BEZari dagokionez, bilketa % 18 handitu zen, hau da, 212 milioi gehiago jaso ziren: diru-sarrerak 94,4 milioi handitu ziren ( % 6,3); 118,7 milioi gehiago itzuli ziren ( % 16,6); eta lurralde arteko doikuntzak 236,3 milioi gehiago izan ziren ( % 58,8). Zerga berezien kapituluan, berriz, Hidrokarburoen gaineko Zergaren bilketa % 19,1 igo da, hau da, 82 milioiko hobekuntza aurreko urtearekin alderatuta. Bestalde, Tabako-laboreen gaineko zergaren bilketa % 9,3 jaitsi da, hau da, 10,5 milioi gutxiago. Estatuarekiko doikuntzen ondoriozko bilketa metatua, aurreko urtearen aldean, 161,8 milioi igo da BEZean eta 3,4 milioi murriztu da zerga berezietan.

  

1805